IAk ohartarazi du ikasleek egoera ezegonkorra bizi dutela
Ikasle Abertzaleek eta Busturialdeko Ikasleon Autodefentsa Sareak online bidezko ikasketa planak dituen hutsuneak identifikatu dituzte
Busturialdeko Ikasleon Autodefentsa Sareak eta eskualdeko Ikasle Abertzaleek (IA) elkarlanean alarma egoerak ikasleengan izan dituen ondorioak neurtzeko ekimena aurkeztu zuten joan den astean. Hala, ikasleen testigantzak eta kezkak jasota, ondorioak atera dituzte. Busturialdeko IAko kide Amaiur Arronategik azaldu bezala, «momentu honetan hezkuntza sistema hankaz gora dago, eta ikasleek egoera ezegonkorra bizi dugu».
Inkestak egin eta testigantzak batu ostean, ikasleen kezkak eta eskaerak gizarteratu dituzte. Arronategik dioenez, ezegonkortasuna eta desinformazioa dira nagusi gaur egun. Horregatik, planteatutako ikasketa programarekiko hiru baldintza betetzeko eskatu dute: batetik, orain arteko online bidezko ikasketa plana bertan behera geratzea eskatu dute; bestetik, jarduera edo ikasketa bakoitzean beharrezkoa den materiara mugatzea eta, azkenik, materiaren lanketarako baldintzak bermatzea.
Horrez gain, online bidezko klaseak derrigorrezkoak ez izatea ere eskatu dute, zenbait ikasleren kasuan modu horretara lan egiteko baldintzak bermatu ezin direlako. Era berean, edukien lanketarekin aurrera egin gura duenaren borondatea errespetatzea ere garrantzitsua dela uste du IAk.
Informazio eza. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa Erkidegoetako ordezkariekin bildu zen joan den astean, eta ikasturteari amaiera emateko irizpideak zehaztu zituen. Zelaak esan zuen ikasle denek gaindituko dutela ikasturtea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek jakitera eman du ekainean ikasgeletara bueltatzea ez duela baztertu, eta lau ikasmaila lehenetsiko dituzte: DBHko laugarrena, Batxilergoko biak, eta Lanbide Heziketako lehena.
Busturialdeko Ikasle Abertzaleek egin duten eskaria da hirugarren ebaluazioa ikasle denek gainditzea, modu orokorrean. Era berean, aurretik gainditu gabe dituztenentzat errekuperatzeko eskubidea bermatu beharko litzatekeela uste du. «Gainera, norbaitek emaitza hobetu nahiko balu, horretarako aukera ere izan beharko luke», zehaztu du Arronategik.
Ikasturteari dagozkien erabakiak hartzeko irakasleekin harremana izatea ezinbestekotzat jotzen dute. Esan dutenez, ikasleek jakin behar dute irakasle bakoitzak zer eskatzen duen irakasgaia gainditzeko, eta nola ebaluatuko duen. Desinformazioa handia dela esan du Arronategik, eta ikasleen kezka eta ezegonkortasun hori plazaratzea izan da ekimenaren asmoa; «horregatik, testigantzak jaso ditugu, eta inkesta bat ere bideratu dugu, ikasleen egoera gertutik ezagutzeko».
Selektibitatea egin behar dutenen egoerak ere kezka sortu du: «Edukia ez dute behar bezala prestatuta, eta badira etxetik ikasteko bitartekoak ez dituztenak ere». Arronategik esan duenez, inkestak agerian utzi ditu ikasleek hezkuntza sistemara egokitzeko dituzten zailtasunak.
Emaitzak partekatu. Ondorioak bilduta, hurrengo pausoa hezigune bakoitzeko jendearekin batzea litzatekeela esan du Arronategik, emaitzak partekatzeko: gurasoekin, irakasleekin… Posible balitz, ikasturtea amaitzeko bitartekoak bermatuko dituen mekanismoren bat martxan jartzea ondo legokeela uste dute ikasleek, baita hurrengo ikasturtearekiko dituzten kezkak eta zalantzak argitzea ere.