Itxialdi aurreko ebaluazioak hartuko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako
Hezkuntza Sailak balizko itzulera bat prestatu du bereziki kritikotzat jotzen diren hezkuntza mailak lehenetsiz. Modu horretara, DBH4, Batxilergoko eta Lanbide heziketako lehen mailetako ikasleak jarduera presentzialera itzultzeko aukera aurreikusten dute.
Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak ikasturteari amaiera emateko Jaurlaritzak prestatu duen Hezkuntza Plana aurkeztu du gaur [apirilak 22]. Iragarri duenez, ikasturte amaieran kalifikazioari buruzko erabakiak hartzeko garaian, itxialdi aurreko ebaluazioak hartuko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako.
Koronabirusak eragindako egoeraren bilakaera ziurtasunez ezagutzea, eta osasun alarma egoerak zein iraupen izango duen zehaztea ezinezkoa denez, ikasturteko azken hiruhilekoan jarduera garatzeko irakaskuntzako eskuhartze osoa planifikatzea beharrezkoa dela esan du. “Ikasturte akademiko honen ezaugarri bereziak direla eta, jarduera presentziala eten aurretik ikasleek lortutako maila funtsezko oinarri modura erabili beharko da behin betiko ebaluazioari buruzko erabakiak hartzerakoan eta ikasturte amaierako kalifikaziorako“.
Hirugarren ebaluzioari dagokionez, ikastetxeek bi aukera edukiko dituztela azpimarratu du.
Hirugarren ebaluazio espezifiko bat egin ahal izango dute, eta, bestetik, amaierako ebaluazio integratu bat. Hori egiten dutenek, hirugarren hiruhilekoan helburuak eta gaitasunak lortu diren baloratu beharko dute. Ikastetxeek erabakiko dute ebaluazio hori zelan egin (aurrez aurre, ahal balitz; azterketak Internet eginez, lanak eginez, …).
Amaierako ebaluazio integratua egingo dutenek, berriz, etengabeko prestakuntza egin beharko dute ebaluzioaren esparruan. Kasu horretan, itxialdia eta gero emandako prestakuntzak gehitzeko balioa izango lukete (modu osagarrian). Hau da, lehen bi ebaluazioetan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan azken kalifikazioa zehazterakoan.
Aurrez aurreko hezkuntza jardueran zeuden bitartean aurreikusitako helburuak eta konpetentziak lortu ez dituzten ikasleen kasuan, bestalde, ikasturteko azken hiruhilekoan aurreko hiruhilekoei dagozkien gutxieneko helburuak lortzeko egingo dute lan. “Irakasle taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzako hezkuntza neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, ikasle horren txosten indibidualizatua egin beharko du, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita”.
Osasun agintariek erabakiko dute aurrez aurreko irakaskuntza berreskuratzea posible izango den edo ez. “Erabaki hori noiz iritsiko zain, Hezkuntza Saila ikasgeletarako itzulera mugatu bat diseinatzeko lanean aritu da. Osasun Sailak bidalitako informazioari erreparatuta, eta datozen asteetan ikasgeletan erabateko normaltasuna ezin izango denez berreskuratu, Hezkuntza Sailak balizko itzulera bat prestatu du bereziki kritikotzat jotzen diren hezkuntza mailak lehenetsiz”.
Zehazki, DBH4 mailako eta Batxilergoko bi mailetako ikasleak jarduera presentzialera itzultzeko aukera aurreikusten du Jaurlaritzak, osasun irizpideek horretarako aukerarik emango balute. Gaineratu dutenez, Lanbide Heziketako lehen mailetakoak ere itzuliko lirateke ikasgeletara.