Aritz Abaroa: "Egin dugun esfortzuak merezi egin du; orain ezin dezakegu zapuztu"
Busturialdean koronabirus positibo gehien dituen herria da Bermeo (129). Datuok aztertu ditu HITZAk Bermeoko alkateagaz.

Zelan darama Bermeok koronabirusa?
Unean une sortzen diren beharrizanei erantzuna ematen gabiltza, lehentasun argi bategaz, pertsonak. Arlo horretan arreta berezia jartzen ari gara egiten diguten gomendioei kasu egin eta egoerari aurre egiten, ikaragarrizko esfortzuagaz.
Busturialdean positibo gehien daukan herria da Bermeo. Zein izan daiteke arrazoia?
Herrian bi zaharren egoitza dauzkagu. Egoitza publikoan, ez dago kasu positiborik; pribatuan, hala ere, egon dira, eta horrek egiten du datuak gora egitea. Osasun Saileko adituekin harremanetan gaude etengabe, eta Bermeon alarma piztea eragiten digun kasuistika berezirik ez daukagu. Egoitzako positiboek igo dute ehunekoa. Egoitzetan positiboak dauzkaten beste herri batzuetako datuekin alderatuta, ikusten dugu herri horiek beste batzuekin alderatuta gainetik daudela. Eskualdeko herririk handiena gara eta normala ere bada kasurik gehienak edukitzea. Hala ere, ez da egon ezaugarri berezirik eta jarraipena egiten gabiltza, egongo balitz, neurriak hartzeko.
Herritarrek ondo bete al dute konfinamendua?
Orokorrean, bai. Egunak aurrera joan ahala, geroz eta gogorragoa da denontzat konfinamendua; herritarrei eskerrak eman gura dizkiet, batez ere, ahalegin berezia egiten ari direnei. Azken egunetan, hala ere, lasaitasun apur bat nabaritu da. Eskatu gurako nuke ez dezagula atzerapauso bakar bat ere eman. Egin dugun esfortzuak merezi egin du, eta orain, ezin dezakegu hori zapuztu. Orain, gutxi-gutxika irteten gabiltza, eta interpretazioak egiteko aukerak ere badaude. Kontzientzia, zentzua eta erantzunkizuna eskatzen ditut; osasuna eta etorkizuna jokoan daude.
Herritarrek kalera ateratzeko baimena izanik, garbiketak indartuko dituzue?
Aspaldi hartu genituen garbiketa eta desinfekzio lanak indartzeko neurriak; ez hori bakarrik, indartzeaz gain, ekipamendu berriak ekarri ditugu azken lekuraino iristeko; hau da, irisgarritasun zailena daukaten lekuak ere desinfektatzeko. Bide horretatik jarraituko dugu, eta arreta handia jarriko dugu jenderik gehien dabilen lekuetan. Ez gara lasaituko.
70 urtetik gorakoentzako kanpaina martxan dago. Hortik behera eta arriskua dutenei begira zer edo zer badago?
Kanpainaren baitan maskarak banatzen dira, baina ez da helburu nagusia. Zaintza eta jarraipenerako programa bat da. Gaixotasun honek kolektibo batzuengan eragin handiagoa daukala badakigu, eta horrek kezkatzen gaitu. Hainbat egun daramatzagu konfinamenduan, telefonoz jarraipena egiten bazaie ere, arrazoi desberdinak tarteko, batzuek ez dituzte euren beharrizanak transmititzen eta horiek antzeman gura ditugu. Honegaz jarraituko dugu, eta ikusiko dugu aukerarik dagoen kanpaina zabaltzeko.
Momenturen batean datuek onera egingo dute. Zer eskatuko zenieke herritarrei mehatxua baretzen denerako?
Zentzuz jokatzea, atzera ez egiteko. Bestalde, egoera honek denongan eragina izan badu ere, sektore batzuk gehiago ikutu ditu, euren negozioak itxi beharra edo beste modu batera lan egin beharra eduki dutelako. Horrek egoera eta eszenatoki berriak sortu ditu. Orain arte beste egoera latz batzuetan egin dugun modura, orain erakutsi behar dugu Bermeo eta bermeotarren txanda dela.
Alkate modura, zelan kudeatzen da horrelako krisi bat?
Egoera berria da denontzat. Plangintza eta aurrekontua onartuta zeuden. Dena nahastu da orain, eta buelta ematea tokaten zaigu. Udal gobernuarentzako une gogorra da; kezkatuta gaude herriagatik, herritarrengatik eta herriaren egoera ekonomikoagatik. Lo asko kendu bai, baina pozik eta harro sentitzen zara herriak erantzun egiten duela ikustean.
Alkateok zelako babesa duzue honi aurre egiteko?
Jendea jakitun da egoeraren berezitasunaz, eta baloratu egiten dute esfortzua. Ziur nago beti ez dugula asmatzen, baina egiten duguna asmorik onenagaz egiten dugu, horregatik jendeak transmititzen digun indarra garrantzitsua da. Bestalde, garrantzitsua da erakundeen arteko kolaborazioa, eta hori une guztietan dago bermatuta, bakoitzak bere esparrutik lan egiteko eta elkarri gomendioak emateko.