Merkataritza, ostalaritza, turismoa, enpresa eta kulturari dagozkien premiazko neurri zehatzak iragarri ditu Unai Rementeriak
Lurraldeko bizi-kalitatea berreskuratzeko eta normaltasunera itzultzeko helburua daukan 'Bizkaia Aurrera' plana aurkeztu du gaur ahaldun nagusiak.
COVID-19ak eragindako krisitik ateratzeko prozesua bizkortzeko tresna modura aurkeztu du Bizkaia Aurrera plana Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, gaur.
Merkataritza, ostalaritza, turismoa, enpresa eta kultura ardatz dituzten premiazko neurri zehatzak proposatzen ditu planean eta horiek martxan jarriko dituela adierazi du. Helburua argia dela azaldu du: lurraldeko bizi kalitatea lehengoratzea eta normaltasunera bueltatzea bultzatzea.”Bizkaia zaindu behar dugu, Bizkaian kontsumitu, Bizkaian zehar bidaiatu, Bizkaian ekoitzi, Bizkaian aliatuak bilatu… Azkar eman behar diogu buelta egoerari, eta sendotasun horretatik, ordena globala lehengoratzen lagundu”. Horretarako aipatu sektoreetako enpresa eta autonomoekin zein Bizkaiko udaletako ordezkariekin harremanetan daudela aitatu du.
Aldundia “Bizkaiko lehen erakundea” izanda, bere gobernu taldeak daukan erantzukizuna bere gain hartu duela esan du Rementeriak, eta erantzukizun horretatik Bizkaia suspertzeko premiazko plan bat amaitzen ari direla, krisi honen irteera azkartzeko eta normaltasunera itzultzeko. Datozen egunetan xehetasunak emango eta epe laburrera martxan jarriko dituzte iragarri du. “Esate baterako, orain errenta aitorpenari dagozkion itzulketak egiteko unea da, eta prozesu hori azkartzen ari gara, eta lehen itzulketak autonomoei egingo zaizkie, beharrizan gehien dutenak baitira”.
Ekonomia eta enplegua suspertzeko, tokiko kontsumoa bultzatzeko eta okerren pasatzen ari diren kolektiboei, merkataritzari, ostalaritzari, turismoari, enpresei eta kulturari laguntzeko eta horien egoerari buelta emateko tresna izango den plana zehazten ari direla nabarmendu du, “inbertsio publikoak indartuz”. Itzulerak ideiak argi, lanak eginda, lehentasunak zehaztuta eta tresnak prestatuta harrapatzearen garrantzia azpimarratu du: “Eta horrela hartuko gaitu”.
Krisi honen ostean etorriko denari aurre egiteko lanean ari badira ere, gogora ekarri du momentu honetako beharrizanak erantzuteko ere adi daudela. “Premiazkoenean” lanean dabiltzala esan du eta gaur gaurkoz gizarte-zerbitzuak direla lehentasuna, premiazkoenak, eta bereziki, zaharren egoitzak. “Bizkaiko adineko pertsonak dira krisi honetako ahulenak, eta gure erabateko lehentasuna dira. Giltzarri diren egunen aurrean gaude egoitzetan, eta gure esku dagoen guztia egiten dugu egun horietan ahalik eta ondoen egoteko”.
Eusko Jaurlaritzagaz batera, langileen eta erabiltzaileen “babeserako ekipamenduak indartu” dituztela zehaztu du, 248.000 maskararekin, babeserako batak eta biserak banatzen ari direla eta zaintzaileen plantilla indartzeko lan poltsa bat ireki dutela. Horretan 1.201 pertsonak eman dute izena hiru egunetan.”Material gehiago erostea gustatuko litzaiguke; bitarteko gehiago edukitzea, baina babes materialen eskasia mundiala dago”.
Positibo emandako pertsonak batzeko eta horrela, kutsatzeak murrizteko bi egoitza ezarri dituztela azaldu du, eta hainbat hotel jarri dituztela profesionalen esku. “Adinekoen ahalik eta ongizate handiena bermatzeko neurriak aktibatu ditugu, euren familiekin harremanetan egoteko gailu elektronikoak eman ditugu, zentroen ikuskapena indartu dugu, egoitzak suhiltzaileekin eta Basalaneko langileekin desinfektatzen jarraitzen dugu, Osakidetzaren osasun-laguntza iraunkorra dugu… Denok gaude bat eginda, denok gure adinekoekin”.
Egoitzetako gaur egungo egoerari buruzko datuak eman ditu agerraldian, eta eskerrak eman dizkie zentro horietan lan egiten dutenei, une honetan erakusten ari diren profesionaltasun handia azpimarratuz. Ahal duten guztia egiten ari direla esan du, Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko egoitzen patronalekin eskutik helduta.
Rementeriaren ustez, hartutako neurriek birusaren hedapena geldiarazi zuten lehen bi asteetan, baina egunak aurrera joan ahala, zentroetan gutxieneko kontaktua izateak eta birusak kutsatzeko duen ahalmen izugarriak handitu egin dute hark kutsatutakoen kopurua: “Lehen asteetan ehun positibo izatetik gaur 460 positibo izatera pasatu gara. Bizkaiko 155 egoitzetatik 34tan kontzentratutako kasuak dira eta 114 ditugu ospitaleetan. Gure adinekoak zaintzen dituzten pertsona guztien profesionaltasuna nabarmentzekoa da, birusa izan arren beren lana egiten jarraitzen baitute egunetik eguera, eta oso baldintza zailetan egiten dute, bitarteko justuekin. Badakit. Kontziente naiz. Baina profesionaltasun, maitasun eta ardura izugarriarekin egiten dute. Nire esker ona eta Bizkaia osoarena zuen lanari, zuen profesionaltasunari eta erantzukizunari”. Okerrena aste honetan pasatzea espero du eta hortik aurrera, apurka-apurka normaltasunerantz joatea, beti ere, prebentzio neurriak hartuta eta arretaz jokatuta. Egoitzetan normaltasunera bueltatzea hilabeteetako lana izango dela gaineratu du.
Etxean bakarrik bizi diren adinekoak ere aldundiaren kezka direla zehaztu du, eta horien egoera ezagutzeko 19.570 dei egin dituztela.
Bestalde, etxean dauden bizkaitarrei esker ona adierazi die ahaldun nagusiak, eta gaitz honek zorigaitza ekarri duen arren, bakoitzaren onena ere erakutsi duela gaineratu du, “herri honek erakutsitako izugarrizko elkartasuna” azpimarratuz. Aldundiko 10 langileetatik 9 etxean telelana egiten ari direla esan du, eta zerbitzu guztiak bermatuta egoteko berrantolaketa egin zutela.
Gaur iragarritako planak aurrekontuari eta proiektu handiei eragingo ote dien galdetuta, aurrekontu aurreikuspenean eragina edukiko duela erantzun du, “normala den moduan eta beste instuzioei zein enpresei gertatuko zaien moduan”. Dagoeneko errealitate berri honetara egokitzen ari direla zehaztu du: “Ekoizpen-inbertsio publikoaren aldeko apustua egin behar dugu”.