Covid-19a hedatzea eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du Eusko Jaurlaritzak
BRTAko langileekin eta garraio publikoko profesionalekin lehen proba pilotua egingo da datorren astean, Adimen Artifiziala aplikatuko dute datuak landu eta ondorioak ateratzeko.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban produkzio jarduera suspertzeko eta Covid-19ari aurre egiteko proiektua aurkeztu du Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, PRAP Euskadi. Tapiak azaldu duenez, jarduerari berriro ekitean eta txertorik ez dagoen bitartean Covid-19a hedatzea eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du Eusko Jaurlaritzak.
Tapiak azaldu duenez, “erabakigarria da jarduerara itzultzea, gerora ager daitezkeen kalteak edo berragertzeak murrizteko bitartekoak ezarriz”. Horren haritik, eta kudeaketa sanitarioarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak oinarri teknologikoko ekimen integral bat diseinatu dute, “jauzi kualitatiboa emateko eta orain arte birusari eusteko neurrietan erabilitako sistematikari garrantzi handiagoa emateko”.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko giza baliabide, ekipamendu eta teknologia guztiak bateratu nahi dituzte, Osasuneko Euskal Sistemaren eta Gizartearen eskura jartzeko. “Tresna baliagarria da normaltasun berrira iragaten laguntzeko eta, behin betiko soluzioa aurkitu arte, txertobat edo tratamendu eraginkor bat aplikatuz, birusarekin elkar bizitzea ahalbidetzeko”.
Prozesua. Erakunde eta enpresa publiko zein pribatuei zuzendutako probak egiteko prozesu hedagarri batean oinarritutako esku-hartze protokolo bat egitea eta ezartzea aurreikusten du jaurlaritzak. Tapiak azaldu duenez, azterketak eta diagnostikoak ahalik eta langile gehienei egitea bermatuko dute laborategien sare baten bitartez, eta testen ondorioz eskuratutako emaitzak eta lan jarduerari lotutako ohituren galdeketaren ondorioz metatutako informazioa azpiegitura teknologiko baten bidez analizatuko dira: «adimen artifizialaren» bidez.
«Adimen Artifizialak eta datuen algoritmiak ondorioak ateratzeko balioko dute, Osasun Publikoko Sistemarentzako zein enpresa-erakundeetan bertan erabakiak hartzeko balio gehigarriko informazioaren bidez». Datuen «anonimotasuna» erabatekoa izango dela azaldu du, eta langileen «arrisku maila» aintzat hartuko dutela azterketak egiteko orduan.
PRAP Euskadiren aurretik proba pilotu azkar bat egingo da. Proba hori datorren astean jarriko da martxan, BRTA Zientzia eta Teknologiaren Euskal Partzuergoa osatzen duten eragileetako profesionalen eta garraio publikoko langileen lagin batean oinarrituz. “Horri esker, prozesua balioetsiko da eta bertan hobekuntzak edota aldaketak egitea proposatuko da, gerora, hala eskatzen duten enpresa guztietan aplikatzeko”. BRTAko 1.000 profesionalek eta 1.000 garraio publikokoak parte hartuko dute proba pilotuan.