Bermeoko Udalak hiru urterako diru laguntzen plan estrategikoa onartu du
EAJren eta Guzanen aldeko botoekin onartu dituzte diru laguntzak; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Aurten 365.000 euro bideratuko dituzte diru laguntzetara.
Egoerak hala behartuta, Bermeoko Udalak telematikoki egin zuen joan den barikuan osoko bilkura. Horretan, 2020-2023 epealdiari dagokion diru laguntzen plan estrategikoa onartu zuten. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) eta Guzaneko zinegotziek alde bozkatu zuten, EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen.
Bermeoko Udalak azaldu duenez, diru laguntza horiek datozen lau urteetan Udal Gobernuak lortu gura dituen helburu estrategikoekin bat egiten dute. Urtez urte deialdiak argitaratuz joango direla diote, momentuko egoera kontuan hartuta eta eragile ezberdinekin berba eginda. “Diru laguntza hauek benetan eraginkorrak izan daitezen, ezinbestekoa da herriko eragile, talde, elkarte… ezberdinekin elkarlana lortzea. Euren beharrizanak eta proposamenak entzuteak berebiziko garrantzia dauka urtez urte diru laguntza hauek definitzen joateko”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
365.000 euro bideratuko dituzte aurten diru laguntzetara; hala ere, gaur egun bizi dugun egoera zein den ikusita, zenbait arlotan uneko beharrizanei erantzuteko, aldaketak egin beharra egotea posible dela azpimarratu du alkateak.
Bermeoren izenaren zabalkundean eta herriko ekonomian eragin positiboa duten jarduera arruntetik haratagoko jolas izaerako kirol ekimenak antolatzeko diru laguntzetara 17.000 euro bideratuko dituzte.
5.000 euro gordeko dituzte, bestalde, Gizarte Bazterkeria eta Eskubide Sozialen Gutunean agertzen diren baliabideek estaltzen ez dituzten gabeziak dituzten pertsonei laguntza puntual eta osagarria eskaintzeko, herriko desoreka soziala zuzentzeko eta berdintasun soziala bermatzeko.
Auzo-taxi zerbitzura bideratutako diru laguntza 3.500 eurokoa izango da. Zerbitzuaren helburua garraio publikoko zerbitzu erregularra erabiltzerik ez duten landa auzoetako biztanleei herri barruan bidaiatzea erraztea dela jakinarazi dute udal arduradunek.
Familia ugariei erraztasunak eman asmoz, 3.000 euro bideratuko dituzte Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko finatziazio laguntzarako.
Ohi legez, kirol taldeentzako diru laguntzak ere aurreikusi dituzte. Hala, horien jarduera arrunta finantzatzeko 15.000 euro erabiliko ditu Bermeoko Udalak. Diru laguntza horien helburuak honakoak dira: kirola egiteko herritarren aukerak areagotzea, herritarren osasuna hobetzeko ohiko kirola sustatzea eta euren bizi kalitatea hobetzea. Gainera, kirol praktika federatuari bultzada ematea ere bilatzen da.
Bestalde, 111.000 euro izango dituzte herriko kultur talde eta pertsona fisikoek urteko kultur eta jai ekimenak finantzatzeko. “Herriko kultura, nortasuna eta jaien zabalkundea sustatzea, euskal folklorea eta kultura zabaltzeko izaera publikoko ekintzen garapena eta presentzia lortzea eta sorkuntza eta zabalkunde artistikoa bultzatzea da diru laguntza horien helburua”, adierazi dute.
Euskararen erabilera sustatzeko ere diru laguntzak bideratuko dituzte. Hala, besteak beste, 2.000 euro bideratuko dituzteherriko establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko; 1.000 euro gordeko dituzte gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu duten bermeotarrentzat; eta, euskaltegi homologatuetan euskara ikasten ari diren bermeotarrentzako zuzendutako diru laguntzak 6.000 eurokoak izango dira.
Udalerriko denda txikietako merkataritza eta ostalaritza sustatzera 15.000 euro bideratuko dituzte. Helburu hori lortu aldera, udalak sustapen jarduerak eta merkataritza ostalaritza animaziorako ekintzak antolatzeko asmoa agertu du.
Beste kolektibo batzuk. Guzaneko zinegotziek diru laguntzen plan estrategikoaren aldeko botoa eman dute. Tartea baliatu dute, hala ere, beste kolektibo batzuk gogoan edukitzeko: “Aurten dirua egongo da gastatuko ez dena. Hortaz, soberakinik baldin badago, lehenengo sektorea eta komertzio txikiak kontuan har ditzaten eskatu dugu. Diru hori horiei laguntzeko erabiltzea eskatu dugu, beste edozertara bideratu beharrean”.
EH Bilduko zinegotziek, berriz, abstentzioa eman zuten. Diru laguntzen alde badaude ere, berdintasunaren alorrera bideratutako diru laguntzarik ez dagoelako erabaki dute abstentzioa ematea: “Guretzako garrantzitsua den gai bat kanpoan geratu da, baina beste diru laguntza guztien alde gaude”.