"Hainbat hildakorekin ere, Trumpek garrantzia handia ematen dio ekonomiari"
New Yorken da Amaia Uribe (Forua, 1985), EITBren korrespontsala. Munduko herrialde boteretsuenetakoak pandemia nola bizi duen informatzeko ardura du. Hara joatea aldaketa handia izan dela aitortu du.
COVID-19 birusak eragindako osasun krisiak New Yorken harrapatu du Amaia Uribe kazetari foruarra.
Zein egoeratan zaudete orain?
Ez da eman konfinamendu bateratu bat, [Donald] Trumpek ez zuen pauso hori eman gura izan. Beraz, estatu bakoitzeko gobernadoreak hartu ditu erabakiak, leku batzuetan gogorragoak, besteetan arinagoak. New Yorken, adibidez, kalera atera gaitezke, aholkua etxean geratzea bada ere. Kalera ateraz gero, eskatzen dutena da distantzia gordetzea, jendearengana ez hurbiltzea eta, orain gainera, derrigorrezkoa da supermerkatuetara sartzeko maskarillak jartzea.
Eta horiek lortzeko arazorik izan duzue?
Bai, hasiera batetik agortuta egon dira, eta online erostea ere ezinezkoa da, hilabete edo bi hilabeteko epean bidaltzen dituzte. Beraz, gomendatu dutena da nork berea egiteko, edo ahoa bufalda edo zapiren batekin estaltzea.
Badira New Yorkek baino neurri zorrotzagoak dituzten estatuak?
Etxean geratzea ez da derrigorrezkoa inon, baina zenbait lekutan isunak jartzen ari dira. Washington hiriburuan, adibidez, paseatzera edo kirola egitera atera zaitezke, baina urruntze soziala bete ezean, 5.000 dolarreko isuna ordaindu behar duzu.
Eta AEBetako gizarteak ondo erantzun al du?
Konfinamendua hemen oso light da. Eguzkia ateratzen den bakoitzean parkea jendez betetzen da, baina distantzia soziala gordetzen dute: inor ez da beste inorekin sartzen igogailuan, kaletik oinez zoazenean jendea urrundu egiten da…Hori bai barneratu dute, baina kalean jendea ibili badabil.
Arriskua barneratu barik dute oraindik?
Nik uste dut oso urrun ikusi dutela Txinan eta Europan gertatu dena Gainera, hemen neurriak oso berandu hartu zituzten, Hasiera batean Trumpek ez zuen serio hartu mehatxua, eta benetako astakeriak esan zituen; birusa berez desagertuko zela, adibidez. Kosta egin zaie neurri gogorrak hartzea. Hori bai, Txinako bidaiariei AEBetara sartzea debekatu zieten, baina birusa antzemateko probarik ez zegoen, eta hori sekulako arazoa izan da. Orain, uste dute birusa oharkabean zabaltzen egon zeladenbora batean, eta horregaitik eman direla hainbeste kasu. New Yorken daude AEBetan hildakoen herena, eta uste dute birusa hemen zegoela lehenagotik baina ez zirela jabetu, probarik ez zegoelako. Baina, bestalde, arnasgailuak egiten ipini zituzten automozioko enpresak eta ospitaleetako ahalmena bikoiztu zuten New Yorken, esate baterako.
Orain esan du Trumpek bost milioi test bideratuko dituela, AEBetan 55.000 pertsona baino gehiago hil direnean. Berandu heldu dira probak?
Bai. Azken batean, probak egitea ezinbestekoa zen jakiteko hasiera batean zein zen benetako egoera. Orain nola gauden jakiteak ez dakit zentzu handirik duen, 56.000 pertsona baino gehiago hil direnean. Vietnamgo gerran 58.000 lagun hil ziren, baina gerra horrek 10 urte iraun zituen. Birus honek 56.000 estatubatuar baino gehiago hil ditu hiru hilabeteko epean, eta laster milioi bat kasura helduko gara. Herrialde handia da, baina arazoa ere handia da.
Trumpek ez zituen neurriak hartu bere momentuan.
New Yorketik kanpo, askok Trumpek esaten duenari jarraitzen dio, %100″
Noam Chomskyri irakurri berri diot, sinesgaitza egin arren, Trumpek masak mugitzen dituela. Zuk uste duzu populismo horrek kalte egin duela pandemia honetan?
