Probetan positibo eman dutenen kopurua jaisten doala esan du Osasun sailburuak
Gaur kaleratutako datuen arabera, Busturialdean 171 dira positibo emandako pertsonak: 74 Bermeon, 45 Gernika-Lumon, 17 Busturian, 14 Mundakan, 4 Elantxoben, bina Arratzun, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan eta bana Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Muxikan eta Nabarnizen.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 23.246 proba egin dituzte atzora arte. Atzo egindako 768tik % 27k positibo eman zuen. Azken hilabete honetako portzentajerik baxuena dela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak gaurko Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan: “Martxoaren 7tik dugun portzentaia baxuena da”.
Azaldu duenez, ospitaleetan ingresatutakoen kopurua jaisten doa eta probak egiten zaizkienen artean gero eta gutxiago dira positibo ematen dutenak. “Gaur atzo baino 31 ingresatu gutxiago ditugu osasun zentroetan. Proba egiten zaienen artean, gero eta gutxiago dira positibo ematen ari direnak. Badakigu bide luzea eta gogorra izango dela, eta inork ez digu bermatzen zifra hauek gorantz joango ez direnik berriro ere. Baina lanean eta segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar dugu”, ohartarazi du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 211 kasu positibo berri izan dira azken orduotan, eta gaur eman dituzten datuen arabera, 9.021 pertsonak eman dute positibo. Horietatik, 1.725 ospitaleetan daude. 586 hildako baieztatu ditu Jaurlaritzak (38 atzo). Bestalde, 3.728 pertsona dira birusa gainditu eta alta jaso dutenak.
Gaur kaleratutako datuen arabera, Busturialdean 171 dira positibo emandako pertsonak: 74 Bermeon, 45 Gernika-Lumon, 17 Busturian, 14 Mundakan, 4 Elantxoben, bina Arratzun, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan eta bana Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Muxikan eta Nabarnizen.
Osasun sailburuak zehaztu du gaur gaurkoz, 466 paziente daudela etxeetan ospitaleratze-jarraipena jasotzen (270 Bizkaian, 100 bat Araban eta 90 Gipuzkoan). Halaber, esan du epidemia hasi zenetik 2.000 herritarretik gorak jaso dutela osasun arreta: “Osasun zentroekin harremanetan egon dira, batzuei telefonoz eman zaie zerbitzua, beste batzuei etxera joan zaizkie mediku eta erizainak eta kasu batzuetan pazienteak osasun zentroetara hurbildu dira probak eta azterketak egiteko”.
Halaber, argi utzi gura izan du zaharren egoitzak ez dituztela ospitale moduan egokitu: “Ospitaleetan lekua dago, eta ohe bat behar duen edonork, badauka”. Azaldu du egoitza horietan badaudela arreta maila handiagoa behar dutenak, eta horregatik, behar duten arreta eman dezaketen egoitzak identifikatu eta beharra daukaten egoilarrak horietara bideratu dituztela: “Egoitza horietan zaintza eta mediku arreta hobea daukate orain eta noski, behar izanez gero, ospitaleratuko ditugu”.
Gaurko agerraldian Espainiako Gobernuak proposatutako “Noeren kutxei” buruz galdetu diote Iñigo Urkullu Lehendakariari, eta esan du eskaerari erantzuteko lanean ari direla, baina proposamenaren zehaztasun faltaz aritu da. Zalantza asko sortzen dizkiela adierazi du, eta Sanchezen gobernuak horiek argitu beharko dituela: “Nortzuk dira hor artatu behar diren pertsonak? Nola identifikatuko ditugu sintomatikoak eta asintomatikoak direnak edo sintoma gutxi dituzten pertsonak? Ze baliabide eduki behar dituzte halako azpiegiturek? Non kokatu behar dira, herrika, bailaraka, eskualdeka, lurraldeka? Nork artatuko ditu hor egongo diren pertsonak? Nola zainduko dira garbiketa, elikadura…? Hainbat galdera dira argitu beharrekoak”. Hain zuzen, galdera horiek helarazi zizkion atzo Osasun sailburuak Espainiako osasun ministroari.
