Garraio publikoan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea
Araua indarrean izango da astelehenetik aurrera. Gaur kirola egitera atera dira herritarrak
Espainiako presidente Pedro Sanchezek gaurko agerraldian jakinarazi du astelehenetik aurrera derrigorrezkoa izango dela maskarak erabiltzea garraio publikoa hartzeko. Beraz, Bermibusean eta Bidebusan ibiltzeko ere maskara beharko dute herritarrek. Larrialdi egoerak indarrean jarraitzen du, eta hori luzatzeko proposamena egin ostean, eguaztenean bozkatuko dute Espainiako Kongresuan.
“Ez dago B planik”, esan du Sanchezek, eta gaineratu du larrialdi egoera “koronabirusa garaitzeko tresna eraginkorra” dela. Horregatik, dei egin die gainontzeko buruzagi politikoei erantzukizunez jokatzera. Gaineratu du trantsizioa erkidegoetako gobernuekin koordinatzeko prest dagoela, eta jakitun dela konfinamendua arintzeko prozesuak alde biko elkarrizketak eskatuko dituela.
Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia eta Galizia aipatu ditu, larrialdi egoera luzatzearekiko zalantzak erakutsi dituztelako eta, horren harira, Espainiako agintariak azaldu du hori dela “tresna konstituzional bakarra mugikortasuna murrizteko”.
Espainiako presidentearen aburuz, luzapena onartu ezean, “osasun pubikoa ez ezik, gizartea eta ekonomia ere kaltetu daitezke”, eta horretaz jabetu beharko liratekeela agintariak.
Kirola egitera eta paseatzera. Konfinamendua hasi zenetik gaur [zapatua] lehenengoz, 14 urtetik gorakoak kirola egitera atera dira. Gainera, 70 urtetik gorakoek eta mendekotasunen bat dutenek ere kalera irtetzeko baimena izan dute. Haurrek kalean ordubete egoteko baimena dute apirilaren 26tik, baina maiatzaren 2az geroztik ordutegi baten barruan egin beharko dute: 12:00etatik, 19:00etara, egunean ordubete, kilometro bateko tartean eta heldu batek lagunduta.
Kirola egiteko, zein 70etik gorakoek eta mendekotasunen bat dutenek ere ordutegia bete beharko dute: 06:00etatik 10:00tara edo 20:00etatik 23:00etara paseatu daiteke, edo kirola egin.
70 urtetik gorakoek eta mendekotasunen bat dutenek 10:00etatik 12:00etarako tartean edo 19:00etatik 20:00etara egon ahalko dute kalean, ordubetez eta bizilekutik kilometro bateko eremuan. Bizikide batek lagunduta joan ahalko dute.
5.000 biztanletik beherako herriek baldintza berdinak bete behar dituzte, baina talde bakoitzak ordu zehatzik ez dauka. 06:00etatik 23:00tara, kirola egin dezakete, edo ordubetez paseatzera zein kalera atera daitezke.