Gernika RT Ohorezko Mailara igotzeko aukera barik geratu da
Denboraldia amaitzea erabakita, play off-ak jokatzeko aukera baztertu, eta federazioak Getxo RT zuzenean mailaz igotzea erabaki du. Klub gernikarrak errekurtsoa aurkeztea aztertuko duela iragarri du.
COVID-19ak sortutako ziurgabetasun egoerari aurre egiteko, Espainiako Rugby Federazioak Getxo RT Ohorezko Mailara igotzeko erabakia hartu zuen eguen gauean [apirilak 30]. Segituan heldu ziren Ohorezko B Mailako taldeen erreakzioak; klub gehienak ez daude ados erabakiagaz.
Egungo egoeran liga amaitutzat ematea “logikoa” dela esan dute Gernika Rugby Taldearen ordezkariek, baina igoeraren erabakia “ez dela justua” deritzote. Gernika RTri zuzen-zuzenean eragin dio erabakiak. Izan ere, sailkapenean bigarren mantendu da etenaldia egon arte, eta beraz, talde gernikarrak ez dauka inolako aukerarik Ohorezko Mailara igotzeko. “Desilusio itzela da, play off-ak jokatzeko eta igoera lortzeko gogoz zegoen taldea”. Azken unera arte, play off-ak jokatuko zirenaren esperantza eduki dute, eta horregatik, “esfortsu ekonomiko itzela” eginda, taldeko jokalariak mantendu dituztela zehaztu dute klubaren arduradunek.
Kolpe gogorra da taldearentzat eta klubarentzat, eta erabakitakoaren inguruan nolabaiteko hausnarketa bat egiteko, errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari dira: “Ebazpena erabat irregularra da, eta, ondorioz, kalte egin diezagukeen neurrian, legez ezarritako bideetatik inpugnatzea aztertuko dugu. Kontutan izan behar dugu, gure taldeak beste taldeek baino partidu bat gutxiago zuela jokatua. Vigoren aurkako partidua atzeratu egin zen eta ez dugu izan aukerarik jokatzeko”.
Gernika Rugby Taldearentzat, federazioak zorroztasun falta “izugarria” eduki du eta erabakia “arauz kontrakoa eta koherentzia gabea” da: “Federazioaren azalean jartzea ez da erraza. Argi zegoen hartutako erabakia, ez zela denon gustukoa izango, baina hartutako erabakiak argi uzten du arrazoiketa eta justifikazio sakonago baten beharra”.
Zuzendaritza Batzordearen ustez, igoera barik amaitzea litzateke egokiena, hau da, Ohorezko B Mailako talde denek hurrengo denboraldian ere maila horretan jarraitzea, talde bakar bat ere mailaz igo gabe: “Onartezina da Federazioaren Ordezko Batzordeak hori ez onartzea. Lehiari berrekiteko aukerarik ez dagoenez, irtenbide posibleetako bat igoera postua hutsik uztea dela uste dugu, eta irtenbide horrek babes juridikorik ez daukala argudiatu dute”. Gernika RTkoen ustez, baina, erabaki hori da oinarri juridikoa daukan bakarra.
Azaldu dutenez, Barruti eta Lehiaketen Erregelamenduak berariaz dio kategoria nazionalen igoerak eta jaitsierak egiteko kontuan hartuko direla federazioak lehiaketa bakoitzerako ematen dituen arauak. Horregatik, salatu dute federazioaren batzordeak, arauak aplikatu beharrean, bat-batean “arau berri batzuk asmatu” dituela, araututakoa ez dagoen “beste modu batean igotzeko erabakia” hartzeko: “Liga bertan behera geratu den unean, fase erregularra ez denez amaitu, eta play off-a jokatzeko aukerarik ere ez denez egon, eztabaidaezina da talde bakar batek ere ez duela igotzeko eskubidea lortu lehiaketako arauen arabera. Erregelamenduak dioena aplikatu behar bada, igoera-postua hutsik geratu behar da da, nahitaez”.
Babesleen eta herriaren laguntza eta bultzadagaz hurrengo denboraldian igoera lortzea dute helburu. “Orain, hurrengo denboraldira begiratzea baino ez zaigu gelditzen. Ziur gaude hurrengo denboraldirako indartsuago, bizkorrago eta kementsuago egongo garela!”, azaldu dute klubaren arduradunek.