Andra Mari elizako zikoinen habia kendu dutela salatu dute
Zain Dezagun Urdaibai ekologisten taldeak salatu du elizaren aginduz langileek zikoina bikote bat kanpandorrean egiten ari zen habia kendu dutela.
Zain Dezagun Urdaibai ekologista taldeak salatu du Gernika-Lumoko Andra Mari elizan zikoina bikote bat egiten ari zen habia kendu dutela. Ekologista taldeak esan duenez, parrokiaren aginduz kendu dute beharginek kanpadorreko habia.
Zain Dezagun Urdaibairen esanetan, “Gernika-Lumoko eta Busturialdeko bizilagunak pozik daude zikoina bikote horrek kumeentzako habia eskualdean egiteagatik”. Gaineratu dute, jakitun direla garai batean kanpandorre hori zikoinen habi-leku zela, eta kontziente direla habi horreek pisu handia dutela (700 kilora arterainokoak). “Hala ere, badira zikoina horien pisuari eusteko euskarriak ere, eraikinetan jartzeko eta hegaztien-fauna ere babesteko”.
Zain Dezagun Urdaibaik blogean zabaldu duenez, “arraroa” da hilabeteko epean parrokiak erabaki hori hartu izana, eta argi dute ingurumen baimenik barik kendu dutela habia, “Gernika-Lumoko hirigunea biosfera erreserbaren parte delako”.