Familia denek janaria izateko
Besteren artean, Gurutze Gorria ari da boluntarioen laguntzagaz behar handiena daukaten norbanako eta familiei laguntzen, jatekorik falta ez izateko.
Koronabirusaren pandemiaren aurrean ere gosearen aurkako borrokan jarraitzen dute lanean Elikagaien Bankuek, eta, momentu honetan, gainera, harremanetan daude, etengabe, Gurutze Gorria bezalako ongintzako erakunde, boluntario talde eta udalekin, behar handiena daukaten norbanako eta familiei, behintzat, jatekorik falta ez izateko.
Bermeon beharrizana daukatenei elikagaiak banatzeaz arduratzen den Kate Sarea elkarteak bere jarduna eten beharra eduki du alarma egoera honetan, eta Bermeoko Gurutze Gorriak hartu du ardura. Kate Sareak, hala ere, irtenbidea eman behar zion biltegiko elikagaiei. Mirenlur Santiago elkarteko arduradunak azaldu duenez, elikagai sortak prestatzen ibili da Gurutze Gorriari laguntzeko. Katean lanean ibili direla dio Santiagok; profilaren araberako elikagai sortak prestatu dituzte. “Serrats kontserberak hainbat hegaluze lata eman dizkio Kate Sareari, eta guk horiek Gurutze Gorriaren esku utzi ditugu”.
Kate Sarea elkartearengandik elikagaiak jasotzen zituzten familiei laguntza emateaz gain, une hauetan beharrizana daukaten familiei elikagaiak banatzen ere badabil Gurutze Gorria. “Jasotzen ditugun eskariak Gizarte Ongizate Patronatura bidaltzen ditugu, horiek filtroak pasa ditzaten eta benetako beharrizana zein den aztertu dezaten”, dio Bermeoko Gurutze Gorriko kide Ainhoa Munitizek. Orain arte 59 eskaera berri izan dituztela jakinarazi du, baina kopuru horrek gora egingo duelakoan dago; “egunero jasotzen ditugu deiak”. Hala ere, larrialdi egoerak ere badaudela dio Munitizek: “Momentuan elikagaiak behar dituztenak daude, ez dugu inor elikagai barik utziko. Kasu horietan berehalako erantzuna ematen dugu, nahiz eta gero Gizarte Ongizate Patronatura jo beharra daukaten”. Gurutze Gorriak Erantzuten du programaren baitan eskaintzen duten zerbitzuetako bat da hori, eta Bermeon lau eskari izan dituzte. Larrialdirako beharrezko elikagaiak, gutxi gorabehera, 15 egunerako banatzen dituzte.
Aipatu programaren baitan, bestalde, sastarrak ateratzeko zerbitzua ere eskaintzen dute, eta hiru pertsonek eskatu dute zerbitzua; premiazko lekualdaketa bat ere egin dute. Elikagaiak eta sendagaiak eroateko zerbitzua, berriz, hamazortzi pertsonak eskatu dute. Etxeko animaliak ateratzeko zerbitzua ere eskaintzen dute; hala ere, Bermeon oraindik ez du inork zerbitzu hori eskatu. Dibertsitate funtzionala daukatenei kalera joateko laguntza ere ez du inork eskatu. “Momentuz ez dugu eskaerarik jaso, agian, herritarrek ez daukate horren berri”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 70 urtetik gorakoei zuzenduta martxan jarri duen Guztion Artean programaren baitan, eskaera bakarra eduki dute. Horrez gain, inguruko bost zaharren egoitzetara elikagaiak eroan dituzte.
Gauza horiek guztiak egiteko boluntarioen beharra daukate. Bizkaiko Foru Aldundiaren #BizkaiaGara kanpainatik zenbait boluntarioren laguntza daukate, hala ere, lanean ari diren gehienak Gurutze Gorriaren boluntarioak direla azaldu du: “Goiz eta arratsalde lanean ari gara”. 20 boluntario inguru ari dira gaur egun. Gaur gaurkoz, beharrizana dagoela ikusten dute, “uste duguna baino gehiago”: “Seme-alabak dauzkaten eta bakarrik bizi diren emakume asko hurbildu zaizkigu, gizonak baino gehiago”.
Gernika-Lumoko Gurutze Gorriak orain arte eman dituen zerbitzuak mantendu eta indartu egingo dituztela esateko prentsaurrekoa eskaini zuen orain dela bi aste, eta hala egiten ari dira. Horiek arduratzen dira Busturialdean gehien behar dutenei elikagaiak banatzeaz. Bermeo ezeze, gainontzeko herrien ardura daukate. Alarma egoera ezarri aurretik Busturialdeko 550 familia inguruk jasotzen zuten laguntza.
Ainhoa Unzueta Gernika-Lumoko Gurutze Gorriko esku hartze sozialeko teknikariak azaldu duenez, egunero dabiltza familia berriak elikagaiak eskatzen; “gutxi gorabehera orain arte hogei familia inguruk jo dute guregana, hala ere, gehiago izango dira. Oraindik familia asko ez dira estu ikusi. Egoerak goraka jarraituko du, egunez egun hurbiltzen ari dira bulegora laguntza eske”.
Elikagaiak hilean behin banatzen dituzte, normalean hilabeteko azken astean; Bizkaiko Elikagaien Bankutik jasotzen dituzte elikagaiak. Hala ere, egoera honen aurrean, larrialdirako beharrezko elikagaiak banatzen ari dira: “Alarma egoera ezarri arte kontratu barik lanean zeuden zenbait lagun etorri zaizkigu laguntza eskatzera. Aurrezkirik barik, egunez egun, bizi direnak dira horiek, egun batetik bestera diru barik ikusi dute burua. Orduan, momentuan ematen dizkigu elikagaiak ohiko banaketara itxaron barik”.
Boluntario izateko eskaerak ere jaso dituzte; 50 edo 60 inguru. Boluntario gehiagoren beharra daukatela dio, interesa daukatenek honako telefono zenbakietara deitu ahalko dute: 94- 625 19 88 eta 696 92 50 47.
Gurutze Gorrikoek eskaintzen dituzten zerbitzu horien beharra daukatenek 94-522 22 22 telefono zenbakira deitu beharko dute.