Ni New Yorken bizi naiz, eta hau burbuila bat da. Jende gehiena Trumpen kontra dago eta komunikabide internazionalak jarraitzen ditu. Baina AEBak ez dira New York. AEBen erdialdeko estatu denak dira Trumpistak. Bera dagoenetik datu ekonomikoak oso onak izan dira, eta jendea horrekin zoratzen dago, pozik. Jende horrek kontsumitzen dituen komunikabideak ere Trumpistak dira, eta horietan AEBetako informazioa zabaltzen dute batez ere; ez dute hainbeste erakusten Europan gertatzen ari dena. Beraz, New Yorketik kanpo, askok Trumpek esaten duenari jarraitzen dio, %100. Argi ikusi da lehengo egunean Trumpek esan zuenean birusari aurre egiteko produktu desinfektanteak kontsumitu edo injektatzea nahikoa dela, eta 100 lagun ospitaleratu dituzte bere esana bete dutelako.
Bestalde, aipatu hau dena Trumpek hauteskunde kanpaina modura planteatu duela. Azaroaren 3rako deitu dituzte hauteskunde presidentzialak, eta egunero bi orduko prentsaurrekoa ematen zuen, koronabirusari buruzko inolako daturik eman gabe. Demokraten eta Txinaren kontrako mezuak zabaltzeko erabiltzen zituen, kanpaina eginez. Bi eguneko etena egin du, eta berriro hasi da prentsaurrekoak ematen eta kanpaina egiten. Bernie Sanders albo batera egin da, eta argi dago Joe Biden izango dela demokraten hautagaia. Dena den, hainbat estatutan mantendu egin dituzte hauteskunde primarioak, hautagaiaz gain, udako konbentzioetan alderdiari lotutako beste gai batzuk ere aukeratzen direlako. Primarioak mantendu dituzten estatu gehienetan email bidez bozkatuko dute. New Yorken, baina, bertan behera utzi dituzte primarioak. Orain zalantza da konbentzioekin zer gertatuko den, 4.500 pertsona eta 3.000 kazetari leku berdinean sartzea arriksutsua izan daitekeelako. Aukera bat da modu birtualean egitea.
Baina hauteskundeen data mantendu egiten da.
Astelehenean egin zioten galdera hori Trumpi eta baietz erantzun zuen. Ikusi beharko da ekonomia nola dagoen, Trumpen punturik indartsuena hori izan da-eta, inmigrazioarekin batera. Gaur egun langabezia-tasa historikoa da, inoizkorik altuena. Hile honetan %20ra helduko da.
Enpresa-gizona da bera. Osasun krisian krisi ekonomikoa zaintzeko aparteko neurririk hartu du?
Hasiera batean, berak ekonomia jarri zuen ezeren gainetik. Ez zuen neurri murriztailerik hartu negozioak zabalik mantentzeko eta langabezia-tasa ez hazteko. Herrialde honetan arazo handia da jendea egunean bizi dela, aurrezkirik ez duela. Hori dela eta, jende asko ezer barik geratu da.
Baina AEBetan ere, azkenean krisi sanitarioak gainezka egin dio ekonomikoari.
Bai, hainbat dira hil diren pertsonak. Hala ere, agintariek eta, batez ere, Trumpen gobernuak garrantzia handia ematen diote kirisi ekonomikoari. Azken batean, inkestek zioten Trumpek irabazi behar dituela berriro hauteskundeak, hain zuzen, kudeaketa ekonomikoagatik. Baina egoera honetan hori guzti hori kolokan dago, eta ekonomiari garrantzia berezia ematen diote. Kongresuan ere hainbat neurri ekonomiko onartu dituzte enpresak laguntzeko; eta familiei bideratutako 1.200 dolarreko laguntzak ematen hasiak dira.
Laguntza sozialak bultzatzen dituzte, beraz.
Bai, enpresak laguntzeko neurriak hasiera batetik hartu zituzten. Baina 1.200 dolarreko txekea familia batzurengana bakarrik heltzen da. AEBetan 11 milioi biztanle bizi dira dokumenturik barik, eta 28 milioi pertsona osasun asegururik barik. Hasiera batean koronabirusaren froga egiteagatik 3.000 dolar ordaindu behar zen, eta jendeak ez zuen froga hori egiten. Horregatik, diru partida bat onartu zuten froga hori doan egiteko denek, baita indokumentatuek ere. Azken batean, osoaun publikoko arazoa da.
Kongresuan ere hainbat neurri ekonomiko onartu dituzte enpresak laguntzeko; eta familiei bideratutako 1.200 dolarreko laguntzak ematen hasiak dira”
Kazetari zaren aldetik, aldaketa handia hara joatea?
