Talaian geratuta egon diren lanak amaituko ditu udalak
Aurreko agintaldian onartutako Urdaibai Itsasoari Begira proiektuaren barruko begiratokia bukatuko dute. Urtebete baino gehiago egon dira lanak geratuta. Saskibaloi kantxa ere egokituko dute.
Urdaibai Itsasoari Begira proiektuaren barruan, Elantxobeko Gorgonio Renteria Kultur Etxearen pareko talaian begiratokia egokitzea onartu zuten aurreko agintaldian. Lanekin hasi ziren, baina geratuta egon dira urtebete baino gehiago, eta orain horiek bukatuko ditu udalak.
“Orain dela bi urte onartu zuen udalak Urdaibai Itsasoari Begira proiektua, eta guk hasita bai, baina geratuta topatu genituen. Enpresei aurrekontuak eskatu eta negoziaketetan ibili gara. Elantxoben halako leku batean lanak egitea gaitza da. Iriste erraztasuna ez da erraza, kamioiak ezin dira bertara sartu eta bestelako makineria beharrezkoa da… lanak biderkatzen dira, eta horrek obra garestitzen du”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Antzina herritarrei baleak behatzeko baliagarri izaten zitzaien begiratokia berreskuratzez gain, harengandik hurbil dagoen saskibaloi kantxa ere egokituko dute. Gaur egun begiratokian lehen hasitako lanen obra-hondakinez beterik dago. “Behar den moduan ipiniko dugu herritarrek erabili ahal izateko”.
70.000 bat euroko aurrekontua daukate. Bi enpresei esleitu diete obra, eta asteon hasita, udarako bukatuta egoteko esperantza daukate. Izan ere, lanen epeak zehatz jakitea ez da erraza izaten, eta are gutxiago oraingo ez ohiko egoera honetan. “Orain daukagun egoera kontutan hartuta, gutxi gorabehera espero dugu sanpedroetarako bukatu ahal izatea”.