Test masiboak egiteko eskatu dute EHUko hainbat ikerlari eta irakaslek
PCR testak egiteko eskatu dute, eta EHUko zientzialariek birusa atzemateko garatu duten RT-PCR testa balioztatuta dagoela adiertazi dute. Sinadurak biltzeko bolga ipini dute martxan: testmasiboenalde.wordpress.com
EHUko hainbat ikerlari eta irakaslek test masiboak egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eskari horrek babes handia izan du hasieratik, baina handiagoa lortu gura dute, eta sinadurak batzeko ekimena abiarazi dute, testmasiboenalde.wordpress.com atarian.
Adierazpen horren bultzatzaileen artean daude EHUko irakasle, katedradunak, dekanorde eta errektore ohiak; tartean, Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren fakultateko irakasle Joseba Agirreazkuenaga busturiarra, fakultate horretako katedradun ohi Ramon Zallo gernikarra eta Zientzia eta Teknologia fakultateko katedradun Iñaki Antiguedad –Ispasterren bizi da–.
Diotenez, COVID-19 pandemia ondorio latzak izaten ari da euskal jendartean, bai osasun arloan, bai alor ekonomiko eta sozialean. Egoera horretan Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioei jarraitzeko eskatu dute; alegia, test azkarrak saiakera klinikoetarako erabiltzea eta PCR test gehiago egitea. Hain zuzen, OMEK dio PCR testak direla COVID-19 kasuak detektatu eta baieztatzeko gomendatutako metodoa.
Sinatzaileek diote EHUko ikerlariek egin duten ekarpenari duen garrantzia eman beharko litzaiokeela, eta talde hori zoriondu dute, “baldintza zailetan eta denbora ezin bizkorragoan, gai izan direlako euskal gizarteari irtenbide zientifiko berri bat emateko, COVID-19ak kutsatutako pertsonak atzemateko frogak areagotu eta soiltzeko aukera ematen duena”. Horrez gain, beraien auzolana eta ekinbide altruista eskertu dute, baita COVID-19aren kontrako borrokan eta atzematean laguntzeko prestutasuna, “egunero milaka pertsonek egiten duten bezalaxe, beraien osasuna eta ongizatea arriskuan jarrita”.
Izan ere, EHUko adituek gogorarazi dute EHUko zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko ‘RT-PCR’ test bat garatu duela denbora errekorrean. Ekarpen horri esker, euskal osasun sistemak diagnostikorako testen kopurua handitu ahal izango lukeela diote, OMEren gomendioekin bat etorrita. Euskal ikerlariek garatutako test hori Carlos III Osasun Institutuak oso arin balioztatu duela nabarmendu dute, eta % 100eko berariazkotasuna eta % 92ko sentikortasuna duela ebatzita.
Ekarpen horri Jaurlaritzak eman dion erantzuna kritikatu dute, Osasun sailaren erantzuna “garrantzia kentzea eta gutxiestea” izan delako, “eta hedabideetan gaiari buruzko informazioak isiltzen ahalegintzea”.
Hala, Jaurlaritzaren jarrera horrek osasuna arriskuan jartzen duela uste dute, eta eskatu diote pandemiaren Jarraipen Planean aplikatzen ari diren irizpideei buruzko azalpen publikoak eman ditzala, “arrazoiak emanez test masiboak ez egiteko, helburu horretarako eskura duen ekarpen berritzaile hori erabilita eta EAEko beste ikerketa-zentroak baliatuta”.
Testuinguru horretan, salatu dute aginte instituzionalen aldetik ekarpen zientifiko hau edo bere bultzatzaileak isilarazteko edo zentsuratzeko izan zitekeen edozein saiakera, eta ezinbestekotzat jo dute Euskal Herriko Unibertsitatea gizartearen zerbitzura dagoen erakunde publikoa dela azpimarratzea, “ez soilik bere irakas jardunaren bidez, baizik eta berebiziko garrantzia duten ikerketak garatuz eta hedatuz ere”.