Bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dute Maiatzaren Lehenean
Euskal gehiengo sindikalekoek ikur bateratua atera dute, eta hori leiho eta balkoietan zabaltzeko deia egin dute.
Osasuna, bizitza eta lan baldintza duinak bermatzeko eskatuko dute sindikatuek bihar. Bizitzak erdigunean jarriko dituzte, eta horren alde egiten duen eredua eskatuko dute.
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, Maiatzaren Lehena “berezia” izango da. “Ezingo gara mobilizatu modu normalizatuan, baina langile klasearen harrotasuna nabarmenduko dugu, gure lana mundua eraldatzea baita”, dio Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.
ELAren ustez, konfinamendua dela eta kaleak ezin badira hartu ere, langile klasearen antolakuntzan norbere erabakitasun eta konpromisoa are handiagoa izan beharko da; “etorriko diren mehatxu eta erasoei aurre egiteko, baina baita aldaketarako aukerak sortzeko ere”. Are gehiago, Maiatzaren Lehena elkartasuna, berdintasuna eta borrokatzeko konpromisoa berresten jarraitzeko eguna izango da. “Horrek adierazten du milioika pertsona klase bati, langile klaseari, atxikitzen zaizkiola, eta haren parte direla. Hori dela eta, ELAk nabarmendu nahi du zer nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako”, agertu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Azkenaldian kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka nagusitu dela diote. “Patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik, eta herria eta herritarrak zaindu nahi dituen komunitatea, bestetik”, adierazi du LABek. Hori horrela, “orain inoiz baino gehiago”, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatuko dute: “Langileok badugu mundua eraldatzeko indarra; arazo zehatzei erantzuna eman eta alternatiba orokorra eraikitzeko gaitasuna”.
Denak bat eginda.
COVID-19ari aurre egiteko neurriek eragin desberdinak dituzte han eta hemen. Patronalaren neurrira egindako konfinamendua dela ezarri dutena salatu du LABek: “Gehiegi itxaron zen oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta presa gehiegi dago aktibitatera itzultzeko. Pertsonen osasuna eta beharrak lehentasun dituen itzulera nahi dugu. Langile klasea babestu beharra dago kapitalaren interesen aurrean”.
Hala, bizitzak erdialdean kokatzen dituen normaltasun berri bat gura dute sindikatuek. Ez dute kapitalismoa oinarri duen normaltasunera itzuli gura, “horrela ezinezkoa baita bizitza duin bat garatzea”.
Sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak antolatuko baditu ere, irudi komun bat partekatuko dute aurten euskal gehiengo sindikaleko sindikatuek –LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde–, “egungo salbuespen egoeran mezu komuna emateko”. Ikur hori leiho eta balkoietan jartzera deitu dituzte herritarrak, “langileen indarra eta aldarrikapena ikustarazteko”.
LABetik, gainera, balkoi eta leihoetatik zarata ateratzeko deia ere egin dute. 12:00etan ipini dute hitzordua.
EGITARAUA
LAB sindikatua
10:00. Mobilizazio ibiltariak eskualdeka: autokarabanak.
11:30. Streaming emisioa sindikatuko Youtube kanalean.
11:35. Hokoke dokumentalaren proiekzioa.
12:30. Ekitaldi nagusia. Nazioarteko LABen mezua.
16:30. Hotel explotacion dokumentalaren proiekzioa.
17:30. Zaintza lanei buruzko solasaldia.
18:20. Shockaren doktrina dokumentalaren proiekzioa.
19:45. Mundua eraldatuko duten langileei txaloak.
ELA sindikatua
12:00. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren agerraldia sindikatuko sare sozialen bidez.