Helikopteroek lurra hartzeko gunea egokitzen ari dira Elantxobeko portuan
Bixentaneko moilan lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza. Udalak egin zion helikopteroentzako gunea egokitzeko proposamena.
Elantxobeko portuan lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza. Astelehenean hasi zituzten Bixentaneko moila egokitzeko lanak, eta besteak beste, larrialdi egoeretan helikopteroek lurra hartzeko gunea egingo dute bertan.
40.000 bat euroko aurrekontua daukate horretarako. Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak azaldu duenez, lanek 15 egun irautea aurreikusi du Portu Zuzendaritzak. “Aurtengo uda ez dakigu zelakoa izango den, baina hemen udan jende asko batzen da, eta hemengo ostalarientzat eta merkatarientzat oso garrantzitsua da uda. Horregatik, sasoi horretan portu erdian halako obra handi bat edukitzea herriarentzat kaltegarria izango litzateke. Beraz, lanak uda aurretik egiteko eskatu genion Portu Zuzendaritzari”, esan du alkateak.
Bixentaneko moila ez da egoera onean egon, zimentazio arazoen ondorioz, beherantz zihoan, eta beraz, Portu Zuzendaritzak moila egokitzea erabaki zuen. Orduan, udaletik, bertan helikopteroek lurra hartzeko gunea egiteko eskaria luzatu zioten. “Hasieran esan ziguten, gune hori egokitzeko Gizarte Larrialdien Zuzendaritzak eman behar zuela onespena; horiek halako gune bat herriarentzat ezinbestekoa dela esanez gero egingo zutela. Bertara jo genuen, eta hona etorri ziren lekua ikuskatzera eta gurekin bat etorri ziren. Beraz, Portu Zuzendaritzak gure proposamena onartu zuen”, azaldu du Egurrolak.
Hain zuzen, aspaldi helikopteroek orain egokituko duten gunean lurra hartzen zutela gogoratu du alkateak, eta hori berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du. “Lehen hor lur hartzen zuten, baina aspalditik ez. Monumentu bat egon da eta baita farolak ere”. Udal gobernu taldearentzat eta oro har, herriarentzat oso beharrezkoa da halako leku bat edukitzea: “Anbulantzia etorri eta ospitaleraino joateko denbora asko galtzen da; errepideak ere ez dira onak-eta”. Zerbitzua herritarrentzat zein itsasoz herrira heltzen direnentzat izango da.