Ana Zubiaga Elordieta foruarrak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria
Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da.
Genetikako katedraduna da Zubiaga foruarra, eta euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik jaso du saria, hain zuzen ere.
CAF-Elhuyar sariketaren irabazleak zeintzuk diren jakitera eman dute. Hain zuzen ere, zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak aitortzea da sariketaren helburua. Merezimendu Saria Elhuyar Fundazioak ematen du, eta beste kategorietako sarituak, berriz, adituz osatutako epaimahaiak ematen dituzte.
Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da. Horrez gain, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unitatearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea ere, besteak beste.
Jakidundeko kide ere bada foruarra, eta gainera, dibulgazioan egiten duen lana gehitu behar zaio. Diotenez, kontuan izan behar da lantzen dituen gaiek, biomedikuntzak eta genomikak, garapen oso azkarra izan dutela, eta gizartean jakin-mina eta, batzuetan, kezka ere pizten dutela. Hala ere, Zubiaga beti laguntzeko prest dagoela azaldu dute, eta adeitsu eman ditu azalpenak eta iritzia, hainbat eta hainbat aldiz, Elhuyar aldizkarian, Teknopolis zein Norteko Ferrokarrilla saioetan, eta ohiko parte hartzailea ere bada Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoetan. Komunikabide orokorretan ere sarri agertzen da, kontzeptu konplikatuenak argitzen, hizkera ulerterraz eta hurbilekoagaz.