Jaurlaritzak 16 milioi euro gehiago bideratuko ditu gizarte larrialdietarako
Iñigo Urkullu lehendakariak Aste Santuan etxean geratzeko deia egin du, konfinamendu eta autobabeserako neurriei eutsiz.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du gobernu bileran hartutako neurrien berri emateko. Gaurkoan hartutako neurri garrantzitsuenak “behar gehien dituztenei” zuzendutakoak direla esan du. Hala, jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 16 milioi euro gehiago bideratuko ditu gizarte larrialdietarako laguntzentzat. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 43,5 milioi euro emango dizkie, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei.
Laguntza horiek oinarrizko premiei erantzutera bideratuta daude, hala nola, behar besteko diru sarrerarik ez daukaten familientzako edo pertsonentzako jantzien, hezkuntzaren, prestakuntzaren eta osasun arretaren oinarrizko beharretan ezohiko gastuak estaltzera. Familiek udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuen bitartez eska ditzakete laguntzak eta udalek Jaurlaritzaren aurrekontu osotik dagokien zati proportzionala jasoko dute.
Bestalde, Lanbidek 3 milioi euro bideratuko ditu autonomoei laguntzeko. Beren jarduera bertan behera utzi behar izan duten negozioei bideratutako laguntzak dira, hain zuzen ere. Laguntzak eskatzeko egoitza fiskala Araba, Bizkai edo Gipuzkoan izan beharko da eta negozioa krisiak etendako jardueraren batekoa izan beharko da.
Era berean, eskolen edo adinekoentzako zentroen itxieraren harira azken asteotan sortutako egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak uste du familien beharrak ere aldatu egin direla. Ondorioz, erabaki ezberdinak hartu dituzte eta etxeko eta laneko eginkizunak bateragarri egiteko dagoeneko onartuta dauden neurriak malgutu eta laguntzak aldi baterako luzatu dituzte. Alde batetik, aitatasun eta amatasun baimenen epea 16 astetan parekatzeko programaren baitan, laguntzaren xede den epealdian zehar eskaria egin ez duen pertsona Gizarte Segurantzan alta emanda egotera behartzen duen baldintza malgutu egin da: “Egoera larri honen ondorioz eskaria egin ez duen pertsonak bere enpresarekin duen lan harremana apurtuko balitz, laguntza ez litzateke etengo, betiere, apurtze hori laguntzaren epealdi horren barruan gertatu bada”. Bestetik, laguntzak emango dituzte eskolen edo arreta zentroen itxieraren ondorioz zaindu beharko diren adingabeak edota mendeko pertsonak zaindu ahal izateko, bai eta COVID-19aren ondorioz gaixo edo isolatuta dauden pertsona horiek zaintzeko ere. Adingabeak zaintzeko adina ere handitu dute, 14 urtera arte.
Laguntza horien guztientzako hasierako zuzkidura 37.145.650 eurokoa bada ere, 52.145.650 eurora arte zabaltzeko aukera dagoela azaldu dute. Ezohiko neurri berriei erantzun ahal izateko, 15.000.000 euroko kreditu ekonomikoa aurreikusi dute.
Jaurlaritzaren laguntzek hiru lehentasun dituztela azpimarratu du Urkulluk: osasun arretari baliabideak eta bitartekoak ematea; laguntza ematea sektore ekonomikoei, merkataritzari, autonomoei eta enpresei, enplegua eta jarduera sostengatzeko; eta pertsona ahulenei eta osasun larrialdiak gehien eragindako kolektiboei babesa ematea.
Bestalde, Urkullu lehendakariak esan du larrialdi egoera luzatzeko Madrilen asmoa babestuko duela, “uneotan lehentasuna osasun egoera bermatzea baita”.
Jaurlaritza normaltasunera itzultzeko plan bat lantzen ere hasi dela esan du Urkulluk, “aurre hartu beharra dagoela” iritzita: “Lehentasuna herritarren osasun egoera bermatzea eta zaintzea izango da. Normalizaziora itzultzea mailakatua izan beharko da; horrek diziplina eskatuko digu, eta hortaz, normaltasunera bueltatzea zelan izan daitekeen pentsatzen ari gara. Plana, hala ere, Espainiako Gobernuarekin batera landu behar dugu, baina kontuan izan beharko dira autonomia erkidego bakoitzaren berezitasunak”. Urkullu lehendakariaren arabera, fase horretan, funtsezkoa izango da erakundeen arteko lankidetzari eustea.
Aste Santuan etxean egoteko deia. Urkulluk, gainera, Aste Santuan etxean geratzeko deia egin du, konfinamendu eta autobabeserako neurriei eutsiz: “Egindako lan guztiari eutsi egin behar diogu. Bide onean goaz”. Ildo horretan, Segurtasun Sailak bigarren egoitzetara mugitzea saihesteko dispositibo bat antolatuko duela jakinarazi du.