"Ikarak gainditu behar ditugu erakusmahaian lanean gaudenean"
Lehen lerroan lanean ari dira farmazialariak, funtsezko lana egiten baitute Espainiako Gobernuaren arabera. Egoerara moldatu beharra eduki dutela diote Bermeoko Gabilondo Farmaziakoek.
Lehen lerroan lanean ari zarete farmazialariak. Zelan daramazue egunerokoa?
Alerta egoera hasi denetik, beste zerbitzuak alde batera utzi eta sendagaiak eta sintoma arinen arretari lehentasuna ematen gabiltza. Alerta egoera dela eta, txandaka gabiltza lanean. Aurrez aurreko arreta ordutegia ere murriztu egin dugu, harremanak gutxitzeko eta denon osasuna babesteko. Gainera, segurtasun neurriak ere bete behar ditugu, bai eta garbitasuna areagotu ere. Gure egunerokotasuna aldatu da nabarmen.
Gobernuak zuenganako hartu duen erabakia zelan hartu duzue? Beste moduren batera egin zitekeen?
Farmaziak irekita egotearen erabakia ondo hartu dugu; zentzuzkoa da. Osasun zentroetan lana areagotu egin da, batez ere, bertako langileria koronabirusa artatzen duten beste zentro batzuk indartzera pasatu direlako. Hortaz, horrelako momentuetan osasun arreta farmazien bitartez indartzea oso positiboa iruditu zaigu. Askotan gaixoek guregana jotzen dute lehenengo. Materialen kudeaketa da, agian, hobetu ahal izango litzatekeena. Ez dira iritsi botiketara eskatu beste maskara, termometro, eskularru eta gel hidroalkoholiko.
Ikaraz ala errespetuz lan egiten duzue?
Ez dakigu datorren astean zein izango den egoera, are eta gutxiago bi aste barru. Egunean egunekoa egiten dihardugu, ahalik-eta hoberen eta profesionaltasunari uko egin barik. Ikarak bai, baina horiek gainditu behar ditugu erakusmahaian lanean gaudenean, gaixoek hori ere eskertzen dute eta. Ikarak eta ezjakintasunak danok dauzkagu, baina segurtasun neurriak jarrita eta gomendioak beteta lan egiten dugu.
Maskarak, eskularruak, gelak eta termometroak falta dira. Lehenengo astean amaitu ziren gure biltegietan zeudenak, eskaerak izugarriak izan ziren. Orain badirudi material gehiago iritsiko dela
Hiru aste eta erdi daramatzagu konfinamenduan, hasieratik gaur egun arte, farmaziaren egoera aldatu egin da?
Lehenengo aste eta erdia izan zen gogogorrena. Gomendioak egunero aldatzen ziren: ordutegi murrizketa, banan-banan atenditzeko gomendioa, erakusmahaia orduro garbitzea, txandaka lan egitea… neurriak gutxi-gutxika hartu ziren, baina dena astebetean edo aste eta erdian. Geroztik, gauza baretu egin da. Egunero heltzen da informazio berria koronabirusari buruz, egia da, baina ez da horrenbesterako. Erakusmahaian metakrilatozko pantailak jarri ditugu, euskal makers-ek egindako biserak iritsi zaizkigu, baita eskularruak ere. Erakusmahaia sarri-sarri garbitzen dugu ura eta alkoholagaz, eta mukizapiak eta gel hidroalkoholikoak gaixoen eskura jarri ditugu. Jendearen jarrera oso ona da. Banan-banan sartzen dira botikara, eta oso ondo onartzen dute itxaroten egotea. Badira hamar egun, 2-3 hilabeterako tratamenduak dispentsatzeko baimena eman zigutela (orain arte hilabeterako bakarrik eman zitezkeen). Neurri hori dela eta, denbora gehiago egoten gara bezero bakoitzaren tratamenduak prestatzen; baina jendeak ondo onartzen du egoera. Bezero bakoitzari bere denbora eman behar zaio. Nahikoa arrunta da pertsona bat bere familiako guztien tratamenduen bila etortzea. Horregatik, nahiz eta jende gutxiago etorri botikara, dispentsazioak berdinak ala zer edo zer gehiago dira.
Zelan zabiltzate materialagaz?
