"Aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat" adostea proposatu du Urkulluk
COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko lehenetsitako hiru jarduera-eremuak azaldu ditu Lehendakariak, presidente autonomikoen arteko bileran.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak deitutako presidente autonomikoen zazpigarren bilera egin zuten atzo. Erkidegoen proposamenak entzun ostean, aztertuko dituztela eta bihar aurkeztuko duen konfinamendua leuntzen joateko planean sartzeko aukera ere badagoela esan zuen Sanchezek.
COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko lehenetsitako hiru jarduera-eremuak azaldu zituen Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Osasun-lehentasunari lotuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Lehen mailako Arreta indartzeko fasean gaudela esan zion Urkulluk Sanchezi. Martxoan koronabirusa izan zuten pazienteei, 4.000 test baino gehiago egin zaizkiela azaldu zuen, “inmuneak diren edo ez jakiteko”. Osasun arloko profesionalen babes eta segurtasuna funtsezkoa izaten jarraitzen duela esan zuen. “Egokia litzateke jakitea Espainiako Gobernuak osasun materialen banaketari dagokionez, zelako planifikazioa egin duen datozen sei hilabeteetarako”.
Lehentasun sozio-ekonomikoan, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren esparruan aurrekontu-egonkortasunerako “bide berri bat hitzartzea” beharrezkoa dela zehaztu zuen, “berehalako osasun-premia sozialei erantzuteko, bai eta ekonomia eta enplegua suspertzeko ere”. Alor horretan, Europar Batasunaren finantzaketaren aurreikuspena eta Europar Batasunaren laguntzen esparrua partekatzea beharrezkoa dela zehaztu zion Urkulluk Sanchezi.”Gastu publikoa handitu beharko dugu, berehalako gizarte- eta osasun-beharrak erantzuteko, baita ekonomia suspertzeko ere. Zorroztasunez egin beharko dugu, baliabideen eskuragarritasunagaz eta zorpetzeko gaitasunagaz”.
Gutxieneko diru-sarrerren errentaz ere galdegin zion Urkulluk. Argibideak eskatu zizkion: “Gutxieneko diru sarreren proposamena martxan noiz jarriko duzuen jakin gura dugu; egutegia, baldintzak eta zenbatekoak jakin behar ditugu”.
Normaltasun berrirako trantsizioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egindako normaltasun berrirako trantsizio-planak jasotzen dituen proposamenetako bi azpimarratu zituen: merkataritza jarduera pixkanaka irekitzea (elikagaien saltokien muga berdinekin) eta udari begira eragin sozial handiena duten gaietarako irizpideak partekatzea (kultur-jarduerak, herri-ekitaldiak, jarduera fisikoa eta kirola, eta hondartzen eta igerilekuen kudeaketa…).
“Maiatzaren 10ean fase berri bat zabalduko da, eta komeni da aurrea hartzea. Beharrezkoa da datorkigun trantsiziorako erabakiak denboraz partekatzea, ahalik eta antolaketa zuzenena egiteko”, nabarmendu zuen Lehendakariak. Arrisku mailak zein neurriak definitzea eta komunikazio “goiztiarra, erraza eta gauzagarria” egitea ezinbestekoa deritzo.
Kogobernantza, Koordinazio eta Erantzukidetasun eredu bat aplikatzea beharrezkoa deritzo Urkulluk. “Oinarri komun partekatuak eta hurbileko exekuzioa ezarrita, subsidiariotasun-printzipiotik eta autogobernua errespetatuz”, errealitatera egokitzeko eredua izan behar da Lehendakariaren iritziz.
Irizpide gehiago eta “tutoretza gutxiago” eskatu zituen. “Badirudi erabakiak aginte bakarrak hartu dituela. Gogoratu nahi dut autonomia erkidegoetako presidenteak garela agintari eskudunak”. Gobernantza erantzunkidearen eredu jarri zuen Alemania.