Bai, aldaketa handia. Dena da desberdina. Bakarrik nago lanean eta nik egin behar dut dena. Zerbait oso potentea bada badut kamara baten laguntza, baina, bestela, egunerokoan bakarrik nago lanean. Beste herrialde batean nago, lankideen babesik gabe… Aldaketa handia da bai, baina beste komunikabide batzuetako kazetariekin erredakzio paraleloa sortu dugu.
Komunikazioaren aldetik, zailagoa da informatzea koronabiruasren sasoian? Fake News-ak saihestea erraza al da?
Trumpekin beti da zaila informatzea. Twitter da bere plataforma, eta denbora askoan izan duen bozeramaileak ez zuen prentsaurrekorik ematen. Beraz, zaila da, Twitterren esaldi bat botatzen duenean norberak interpretatu behar duelako zer esan nahi izan duen. Beste askotan, hasiera batean esaten duena gero ez da horrenbesterako, edo hainbat mehatxu zabaltzen ditu gero ez dituenak gauzatzen. Uneoro gaude Trumpen azken txioari lotuta, eta apur bat zaila bada kazetariontzat azken ordua jarraitzea eta albisteak filtratzea.
Beraz, informazioa alde bakarrekoa da.
Askotan txio baten osteko legea bi egunera heltzen da. Eta gerora sinatzen duen legea askotan ez du jasotzen hasieran berak esandako moduan, baina guk dagoeneko beste modu batera kontatu izan dugu. Ez du ezer kontestualizatzen, ez du azalpenik ematen. Titularrak botatzen ditu, eta horretan oso ona da, kazetarien arreta bereganatzen badaki.
Desberdintasunik nabaritu duzu bertoko egoerarekin? Adibidez, oposizioak egiten duen laanrekin?
Bai. Hemen ere demokratek erantzuten dute, baina askotan eurek ere ez dakite Trump nondik aterako den. Koronabirusa dela eta, prentsaurrekoak ematen dituzte egunero, baina normalean Twitter da bere euskarria, eta sare sozial horretan gerra bat piztu dezake bapatean.
[Trumpek] Titularrak botatzen ditu, eta horretan oso ona da, kazetarien arreta bereganatzen badaki”
AEBetako albisteen zain egoten da mundu oso bat. Presio handia al da kazetari batentzat?
Trump dagonenetik interesa handiagoa dela uste dut; bere azken burutazioari begira egoten gara. Trumpekin heldu nintzen ni hona, baina uste dut interesa badagoela berekiko eta bere gobernuaren erabakiekiko. Horregatik, erantzukinza badugu, ondo azaldu behar dugulako hemen gertatzen ari dena. Hau da, nire ardurarik handiena da bertokoa han, Euskal Herrian ondo ulertu dezatela.
Informazioari dagokionez, zelanbaiteko kontrol edo zentsurarik igarri duzue?
Ez, zentsurarik ez. Egia da berak maneiatzen duela informazioa bere kasa, eta zeozelan bere esklaboak garela, beti dagoelako informazioa sortzen. Zentsura baino, arazoa niretzat da bere Twitter kontuaren pentsura egon behar izatea.
urruntze soziala betetzeko neurriak hilabeteetan mantenduko dituzte indarrean”
Koronabirusak hartzen du egunerokotasuna orain, eta dionetez, udazkenean berriro kutsatzeko arriksua bueltatu daitekeela. Zelan ikusten duzu egoera?
Hemen ere entzuten da beste olatu bat izango dela, eta urruntze soziala betetzeko neurriak hilabeteetan mantenduko dituzte indarrean. New Yorken, adibidez, planteatzen ari dira 65 eta 160 kilometro arteko oinezkoentzako kaleak egitea, derrigorrezko distantzia bermatzeko jendearen artean. Jende asko bizi gara, eta espaloiak ere zabalduko dituzte. Baina ez dute esan garraio publikoarekin zer gertatuko den, eta metroak hemen jende bolumen handia mugitzen du. Egunotan jende asko bizikletan mugitzen hasi da, baina supermerkaatuetan lan egiten dutenak eta lanera joateko distantzia handietan mugitu behar dutenak dira metroa hartzen dutenak. Ondorioz, ikusi da latinoak eta afroamerikarrak direla birus honen ondorioak gehien pairatu dituztenak.
Bizikletak aipatu dituzu. Kutsadura mailan hobekuntzarik nabaritu duzue?
Bai, eta ikerketak argitaratu dituzte dagoeneko. Baina niri atentzioa eman didana da isiltasuna. Kalean jenderik ez dago, eta hori ararroa da New Yorken. Baina, Manhattanen, adibidez, txorien txioak entzuten dira.