Alarma egoera beste bi astez luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak
EAJk hiru baldintza ipini dizkio Sanchezi: pandemiaren aurkako neurriak erkidegoekin adostea eta neurri horiek erkidegoetako presidenteek ezartzea, Madrilek hauteskundeak "erraztea" eta Trebiñun gertutasun irizpideak kontuan hartzea Arabako zerbitzua jaso dezaten.
Alarma egoera maiatzaren 23ra arte (egun hori barne) luzatzeko proposamena egin du gaur [maiatzak 6] Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Kongresuan, eta onartu egin dute; laugarrenez onartu dute alarma egoera luzatzea. Dena dela, Sanchezek esan du “printzipioz” beste bi astez luzatuko dela. Izan ere, esan du deseskaladaren fase guztiak amaitu arte alarma egoera indarrean egotea “neurririk eraginkorrena” dela.
Proposamena bozkatzerakoan oztopoak egon zitezkeela jakinda, Sanchez azkar ibili da bozketa egin aurreko orduetan, eta atzoz geroztik akordioa itxi zuen Ciudadanosekin. EAJk, ostera, gaur goizean [maiatzak 6] baieztatu du bere babesa, akordioa itxita. PP alarma egoera luzatzearen kontra bozkatzekoa bazen ere, jarrera aldatu eta, zenbait erkidegoetako buruek hala eskatuta, abstenitu egin da.
Alarma egoera luzatzeko proposamena babesteko, EAJk hiru baldintza ipini dizkio Sanchezi: pandemiaren aurkako neurriak erkidegoekin adostea eta neurri horiek erkidegoetako presidenteek ezartzea, Madrilek hauteskundeak “erraztea” eta Trebiñun gertutasun irizpideak kontuan hartzea Arabako zerbitzua jaso dezaten.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak Euskadi Irratian azaldu duenez, Sanchezek bere alderdiaren baldintzak onartu izana ona da, printzipioz: “Ikusiko dugu gero nola gauzatuko den”.
Mugikortasuna probintziara barik, autonomia elkartera mugatzea nahi du Jaurlaritzak. “Malgutasun neurriak onartu beharko dituzte”, esan du Erkorekak, eta gaineratu du larrialdi egoerak ez duela oztopatzen hauteskundeak egitea.
OMEren oharra. Bestalde, Osasunaren Munduko Erakundeko (OME) Zuzendari Nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek ohartarazi du konfinamendutik ateratzeko prozesua gaizki kudeatuz gero, litekeena dela berriz ere ezarri behar izatea. Aukera hori “oso erreala” dela esan du, eta neurriak tentuz hartzeko eskatu du.
- Aldeko botoa eman dutenak (178 boto):PSOE, Podemos, Ciudadanos, EAJ, Mas Pais, Coalicion Canaria, PRC eta Teruel Existe.
- Aurkako botoa eman dutenak (75):Vox, ERC, Junts per Catalunya eta CUP.
- Abstenitu direnak (97):EH Bildu, PP, Navarra Suma eta BNG.