Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Bermeoko Udalak
Herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiten duten bakoitzean, "administrazioa euskalduntzeko pausuak ematen direla", gogorarazi dute
Covid-19ak sortutako itxiera egoerak errenta aitorpena aurrez aurre egiteko epea atzeratu badu ere, herritarrek modu telematikoan egiteko aukera daukate; Internetez edota telefonoz egin ahal dute. Beste urte batez, Bermeoko Udalak herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen ditu. Gogorarazi dute, gainera, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiten duten bakoitzean, “administrazioa euskalduntzeko pausuak ematen direla”.
Jakinarazi dutenez, banketxeetan errenta aitorpena aurrez aurre egiteko aukera egon arte, herritarrak bi modu ditu dokumentua euskaraz egiteko. Alde batetik, autolikidazio proposamena etxera iristen denean eta hori onartzen denean, errenta aitorpena euskaraz egin gura izanez gero, telefonoz zein Internet bidez euskaraz egin gura dela esan beharko da, eta aurrerantzean, ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu.
Internet bidez, bestalde, errenta programaren euskarazko bertsioa deskargatu eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu beharko da. Errenta aitorpena aholkularitzaren baten bitartez egitea aukeratzen dutenek, aitorpena euskaraz egin gura duela dierazi beharko du.