Sendagaiekin orokorrean nahikoa ondo gabiltza. Beti egon izan dira gabeziak, eta orain ere egon badaude. Hala ere, sendagaien gabeziak ordezko beste sendagai batzuengandik aldatzen dira, eta orokorrean, ez dago arazorik. Bestelako materialekin, berriz, bai dago arazoa. Maskarak, eskularruak, gelak eta termometroak falta dira. Lehenengo astean amaitu ziren gure biltegietan zeudenak, eskaerak izugarriak izan ziren. Orain badirudi material gehiago iritsiko dela, baina ez dakigu zenbat eta noiz. Kudeaketa oso zaila da, prezioak eta kalitatea ondo aztertu behar ditugu.
Herritarrek serio hartzen dituzte neurriak?
Orokorrean bai. Beti dago norbait gogorarazi behar zaiona erakusmahaian ez dela ezer utzi behar edo segurtasun distantzia mantentzea derrigorrezkoa de-la. Hala ere, herritarren jarrera oso ona da.
Infekzioa hartzea da kezka nagusiena, batez ere pertsona nagusiak dituzten zaintzaile eta etxekoen artean. Gure nagusien osasuna da gehien kezkatzen gaituena.
Eskaerak telefonoz egin daitezkeela zabaldu duzue sare sozialetatik. Badabiltza herritarrak hori egiten?
Batzuetan botikara birritan etorri behar izaten da pazientea, sendagai batzuk enkarguz eskatu behar izaten direlako. Bi aldiz etortzea ekiditeko, lehen ere telefonoz deitu eta enkargua telefonoz bideratzen genuen. Eta orain, bide horrek lehen baino zentzu handiagoa dauka, horregatik zabaldu dugu sare sozialetatik, eskaerak telefonoz egin daitezkeela. Sendagaien kasuan, telefonoz deitzea eskatzen dugu; WhatsAppa bestelakoetarako erabiltzen dugu, datuen babesa dela eta.
Gertatu zaizue jendeagaz mediku edo psikologo lanak egin behar izatea?
Jendea oso urduri dago, eta giroak, gainera, ez du laguntzen. Denda asko itxita daude. Lehen edozein establezimendutan hustu ahal zituzten barrenak, orain, baina, gutxi gara zabalik gaudenak; jendearen urduritasuna eta kezkak arintzen laguntzeko eskura gauden pertsonak gara. Farmazia bat izanda, gainera, osasun gaien gaineko kezkak arintzeko aukera gehiago ematen ditugu. Infekzioa hartzea da kezka nagusiena, batez ere pertsona nagusiak dituzten zaintzaile eta etxekoen artean. Gure nagusien osasuna da gehien kezkatzen gaituena.
Aste Santua dator. Zeintzuk dira aurreikuspenak?
Jai egunetan farmazia bat bakarrik dago zabalik. Zapatuan, hala ere, botika batzuk zabalik egon daitezke, baina goizez bakarrik. Jai egunak izanda, sendagaiak ez diren bestelako materiala heltzeko aukerak oso txikiak dira.
Herriaren beharrizanetarako lan egitea oso polita da, eta jendeak badaki eskertzen.
Genero indarkeriari aurre egiteko Maskara 19 kanpaina martxan dago. Ze iritzi daukazue kanpainari buruz?
Oso gogorra da denontzat etxean irten barik egotea. Pertsona bakoitzak bere modura biziko du egoera berezi hau, baina indarkeriaren menpe dauden emakumeen egoera gogorra baino gogorragoa dela badakigu. Botikan horri buruz egin dugu berba, eta aipatu kanpaina baliagarria iruditu zaigu.
Egoera latzetan ari zarete lanean, jendeak badaki eta detaileak ere badauzkate zuekin. Indarrak ematen al dituzte?
Benetan hunkigarria da batzuen berotasuna. Indarra eman eta bizipoza da horrelakoetan sentitzen duguna. Pasadizo politak bizi izan ditugu egunotan. Eskuzabaltasuna da azpimarragarriena. Pasta batzuk erostera joan eta dendariak guretzako zirela jakin zuenean, kobratu ez. Biserak eta oihalez egindako maskarak ere egin dizkigute. Herriaren beharrizanetarako lan egitea oso polita da, eta jendeak badaki eskertzen.