Batxillergoko eta Lanbide Heziketako zenbait ikasle maiatzaren 18an bueltatuko dira ikasgeletara
Itzulera mailakatua izango da. Maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da, jantoki zerbitzua ez dute emango eta atsedenaldiak txandaka hartuko dituzte.
Hezkuntza sailak hezkuntza sistema osatzen duten hainbat eragilegaz bilera egin du goizean, eta Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du eguerdian. Sailburuak esan du euren ustez, “sentikorrenak diren ikasturteak” lehenetsi dituztela, batez ere titulu bat eskuratzen delako edo goi mailako ikasketetara igotzeko aukera ematen dutelako. Horregatik, DBH 4ko, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak ikasgeletara itzultzea aurreikusi dute.
Horien itzulera mailakatua izango da. “Osasun egoerak aukerarik” ematen badu, maiatzaren 18an Batxillergoko 2.mailakoen, Lanbide Heziketako Goi Mailako 1. eta 2. mailetakoen eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2.mailakoen txanda izango da. Maiatzaren 25ean, berriz, ikasgeletara bueltatuko dira DBH 4.mailakoak, Batxillergoko 1.mailakoak eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako 1. ikasturtekoak. “Maiatzaren 18an ikasgeletara itzultzea posible ez balitz, aipatutako guztiak hilaren 25ean bueltatuko lirateke”, zehaztu du Uriartek.
Maiatzaren 25etik aurrera, “Hezkuntza Bereziko ikasteletxeei eta ikasgela terapeutikoei” dagokienez, nahi duten familiek aukera izango dute euren seme-alabak eroateko, Osasun sailak esaten duen baldintzetan. “Zentro bakoitzak bere ezaugarrien arabera ikasleen presentziarengan bultzatuta dituzten jardueren inguruan hartuko ditu erabakiak”.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko gainontzeko ikasleak hurrengo ikasturtera arte ez dira zentroetara itzuliko.
Osasun neurriak. Zentroetan maskarillak erabiltzea derrigorrezkoa izango dute ikasleek, irakasleek zein gainerako langileek, eta ikasleek 1,5 m-ko tartea mantendu beharko dute elkarren artean. “Beraz, ikasgelaren tamainaren arabera, ikastetxeak espazio gehigarri bat erabiltzea beharrezkoa ote den ikusi beharko du”.
Jantoki zerbitzurik ez da egongo, eta atsedenaldira txandaka aterako dira, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten. Era berean, sarrera eta irteerak “mailakatuta” antolatu beharko dituzte. “Jantoki zerbitzua egongo ez denez, ikastetxeek euren ohiko ordutegiak egokituko dituzte. Irakaskuntza presentzialak egunean 5 orduko ordutegi trinkoa izango du aipatutako hezkuntza mailetan”.
Ebaluaketak era egokian egiteko bermeak daudela azaldu du sailburuak: “Zentro bakoitzak bere egoeraren arabera ezarriko du ebaluazio-sistema, eta zenbait erreminta helarazi dizkiegu. Gainera, dena Ikuskaritza zerbitzuak gainbegiratuko du”.
0-1 urte. Familia kontziliazioa erraztu nahi dute, eta Haurreskolak Patzuergoaren bidez 0-1 urte bitartekoei zuzendutako zerbitzua maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran berrezarriko dute, baina familia jakin batzuentzat bakarrik. Guraso edo tutoreek “funtsezko esparruetan” lan egiten ari direla edota “menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzearen ardura” dutela frogatu beharko dute. “Osasun sailarekin lanean ari gara beharrezko neurriak zehazteko. Lana eta familia uztartzeko berariazko zerbitzua eskaini nahi dugu Haurreskolak Patzuergoaren bidez. Osasun neurriek zerbitzua mugatzera behartu gaituzte”.
Hurrengo ikasturte hasieragatik ere galdetu diote Uriarteri, baina oraindik ez dute erabaki. Lehentasuna oraingoa nola amaitu erabakitzea izan dela esan du: “Iraila hurbil dago, baina urrun. Osasunak esango digu ze baldintzetan bueltatuko garen. COVID-19aren kasuen garapenaren eta osasun sailaren gomendioen araberakoa izango da ikasturte hasiera. Ikasle guztiak eskola presentzialetara itzultzea da gure nahia; ikusi beharko da normaltasun osoz bueltatzen diren edo baldintza jakin batzuekin”.
Gaurko batzarra. Ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteagaz, familien ordezkariekin, hezkuntza patronalekin, sindikatuekin eta Euskadiko Eskola Kontseiluarekin aztertu dute hezkuntza sistemaren egoera goizean. Ikasturte amaieran ikastetxeetara itzultzeari eta deseskalatze prozesuari dagokionez, Hezkuntza sailan lantzen ari diren irizpideak jakinarazi dizkiete, “Osasun sailak aztertu eta bermatu” dituen irizpideak, hain zuzen. “COVID-19a agertu zen lehen egunetik, Osasun sailak helarazi dizkigun gomendioek gidatu gaituzte, eta horrela jarraituko dugu”, esan du Uriartek.
Sailburuaren berbetan, hezkuntza oinarrizko zerbitzua izanik, eure asmoa beti izan da aurrez-aurreko eskola jarduera berreskuratzea: “Bistan denez, oraindik ezin dugu ikasgeletan normaltasuna berreskuratu, baina egungo egoerak aukera emango digu maila jakin batzuek ikasturtea ikasgeletan amaitu dezaten”.
OPEa. Bestalde, gaurko agerraldian lan deialdi publikoagatik ere galdetu diote Hezkuntza sailburuari. Proba era egokian egin ahal izateko osasun irizpidetik bermeak dituztenean egingo dutela esan du, beste behin. Azterketak aurten egin gura dituztela berretsi du, baina COVID-19aren garapenak baldintzatuko dituela. Erabakia sindikatuekin hartuko dutela nabarmendu du.