Maskaren erabilera jendarte osora zabaltzeari buruz ere galdetu diote Urkulluri. Jaurlaritzaren ustez, Munduko Osasun Erakundeak atzo gogoratu bezala, beharrezkoa dutenek soilik erabili behar dituzte, hau da, osasun profesionalek, gaixoek eta zaintza lanetan ari direnek. Jaurlaritza adituen irizpideak eta MOEren gomendioak kontutan hartuta ari dela eta ariko dela gaineratu du. “Atzo bertan esan zuen Munduko Osasun Erakundeak ez duela erabilera masiboa edo orokorra gomendatzen”. Materiala banatzeko euskal enpresekin eta zientzia eta teknologiaren euskal sareagaz lanean dabiltzala zehaztu du, norbanakoen zein taldekako babeserako “ekoizpenerako sistema propioak” sortu ahal izateko, eta horrela, bertotik bertokoak hornitzeko. Gogora ekarri du banaketan osasun arloko kolektiboek eta oinarrizko beharrizanak asetzeko sektoreetakoek daukatela lehentasuna.
“Pandemia hasi zenetik, larritasun handiagoko presentzia klinikoak kezkatzen gaitu, batez ere adineko pertsonengan edo aurretiko gaixotasun kronikoak dituztenengan gerta daitekeena, baina kasu batzuetan gazteei edota identifikatu gabeko arrisku faktorerik ez daukatenei ere eragin diezaieke”, esan du Murgak.
Test azkarrengatik galdetuta, adierazi du PCR dela diagnostikorako erraminta egokiena eta horrekin lan egiten dutela Osakidetzan, “diagnostiko gehienak haren bidez” egiten dituztela azaldu du: “Test azkarrak lagungarri izango dira eta erabiliko ditugu, testuinguru jakin batzuetan. Adituek esandakoari jarraituz erabiliko ditugu. Baliteke test berriak ere agertzea eta horiek ere eskuratzen joango gara”.
Bestalde, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen tratamenduak etxetik irten gabe (eta hortaz, euren osasuna eta profesionalena babestuz) bermatzeko Osasun saila medikamentuen banaketarekin lotuta azken asteotan garatzen ari den ekintzak ere aipatu ditu sailburuak bere agerraldian. Neurri horietako bat, tratamenduak automatikoki luzatzea izan da, osasun zentroarekin harremanetan jarri gabe bi hilabeterako medikazioa eduki ahal izateko. Dagoeneko, 337.000 pertsona baino gehiagok badauka denbora horretarako medikazioa etxean.
Informazioa emateko. Eusko Jaurlaritzak herritarrak informatzearen ardura daukala adierazi du Murgak, eta horretara bideratutako bitartekoei buruzko datuak eman ditu. Herritarren informazio beharraz ohartzen direla eta horretan lanean ari direla zehaztu du: “Komunikazio bideak ematea lehentasuna da Jaurlaritzarentzat”.
Euskadi.eus/coronavirus erreferentziazko webgunea bihurtu dela azpimarratu du, azken aste honetan egunero batez beste 80.000 bisita jaso dituela zehaztuz.
Osakidetzak eta Osasun Sailak Maia izeneko laguntzaile birtuala jarri zuten martxan zapatuan, zalantzak argitzeko eta herritarren osasun egoeraren jarraipena egiteko. Hiru egunotan, 1.441 herritarrek erabili dute chatbot hau.
Bestalde, honez gero 51.500 deskarga izan dituen COVID-19.EUS APPren bidez, COVID19koak izan zitezkeen sintomak zituzten 1.186 pertsona detektatu dituztela azaldu du Murgak, familia-medikuarengana joateko gomendioa emanez. Horrez gain, aplikazio honetako txat medikuan diharduten osasun profesionalek, gaur gaurkoz 10 kasu larri antzeman dituzte. “Zerbitzu hori sendotu egin da azken egunotan eta, dagoeneko, 84 osasun profesional ari dira bertan”.