Normaltasun berria ekainaren amaieran lortzea espero du Sanchezek
«Normaltasun berria» heltzean baimenduko dute probintzien arteko mugikortasuna. Alarma egoera beste hamabost egunez luzatzeko eskaria egingo duela iragarri du Sanchezek.
Gaurko Ministroen Kontseiluan onartu ostean, Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana aurkeztu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, arratsaldean. Normaltasun berrirako trantsizioa “mailakatua eta asimetrikoa” izango zela aurreratu zuen zapatuan, eta horri buruzko azalpenak eman ditu.
Datuek hoberanzko joerari eutsiz gero, ekainaren amaieran “normaltasun egoera berria” ailegatzea espero du gobernu espainiarrak. «Deseskalatzeak gutxienez sei aste iraungo ditu, hau da, hilabete eta erdi. Dena ondo badoa, sei-zortzi astetan lortuko dugu. Probintzia arteko mugikortasuna normaltasun berrira iristen garenean ezarriko da», adierazi du Sanchezek.
Halaber, iragarri du alarma egoera beste hamabos egunez luzatzea eskatuko duela: “Beste hamabost eguneko luzapena eskatuko dut trantsizioari behin betiko ekiteko”.
“Erritmo desberdinak”. Lau fase jaso dituzte planean, baina bakoitzerako data edo epe zehatzik barik. Fase bakoitzak, gutxienez bi aste iraungo ditu. Tokian tokiko egoerak baldintzatuko du fase aldaketa, eta beraz, “baliteke lurraldeka erritmo desberdinak” egotea. “Ez dago egutegi itxi eta uniformerik, epidemiak ahalbidetzen duen bezain azkar egingo dugu aurrera leku bakoitzean”, nabarmendu du Espainako presidenteak.
Markatzaile batzuk ezarrita daude fase batetik bestera pasatzeko: osasun sistemaren egoera eta gaitasuna, egoera epidemiologikoa, mugikortasun datuak, datu sozioekonomikoak eta babes neurriak.
Erabakiak modu koordinatuan hartuko ditu Espainiako Gobernuak erkidegoekin, eta bi asterik behin berrikusiko dituzte erabakiak. Tokiko kudeaketa izango du, baina Sanchezek argi utzi du plana “koordinatua” dela eta moldaketak egin ahalko dituztela. Ohartarazi duenez, egoera okertuz gero, berriz ere atzera egiteko aukera egongo da.
Planean fase bakoitzean ze jarduera eta ze baldintzetan egin ahal izango den zehaztu dute, baita jauzi bakoitzak zer aldaketa ekarriko dituen ere. Besteak beste, lan, kultur, kirol zein turismo arloei dagozkien jarduera zehazten ditu dokumentuak.
Maiatzaren 4an hasiko da 0 edo prestaketa fasea. Besteak beste, jatetxeek etxera eramateko janaria eskaini ahalko dute. Hau da, orain ez bezala, bezeroak jatetxeetara joan ahalko dira janaria jasotzera. Bestalde, kirolari profesionalek entrenatzeko aukera eskainiko diete eta eraikin publikoak prestatuko dituzte euren zerbitzuen arreta emateko.
“Asteburu honetan banakako jarduera fisikoa eta ibilaldiak baimenduko dira. Maiatzaren 4an 0 fasean sartuko ginateke lurralde guztietan, baina kutsatzeen gutxieneko intzidentzia kontuan hartuta eta eboluzioak ahalbidetzen badu, Formentera, Gomera, El Hierro eta Graciosa irletan 1. fasean ezarriko da. Maiatzaren 11n, baldintzak betetzen dituzten probintzia denak 1. fasera pasatuko dira zuzenean. Gero, hamabostean behin Osasun Sailak markatzaileak ebaluatuko ditu hurrengo fasera pasatzeko”, azaldu du Sanchezek.
1. fasean edo hasierakoan, probintzia barruan mugikortasuna baimenduko dute. Komertzio txikiak irekiko dituzte, segurtasun neurri “zorrotzekin”, bai eta hotel, ostatu eta apartamentu turistikoak ere, baina horietan, “partekatzen diren eremuak ezingo dira erabili”. Ostalaritzan terrazak edukieraren% 30ean ireki ahalko dituzte, baina lokal barruan ezingo da bezerorik egon.
2. fasean ikastetxeak irekitzea aurreikusi dute, baina soilik egoera jakin batzuei erantzuteko: “Gurasoek lanera joan behar badute 6 urtetik beherako haurrak ikastetxeetara joateko, selektibitatea egin behar dutenentzat eta errefortsu eskolak behar dituztenentzat”.
Bestalde, ostalaritzan lokal barruan bezeroak hartu ahalko dituzte, baina soilik mahaien zerbitzurako, eta beti ere segurtasun neurriak bete beharko dituzte, distantziak errespetatuz. Zineak, teatroak eta antzerako kultur aretoak zabalduko dituzte, “aforoa heren batera mugatuta”. 50 pertsona baino gutxiagorekin kultur ekitaldiak egin ahal izango dira leku irekietan, eta aire librean, berriz, 400 pertsona baino gutxiagorekin, eta betiere, eserita badaude. Horrez gain, ostalaritzan lokalen barruko espazioak irekiko dituzte, mahaien zerbitzurako.
3. fasean edo fase aurreratuan “mugikortasuna zabalduko” dute. Bestalde, “gutxienez 3.fasera ailegatu arte” telelanagaz jarraitzea aholkatu dute.
Fase guztietan maskaren erabilera gomendatzen dutela esan du Sanchezek, eta batik bat garraio publikoan.