Gizon bat atxilotu dute Bermeon, pertsona bat labanaz erasotzeagatik
Biktima ere inputatu egin dute, lesio arinak leporatuta. Biek polizia aurrekariak dituzte.
Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean Bermeon, istilu batean parte hartzea eta arma zuri batekin pertsona bat zauritzea leporatuta. Biktimari ere lesioak leporatu zizkioten, atxilotua makulu batekin jotzeagatik.
Morondo kalean gertatu zen istilua. Udaltzaingoa eta Ertzaintzako agenteak hurbildu ziren lekura behin deia jasota, eta gizonezko bat ikusi zuten odoletan. Beste gizonezko bat, berriz, arnasa hartzeko zailtasunekin zegoela diote.
Pertsona horiek Ertzaintzari azaldutakoaren arabera, hainbat minutu lehenago diru kontu batengatik istilua izan zuten ezagun batekin. Segurtasun Sailetik azaldutakoaren arabera, gizonezkoak esprai batekin aurre egin, eta labana batekin bi labankada eman zizkion haietako bati.
Erasotzaileak ere kolpe bat hartu zuen buruan, biktimetako batek makulu batekin jo baitzuen. Hori guztia kontuan hartuta, arma zuriarekin eraso egin zuen gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak, lesio delitua leporatuta. Bestalde, aurpegian eta bizkarrean ebakiak zituen pertsona inputatu zuten, lesio arinak leporatuta.
Biek polizia aurrekariak dituztela jakinarazi dute, eta Herritarren Segurtasunerako Legea ezarriz, biei hainbat espediente abiarazi dizkiete; horietako bat alarma sanitarioaren ondorioz, konfinamenduak ezartzen duen dekretua ez betetzeagatik.