Maskarak banatzen ari dira garraio publikoan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 282.000 maskara banatuko dituzte garraio publikoan; gaur hasi dira eta bihar jarraituko dute. Bermeon, Herri Babesako boluntarioak dabiltza maskarak banatzen.
Gaurtik aurrera derrigorrezkoa da garraio publikoan maskarak erabiltzea. Hala, Segurtasun Sailak babes zibileko boluntarioen bidez, 282.000 maskara banatuko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Jakinarazi dutenez, Osasun Ministerioak emandako maskara horiek lurralde historiko bakoitzeko biztanleriaren eta aurreikusitako bidaiari kopuruaren arabera banatuko dituzte. Modu horretan, 148.000 maskara banatuko dituzte Bizkaian, 92.000 Gipuzkoan eta 42.000 Araban. Bermeon Herri Babesako boluntarioak ari dira maskarak banatzen. Euskotren eta Bizkaibuseko geltokietan ibili dira.
Segurtasun Sailetik gogorarazi dutenez, banatzen ari diren maskarak higienikoak dira, eta ez sanitarioak. Hortaz, erabili eta botatzekoak dira. Nahiz eta maskara erabili, ahal denetan, agintari sanitarioek aholkatutako urruntze fisikoa eta gomendatutako higiene-neurriak betetzea gomendatu dute, gainera.