"Arrisku bazterketa edota pobrezia egoerak arintzeko" hamar programa garatuko ditu Jaurlaritzak
10 milioi euroko futsa bideratuko dute programetara, eta onuradunak hamar mila pertsona baino gehiago izatea aurreikusi dute.
COVID-19aren ondorioz eragindako arrisku-, bazterketa- edota pobrezia egoerak arintzeko, hamar programa garatuko dituzte, 10 milioi euroko funtsagaz. “Euskal Autonomia Erkidegoan hamar mila pertsona baino gehiago izango dira onuradunak. Programen bidez, izen-abizenak dituzten pertsonak izango dira onuradunak, bizitza proiektuak eta pandemiaren ondorioz eten behar ez diren etorkizuneko nahiak dituztenak. Programa hauekin, berehala erantzun nahi zaie ustekabeko eta premiazko beharrak edo pandemia azaleratu dutenei”, esan du Beatriz Artolazabal Albeniz Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaurko agerraldian.
Programa garatzeko zereginean, 50 bat gizarte erakundek, 200 profesionalek eta 1.000 boluntariok Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin elkarlanean jardungo dute, “pandemiak eragindako pobreziari erantzuteko”. Besteak beste, etxegabeei, bazterketa egoeran daudenei, egoitza zentroetan arreta jasotzen dutenei, adinekoei, gaixotasun mentalak eta adikzioak dituztenei lagundu nahi dietela nabarmendu du sailburuak.
Guztion Artean-Elkartasun Antolatuko Sarea programa martxan da dagoeneko, eta beste bost biharko Gobernu Kontseiluan onetsiko dituztela eta gainerakoak eraikuntza-fasean daudela zehaztu du: “Kontrasteko eta beharren lehen mailako hautematerako hasierako etapa hau amaitu dugu eta, aurrerantzean, elkarlaneko eta sareko lan horrekin lanean jarraituko dugu, baina lanean bertan. Hirugarren gizarte-sektoreko erakundeekin abian dugun etengabeko elkarrizketa horri eutsi eta finkatuko dugu”.
Hamar programekin honako helburuak bete nahi dituzte: baliabiderik ez duten familiei arreta ematea; kalteberatasun egoeran daudenentzako arreta psikologikoa; etxerik ez dutenen ostatua sendotu eta hobetzea, eta medikamentuak eta ordezko kontsumoak ematea.
Horrez gain, azaldu dutenez, “beste zenbateko zehatz batzuk” egongo dira, helburu hauetarako: babes materialen stocka sortzeko; osasun krisiaren ondorioz ostatua galdu duten pertsonentzako ostatu aukerak sustatzeko; pandemiaren eragina jasan duten prestakuntza prozesuetan dauden gazte atzerritarrentzako bizikidetza aukerak; lineako eskola berrindartzerako, eta Guztion Artean elkartasun sarea sustatzeko.
“Larrialdi unea igarota, erronka handi bat dugu aurrean: beharrizan berriak eta larriagotutako beharrizan zaharrak dituzten pertsona, familia eta kolektiboek konfinatuta jarraitzen dute. Orain erantzun eraginkorrak prestatu eta ibilbideak diseinatu behar dira, normaltasun berrira itzultzea gizarteratzeko eta oinarrizko eskubideak benetan erabiltzeko aukera izan dadin”, azpimarratu du Mikel Barturen Sareen Sareko koordinatzaileak (hirugarren sektore sozialeko sareen sarea).
Bost programa. Biharko Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan Azken Sarea Indartzen, Aterpeak, Erdu, Doluari arreta emateko eta Lineako Eskola Berrindartzea programak onetsiko dituzte.
