Babesa elkartasunagaz itzulita
Spookypheria Productions elkarteak urte solidarioa du aurtengoa. Eutsi Gogor Danak Batera elkartearentzako dirua batuko dute antolatzen dituzten jaialdietan.
Uurte garrantzitsua da Bermeoko Spookypheria Productions elkartearentzat. Taldeak antolatzen duen Gorefest zinema jaialdiak 20 urte beteko ditu aurten, eta 80ko hamarkadako jaialdiak ere 10 urte bete ditu. Horregatik guztiagatik uste dute momentu ona dela herriak urte hauetan guztietan emandako babesa itzultzeko. Modu horretan, elkarteak antolatzen dituen hiru jaialdiak solidarioak izatea erabaki dute.
Elkartasunezko keinua herrikoa den Eutsi Gogor Danok Batera (EGDB) elkarteagaz izatea erabaki dute. Gaixotasun arraroak dituzten umeen familiek osatzen dute elkartea, hain zuzen ere. «Uste dugu haurrak, haurtzaroan, haurrak izateaz bakarrik arduratu beharko liratekeela. Edozein gaixotasunek egoera hori aldatzen badu, gutxi bada ere, euren egoera hori hobetzen lagundu gura genuke», azaldu dute. Diotenez, elkarteko arduradunak «pozik» eta «eskertuta» agertu dira Spookypheriakoek hartutako erabakiagaz.
Dagoeneko 1.084 euro badauzkate Eutsi Gogor Danak Batera elkarteari emateko. 80’s Partyren hamargarren urteurrena egin zuten otsailaren amaieran, eta Vade Retro jaialdia bihurtu zuten, hamarkada gehiagotako musikagaz; 50eko hamarkadatik hasi eta 90eko hamarkadara artekoa. Sarrera bakoitzeko 2 euro gorde zituzten elkarteari emateko.
Batutako dirua oraindik ez dute EGDB elkartearen esku jarri; izan ere, zatika barik batutako guztia batera ematea adostu dute. EGDB elkarteak urte amaieran antolatzen duen San Silbestre lasterketaren amaieran antolatzen duten ekitaldian emango diote batutako guztia.
DVD bat argitaratu. Elkartearen aurtengo bigarren jaialdia uztailaren 17rako aurreikusita dago, hala ere, koronabirusaren egoera dela eta, ez dakite aipatu data mantendu ahalko duten. Gorefest zinema jaialdia oraindik «guztiz zarratu» barik daukatela azaldu dute. Ohi legez, hala ere, film laburrak eskainiko dituztela jakinarazi dute: hori bai, «ukitu desberdina» izango du. Nestor Basterretxea areto barruan akotoreen emanaldiak ere ez direla faltako aurreratu dute.
Gorefest zinema jaialdiaren 20. urteurrena izanik, zerbait berezia ere badaukate buruan. Bermeo eta kanpoko zenbait zuzendarik grabatutako film laburren antologia bat sortu eta argitaratuko dute. Emaitza Gorefest jaialdiaren baitan ezagutu ahalko da. Gainera, DVD bat argitaratuko dute, eta 10 euroan jarriko dute salgai. DVD horien salmentan ateratako diru guztia Eutsi Gogor Danak Batera elkartearentzat izango dela aipatu dute elkarteko ordezkariek.
Gorefest Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia Spookypheria Productions elkarteko kide Iñigo Atxaren ekimenez eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz sortu zen orain dela 20 urte. «Zenbait film labur nituen eginda betiko lagunekin. Modu oso amateurrean zeuden grabatuta 1998 eta 2000 urteen artean, nire gurasoek etxean zeukaten bideokameragaz. Rober Garaik Gernika-Lumon antolatzen zuen Pura Caspa oinarri hartuta, Bermeon ere antzeko zerbait egin ahal genuela pentsatu genuen; grabatuta genituen film labur horiek ezagutzera emateko. Hasierako ideia proiekzio bakarra egitea izan zen, hala ere, arrakasta izan zuen, eta hortik etorri dira ondorengoak», dio Atxak.
Bigarren urteko jaialdia antolatzeko Fernando Martinez elkarteko kidearen laguntza eduki zuen, eta hirugarrenean, berriz, bigarren jaialdian ikusle modura egon ziren Jabi Garcia eta Iraide Narbaiza ere sartu ziren antolakuntzara. Hala sortu ziren bai Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia eta baita ofizialki Spookypheria Productions elkartea ere.
Gorefestak aldaketak izan ditu, baina aldaketa horiek, batez ere, teknologiari lotutakoak izan direla diote (kamerak, ordenagailuak, grabatzeko eta editatzeko moduak…).
«Konturatu barik» Gorefestak 20. urte beteko ditu: «Hasten zarenean ez duzu pentsatzen noraina iritsiko zaren. Bategaz amaitzen duzunean, hurrengoa prestatzen hasten zara, arinago ez bada, eta horrela, hogeigarrenera iritsi gara».
Beranduago iritsi ziren elkarteak antolatzen dituen Halloween Metal Fest jaialdia 80’s Partya. Halloween Metal Festa «modu naturalean» iritsi zen. Fantasiazko eta beldurrezko zinema gustuko dute elkarteko kideek, bai eta metal musika ere. 2007an Metal, A Headbanger’s Journey dokumentala ikusi zuten, eta Bermeon jartzea pentsatu zuten; «gure moduko zaleentzat». Argi zeukaten, baina, Gorefesta ez zela egokia dokumentala jartzeko, eta orduan ireki berri zegoen Bermeoko Kafe Antzokian jartzea erabaki zuten. Dokumentalagaz batera, bideoklipak jarri zituzten, eta zuzeneko emanaldiak ere egon ziren. Modu horretan sortu zen Halloween Metal Festa. Urteekin, hala ere, zuzeneko emanaldietara mugatu da.
Aurtengo Halloween Metal Fest jaialdia urriaren 31n izango da, eta sarreretatik batutakoaren zati bat EGDB elkartearentzat izango dela jakinarazi dute.
80’s Partya ere «modu sinplean» sortu zela diote: «Garai horietan umeak ginen eta hamarkada horretako musika eta zinema dugu gustuko. Orduan, jai txiki bat egitea izan zen asmoa. Jaia, baina, arrakastatsua izan zen, eta txikia handi bihurtu zen; geratzeko etorri zen. Sarreren salmentatik, gainera, aparteko diru sarrera bat lortzen dugu antolatzen ditugun beste bi jaialdiak hobeak izan daitezen».
Hiruren artetik jendetsuena 80’s Party izaten da, baina publiko orokorrari deituta ere badagoelako izan daitekeela diote. Beste biak, hala ere, bere esparruan «arrakastatsuak» dira. Azken bost urteetan Gorefestak Nestor Basterretxea aretoa bete du, eta Halloween Metal Fest jaialdiak bere lekua du metalzaleen agendetan, gero eta gehiago dira Bermeora joaten direnak.