Datozen egunotan osasun langileei egindako probak "areagotuko" dituztela esan du Murgak
Busturialdeari dagokionez, gaurko datu ofizialen arabera, 320 pertsonak eman dute positibo COVID-19aren proban. Atzo emandako dautekin konparatuta, bi kasu gehiago).
“Osakidetza profesional guztiei jarraipena egiten ari da. Osasun sailaren lehentasuna beti izan da osasun langileen osasuna, eta horregatik, datozen egunotan eurei egindako probak eta maskaren kontrolak indartuko ditugu”, azaldu du Nekane Murga Osasun sailburuak eguerdiko agerraldian.
Esan duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 15.519 pertsonak eman dute positibo (82 azken kasuak), eta %70,4 gainditu dute gaixotasuna edo alta emanda daude.
Atzoko 20:00ak arte, 9.465 proba egin zituzten (4.994 PCR eta 4.471 azkar edo serologiko). “Gure asmoa gero eta proba gehiago egitea da, gaixotasuna hobeto ezagutzeko eta erantzun hobea emateko”, berretsi du Osasun sailburuak. Gaurko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 95.743 PCR eta 45.395 Test azkar egin dituzte.
Atzoko 82ak PCR bidez baieztatutako positiboak direla argi utzi du Murgak, “proba honek detektatzen duelako pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen”.Test azkarraren bidez antzemandako kasu berriak, ostera 417 dira. “Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake”.
655 pertsona daude ingresatuta (atzo baino 28 gutxiago): 97 pertsona daude ZIUetan eta 558 pertsona daude solairuetako geletan. Egunez egun “ZIUetan daudenen kopurua beherakada” doala esan du Murgak. 1.296 pertsona hil dira Koronabirusagatik, horietatik 22 atzo.
Busturialdeari dagokionez, gaurko datu ofizialen arabera, 320 pertsonak eman dute positibo COVID-19aren proban (atzoko dautekin alderatuta, bi kasu gehiago). Bermeon 123 positibo daude, Gernika-Lumon 77, Mundakan 48, Busturian 42, Elantxoben eta Gautegiz Arteagan launa, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin, Muxikan eta Nabarnizen, berriz, bana.
Prebentzioa eta gaixotasuna transmititzea ekiditeko neurriak hartzeak berebiziko garrantzia daukala gogoratu du beste behin. “Sintomak izanez gero, etxean geratu, bizi garen pertsonengandik isolatu eta deitu osasun zentrora”, esan du beste behin, eta berriro ere Osakidetzako langileen lana eskertu eta txalotu du. Lehen mailako arretak “funtsezko eginkizuna” betetzen jarraituko duela nabarmendu du: “Herritarrek behar duten arreta ematen segitu dute. Lehen mailako arreta ez da inoiz gelditu, osasun zentroak zein kontsultak berrantolatu egin dira. COVID zein gainerako pazienteek kalitatezko arreta jasotzen jarraitu dute”.
Lehen mailako arreta zentroetan egiten ari diren lanaren erakusle moduan hainbat datu eman ditu. Besteak beste, orain dela hilabete, “pandemiaren punturik gorenean”, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lehen mailako arretaren zentroek, egunean Koronabirusagaz lotutako ia 1.500 aurrez aurreko kontsulta eta telefono bidezko 2.000 bat egiten zituztela aitatu du.
Maskarillak. Zapatuan esan zuen moduan, Osasun Ministerioak bidalitako akatsak zituzten maskarillak kendu ostean, horiek aztertzera eroan zituzten, eta Osasun sailak profesionalen materialen kontrolak zorroztea erabaki zuen. “KN95 motako maskarillen laginak aztertzera eroan ditugu”. Emaitzak jaso dituzte eta haietako sorta batzuek euren kategoriari dagozkien “segurtasun eta iragazpen baldintzak” ez dituztela betetzen ondorioztatu dute. Aurrerantzean eskuratzen dituzten maskarillei dagokionez, erosi aurretik Osakidetzak jatorrizko herrialdeei ziurtagiriak eskatzen jarraituko duela adierazi du. “Orain arte egin moduan hori egingo dugu. Baina, horrez gain, halako materialak homologatzeko gaitasuna daukan enpresa baten bidez analisiak egingo ditugu”.
Maskaren erabilera gomendatzen dutela gogoratu du Osasun sailburuak: “Leku eta garraio publikoetan jende gehiago egongo denez, garrantzitsua da prebentzio neurriez denok kontzientziatzea; higienea mantentzea eta distantziak mantentzea oinarrizkoak dira. Baina, badakigu leku eta egoera jakin batzuetan ez dela posible bi metroko segurtasun distantzia hori mantentzea. Gainera, espazio horietan pertsona asintomatikoak egon daitezke, eta maskarillak lagungarriak izan daitezke”.
Asteburu honetatik aurrera, eta datozen asteotan, konfinamendua leuntzen joango denez, birusaren transmisioa ekidin dezaketen neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu du: “Garrantzitsuena pertsonen arteko harremanak murriztea da. Momentu honetan, higienea eta distantziak mantenduta, norbera da txertorik onena. Eta gogoratu gura dut eskukoak garbi ez badaude, eskuek bezala birusa transmititu dezaketela”.