- Azken Sarea Indartzen. Baliabide nahikorik ez duten familientzako oinarrizko beharrei erantzuteko laguntzari buruzko programa da. DSBEaren, EPOaren eta Eusko Jaurlaritzak gizarte larrialdiko laguntzetarako adostutako areagotzearen osagarria da, bai eta beste laguntza eta prestazio batzuen sendotzearena ere. Hari esker, hamahiru erakunde parte-hartzailek (besteak beste Caritas, Sidalava, Amuge edo Bizitegi) laguntzak edo prestazioak aurreratu ahalko dizkiete pertsonei eta familiei, zuzeneko transferentzien bitartez; betiere, horretarako, Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa balitz aurrerakinak kudeatzeko beharraren berri eman beharko diote. Edo elikagaien laguntzetarako bide eman dezakete, zuzenean, baliabiderik ez duten pertsonentzat. 4,9 milioi euro aurreikusi dituzte programa garatzeko.
- Aterpeak. Alarma egoeraren hasieran baliabide kolektiboetan ostatu hartu duten etxegabeen ostatu-baliabideak sendotu, dibertsifikatu eta hobetzea helburu duen programa da. Besteak beste Caritas, Gurutze Gorriak edo Bizkaisida (Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzordea) erakundeek, euren edo hirugarrene utzitako azpiegitura erabilgarriak erabilita, behar horiei erantzun diezaieketen proiektuak garatzea izango dute helburu. Jaurlaritzak, udalekin ados jarrita, baliabideak abian jartzeko proiektu txikiagoen (50 pertsona baino gutxiagokoak) garapena bultza lezake, besteak beste. 390.000 euroko aurreikusi dituzte programarako.
- Erdu. Alarma egoeran edo konfinamendu egoeretan medikamentuak eta ordezko kontsumoak ematekoa programa da. Erakundeetatik droga-mendekotasun edota osasun mentaleko arazoak dituztenei medikamentuak eskuratzeko erraztasuna emateko beharrari erantzugo dio, baita kontsumo alternatiboetarako bide emateko eta gatazkak prebenitzeko beharrari ere. Besteren artean, Gizakia, Etorkintza, Agipad edo Jeiki erakundeek, kontsumo-geletara jotzeko baimenak eskaini ahal izatea, farmaziek egunero medikamentuak emateko kudeaketak egitea edo erosketaz (hala badagokio) eta banaketaz arduratzea ahalbidetuko du. 375.000 euro aurreikusi dituzte.
- Doluari arreta emateko. Erakunde parte-hartzaileek, erkidegoan koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonen familiartekoei laguntzak eskaintzeko programa da. 303.000 euro aurreikus dituzte garatzeko.
- Lineako Eskola Berrindartzea. Aukerak Suspertzen ekimenaren bitartez, programa honen helburua da hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatutako eskola laguntzako jarduerak sustatzea, ikastetxeak ixteak arrisku egoerak eta eten digitaleko egoerak bizi dituzten adingabeetan izan dezakeen eragina (errendimendua murriztea, eskola-atzeratasuna…) murrizteko. 12 erakundek sustatuko dute, eta 375.000 euro aurreikusi dituzte programa garatzeko.
“Egungo egoeraren ondorioz ostatua galdu dutenentzako ostatu-aukerak eskaintzeko programan, esaterako, egoitza egoera ahulean dauden eta prestakuntza prozesu komunitarioa egiten ari diren gazte atzerritarrentzako irtenbideak jasotzea aurreikusten da, osasun-krisiaren ondorioz eten den gizarte- eta lan-integrazioko ibilbidearekin jarraitu ahal izateko”.
Bestalde, martxoaren 16an Caritasen eta Gurutze Gorriaren laguntzagaz martxan jarritako Guztion Artean herritarren lankidetza sareari esker, 700 pertsona baino gehiagok oinarri-oinarrizko beharrak asetuta dituela azpimarratu dute. 130.000 euroko aurrekontua dauka sareak.
Halaber, gogoratu dute aurreko asteko Gobernu Kontseiluan, kalteberatasun egoeran dauden pertsonentzako arreta psikologikorako Adi programa baimendu zutela, eta haren bidez, telefono bidezko zein aurrez aurreko (salbuespenezko egoeretan) arreta psikologikoa eskainiko dietela. 110.000 euro bideratuko dituzte programa horretara.