Foru aldundiak beharginek euskara lantzeko proiektua abiarazi du
Berbanet proiektua abiarazi du, telematikoki hizkuntza landu ahal izateko. Programa horrekin lortu gura dute foru-sail denetako langileek hizkuntzaren erabileraren jarioa handitzea
Bizkaiko Foru Aldundiak euskarazko mintzapraktika egiteko aukera emango die erakunde horretako langileei. Horretarako, Berbanet proiektua abiarazi du, telematikoki hizkuntza landu ahal izateko. Programa horrekin lortu gura dute foru-sail denetako langileek hizkuntzaren erabileraren jarioa handitzea, euskara erabiltzeari beldurra kentzea eta lan-eremuan euskaraz hitz egiteko ohitura finkatzea. Era berean, mintzamenaren eta ahozko ulermenaren maila hobetzea ere badu xede egitasmoak.
Berbaneten lehen edizio hau edizio pilotua da, eta irailetik Euskaraldiaren 2020ko edizioa amaitu arte garatuko da, hau da, abenduaren 4ra arte. Ekainaren 1era arte egongo da irekita izena emateko epea.
Zehaztu dutenez, saioak bikoteka egingo dira. Horrela, euskaraz aritzeko ohitura gutxi izan eta maila hobetu gura duten pertsonak (berbalariak) euskaraz hitz egiteko ohitura handiagoa dutenekin (berbalaguna) batuko dituzte. Azken horrek, berbalagunak, elkarrizketan berbalariari laguntza emango dio. Bikote bakoitzeko kideak astean behin jarriko dira harremanetan, telematikoki, 30 minutuz euskaraz hitz egiteko. Bideo-konferentziak, telefono-deiak, bideo-deiak erabiliko dituzte jardunerako. Bikote bakoitzak erabakiko du saioa egiteko asteko eguna eta ordua.
Foru aldundiak jakinarazi du Berbaneten parte hartzeko ez dela euskara-titulurik behar, baina zehaztu komeni da berbalariak gutxienez B1 maila izatea (1. hizkuntza-eskakizuna). Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak bulego tekniko moduan jardungo du egitasmoak dirauen bitartean: saioak bultzatu eta dinamizatuko ditu eta haien jarraipena egingo du.