Umeak paseatzera ateratzeko baimena ematea erabaki du Madrilek
Azken orduan atzera egin zuen Sanchezen Gobernuak, eta ordu batzuk lehenago iragarritako neurria zuzendu zuen
Umeak paseatzera atera ahalko dira hurrengo astean. Atzo goizean iragarritakoa, zuzendu egin zuen Espainiako Gobernuak azken orduan. Gurasoak laguntzeko mandatuak egitera eta farmaziara joatea baimendu zuen lehenengo Pedro Sanchezen Gobernuak.
Zapatuan iragarri zuen Sanchezek apirilaren 26tik aurrera umeen konfinamenduak aldaketak emango zirela. Hala, hasiera batean, 12 urtera arteko umeak, denbora tarte mugatuan eta neurri bereziekin, kalera ateratzeko baimena izango zutela iragarri zuen.
Atzo goizean, baina, 14 urtetik beherakoak kalera guraso batek lagunduta eta mandatuak egiteko edo farmaziara joateko bakarrik atera ahalko zirela esan zuen gobernuko bozeramaile Maria Jesus Monterok. Iragarpen horrekiko desadostasuna agertu zuten PSOEren gobernuko kide diren Unidas Podemoseko hainbatek. Gizartean ere, hainbat sektoretan eta sare sozialetan erabakiarekiko desadostasuna agertu zuen jendeak, umeentzako kalera paseatzera ateratzeko baimena eskatuz.
Iluntzean egin zuen agerraldia Espainiako Osasun ministro Salvador Illak, gobernuak goizean iragarritakoa zuzentzeko. Azaldu zuenez, alarma egoera luzatzeko proposamenari klausula bat gehituko diote, umeekiko neurriak zehaztuz. Proposamen hori gaur aurkeztuko dute Espainiako Kongresuan.