Eskulan tailerra eta irakurraldia antolatu ditu Foruko kultur etxeak
Eskulan tailerra zapaturako antolatu dute; irakurraldia, berriz, domekan izango da. Biak sarean egingo dituzte, Jitsi plataformaren bitartez.
Joan den asteburuan arrakastatsuak izan zirela eta, asteburuan errepikatu egingo dute. Foruko J.M. Torrealdai Kultur Etxeak umeentzako eskulan tailerra eta irakurraldia antolatu ditu. Kultur Etxean batu ezin direnez, sarean egingo dituzte biak, Jitsi plataforma erabilita.
Eskulan tailerra, familian egitekoa izango da. Zapatuan izango da, 18:00etan hasita. Aurreko asteburuan egin modura, hiru eta zazpi urte bitarteko umeek guraso batekin parte hartu ahalko dute tailerrean. Adin horretatik gorakoek, berriz, bakarrik ere parte hartzeko aukera daukate. Tailerrean erabiliko dituzten materialen berri edukitzeko edo argibide gehiago jasotzeko 688 86 68 89 telefono zenbakira deitzeko edo WhatssAppez mezua bidaltzeko eskatu dute. Horretarako azken eguna bihar izango da [maiatzak 7].
Domekan, berriz, irakurraldiaren txanda izango da; 18:00etan jarri dute ordua. Lehenengo 5 urtera bitarteko umeek parte hartuko dute ipuinaren irakurraldian, eta ondoren arituko dira 6 eta 9 urte bitartekoak. Aurreko telefono zenbaki berdinean eman beharko da izena, eta argibideak ere horretan emango dituzte. Irakurraldian parte hartu gura dutenek, zapatua [maiatzak 9] izango dute izena emateko azken eguna.