Urkulluk hauteskundeak abuztua aurretik egin nahi ditu
Apirilaren 30erako deitu du Alderdien Mahaia; Espainiak erantzun dio ez dela bozik egingo pandemia kontrolpean egon arte
Iñigo Urkullu lehendakariak Alderdien Mahaia deitu du, hauteskundeak abuztua aurretik egiteko aukera aztertzeko. Apirilaren 30ean bildu gura du mahaia, eta hiru hilabeteko epean deitu gura ditu hauteskundeak, Legebiltzarra eta Gobernua udan osotzeko. Lehendakariak gaur Legebiltzarrean esan du krisiaren dimentsioak eta sakontasunak eskatzen duela Legebiltzarra erabat eratuta eta funtzio guztiak dituen Gobernua lehenbailehen izatea.
Espainiako Gobernuak, hala ere, erantzuna eman dio Urkulluren proposmenari, eta esan du pandemia kontrolpean egon arte ezingo dela hauteskunderik deitu. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak esan du beraien nahia dela hauteskundeak «lehenbailehen» egitea, baina ohartarazi du koronabirusaren hedapenaren bilakaerak zehaztuko duela noiz egin ahal izango diren.
Argudioak. Hauteskundeak deitzeko hiru arrazoi eman ditu Lehendakariak: batetik, Legebiltzarrean biltzeko beharra adierazi dutela alderdiek; bestetik, osasun agintarien gomendioak jarraituta, kutsatzeko arriskuak uztailean murritzagoak izango direla; eta, azkenik, larrialdiaren tamainak eskatzen duela Legebiltzarra ahalik eta arinen osatzea.
Urkulluk gaineratu du udazkenean birusa berriro zabaldu daitekeela, eta txertoa izan den ziurtasunik ez dutela. Horregatik, gobernua udan eratzea posible ikusten du Lehendakariak.