Auzitegi Nazionala herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da
Auzitegi Gorenak 107 kultur elkarte zigortu zituen 2016. urtean, 35/02 auziaren baitan; tartean Gernika-Lumoko Arrano Kultur Elkartea eta Bermeoko Bolatoki.
Sortuk jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da, horien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanez. Zenbat elkarte eta tabernaren kontuen aurkako neurria hartu du Espainiako epaitegiak, eta datozen orduetan gainontzekoen aurka ere joko duela uste dute.
Duela 18 urte hasi zen herriko tabernen aurkako auzia, eta 2016. urtean eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 auziaren gaineko epai irmoa. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi zituen lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu zituen Gorenak; tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur elkartea eta Bermeoko Bolatoki.
Gaur, sententzia betetzen hasiak direla jakitera eman du Sortuk, eta Gernikako elkartearen kontrako mugimenduak nabaritu dituztela. Alderdi politikoak dioenez, “eskandaluzko epai politiko horrek 36ko gerraz geroztik eman den espoliazio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion”. Hala, beste behin ere, Sortuk salatu du epai hori ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat dela.
2016an sententzia eman zutenetik, lau urte igaro dira, baina bitartean, herriz herri, auzolanean eurek ekarpen politiko eta kulturalari eutsi diotenak asko izan direla esan du alderdi politikoak. Gaineratu du ezker abertzaleak eta euskal gizarteak aspaldi adierazi zutela iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakea eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko dituen eszenatoki politiko berri baten aldeko konpromisoa behar dela.