Ikasleei laguntza emateko sarea antolatu dute
Apunteen bankua eta ikasleei laguntza emateko sarea antolatu dituzte unibertsitateko ikasleek
Koronabirusak sortutako egoerari irtenbidea eman asmoz, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) ikasleak laguntzeko sarea antolatu du. DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako laguntza den arren, unibertsitatean daudenek ere baliatu dezakete.
Alde batetik, apunteen bilketa egiten ari dira, behar duenak eskura izan ditzan. Era berean, apunteak partekatu gura dituenak uibnazionala@gmail.com helbide elektronikora bidali ditzake, PDF formatuan.
Bestetik, unibertsitateko gradu ezberdinetako ikasleek sarea sortu dute, arazoak dituzten ikasleei laguntza emateko. Zalantzak edo ikasketekin arazoak dituztenek hainbat bide dituzte laguntza eskatzeko: uibnazionala@gmail.com posta elektronikora idatzita; 688 646 697 zenbakira mezua bidalita whatsapp zein telegram bidez, edo deia eginez; edota Instagram kontua erabilita: @uib_nazionala.
Inplikazio handia. Ikasleen babes sarea eskari denak erantzuteko bitarteakoak erabiliko ditu: Skype, Hangouts, korreoz, telefonoz edo, behar izanez gero, gertu bizi den kideren bat etxera joango da, babes neurriak betetzen direla ziurtatuz gero.
Ekimenak harrera ona izan duela azaldu du UIBko kide Uxue Arrutik. «Jende asko inplikatu da, bai apunteak biltzeko zein ikasleei laguntza emateko». Dioenez, ikasleen «sare indartsu bat» ipini dute martxan, eta laguntza eskatzen dutenen kopurua handituz doala esan du.
Konfinamenduarekin batera, ikasleen egoera are zailagoa dela dio UIBk: online klaseek ez dituzte ikasleen beharrak asetzen, azterketa datak eta nola ebaluatuko den ez jakiteak ezinezkoa egiten du planifikazio bat egitea… «Ikasleen egoeraren berri dugu eta, zehaztasunetara jo barik, agerian geratu da egoera honek are gogorrago kolpatu dituela baliabide gutxien dituzten ikasleak», esan du Arrutik. Gainera, uste dute krisi egoera honen ondorioz gora egingo duela ikasketak ordaintzeko arazoak dituzten familien kopuruak. «Argi dago problematika hau modurik gordinenean pairatuko duena ikasleriaren sektore proletarizatuena izango dela».
Egokitzearen beharra. Gernikarrak azaldu du krisi honek dakartzan ondorioak, neutroak izatetik urrun, politikoak direla: «Beste behin, langile klaseak pairatuko ditu ondorio gordinenak». Esan du ikasleen babes sarearen helburua dela egoeraren larritasunari aurre egiteko mekanismoa izatea. Hezkuntza sistema aldatzearen eta egokitzearen beharra ikusten dute; hau da, ebaluazio eta edukien sistema goitik behera aldatzearena, eta, horrez gain, ikasketa kostuak ezabatzea.
Azaldu dutenez, «normala ez den egoera batean ezin da normaltasunez ebaluatu», eta kostuei dagokienez, «bigarren lauhilekoan jaso ez diren kredituen kostua bueltatzea edota alokairua ordaindu behar ez izatea» eskatu dute.