Tapiak dio arrantzale guztiei PCR probak egingo dizkietela
Arrantzaleak lanean seguru aritzea "garrantzitsua" dela esan du Tapiak. Garraio publikoaz ere aritu da; autobusetan, metroan, tranbian eta trenetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela esan du.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburua arrantza sektoreaz aritu da. Jakinarazi duenez, Osasun Sailak arrantzale guztiei PCR probak egitea erabaki du, “horien jarduerak dituen berezko ezaugarriengatik”. Bajurako ontzietan probak egiten hasita daudela iragarri du; Gipuzkoan hasi dira, “gehiago direlako”, 545 arrantzaleri eta lonjetako eta kofradietako 29 langileri egin zaizkie probak orain arte, eta proba guztiek negatibo eman dute.
Bizkaian antxoatan ari diren zazpi itsasontzietako arrantzaleei, berriz, datorren asteburuan egingo dizkiete probak, bai eta lonjetako eta kofradietako langileei ere.
Barikuan eta zapatuan, Frantziatik etorriko diren Ondarroako 12 arrasteko arrantzontzietako 120 arrantzaleei ere egingo dizkiete probak.
Maiatzean hegaluze kanpaina hastera doala eta, horretan aritzen diren arrantzaleei ere probak egingo dizkiete. Lehenengo eta behin, kazako arrantza egiten dutenei egingo dizkiete probak, eta gero, beste arrantza mota batzuetan aritzen direnekin jarraituko dute. “Hegaluzearen itsasaldiak luzeagoak izaten dira eta garrantzitsua da probak egitea. Ontzietan sartuta egon behar dute denbora luzez”, esan du Tapiak.
Seychelleetan, Dakarren edo Abidjanen daudelako “zailagoa” izango bada ere, Bermeoko portuan egoitza duten atunontzi izoztaileetako arrantzaleei ere egingo dizkiete PCR azterketak: “Osasun Sailarekin eta atunontzi izoztaileetako flotarekin adostu beharko da probak noiz eta nola egin daitezkeen”.
Arrantzaleak lanean seguru aritzea “garrantzitsua” dela esan du Tapiak: “Ezinbesteko lana da, eta segurtasunez egin behar dute”.
Bestalde, garraio publikoaz ere aritu da eguerdian Tapia sailburua. Deseskalatze planaren barruan, Eusko Jaurlaritzak autobusetan, metroan, tranbian eta trenetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izatea proposatu duela azaldu du: “Garraioak segurua izan behar du, zentzu guztietan, eta pertsonen osasuna bermatu beharra dago”.
Maskaren erabilera derrigortzeaz gain, autobus eta tren geltokietan gel hidroalkoholikoa jartzeko asmoa ere agertu du Tapiak. Hirugarrenik, pertsonen tenperaturaren kontrola egin gura du Jaurlaritzak. Tapiak esan duenez, ez dira toki guztietan egingo, baina bai toki itxietan, geltokietan eta abar. “Tenperatura 37 gradutik gorakoa bada, ez zaio pertsona horri pasatzen utziko”.
Egunez egun, garraio publikoaren erabilera goraka doala nabaritu dute. Aurreko astelehenarekin alderatuta, gaurkoan %4 igo da garraio publikoaren erabilera: “Geroz eta pertsona gehiago daude garraio publikoa erabiltzen, eta hortaz, segurtasun neurriak areagotu egin behar ditugu”.