Gernikako ospitalean oheak jartzeko 3.665 sinadura bildu dituzte
Ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformak gutuna bidali die Lehendakariari eta Osasun sailburuari
Gernikan oheak dituen ospitale baten aldeko plataformak 3.665 sinadura bildu ditu sei egunetan. Change.org plataformaren bidez hasi zuten sinadura bilketa, eta batutako atxikimenduen berri eman die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Nekane Murga Osasun sailburuari. Gogorarazi diete, osasun alarma egoera honetan, Gernika-Lumoko ospitaleko hirugarren solairuak hutsik jarraitzen duela.
Solairu horretan oheak jartzeko eskaria ez da berria. Plataformak gogorarazi duenez, 13 urte daramatzate eskari berarekin, eta bere sasoian ere 2.722 sinadura batu zituzten. “Orain, pandemia egoera honetan, eta herritarrentzako ospitale-estaldura bat bermatze aldera, espero dugu bai Lehendakariak bai Osasuneko sailburuak behar besteko sentsibilitate soziala erakustea egiten diegun eskaera baloratzea eta aintzat hartzea, eman dizkiegun sinaduren babesa kontuan hartuta”, eskatu du plataformak prentsa ohar bidez.
Herritarrak zaintzeko eskaria. Diotenez, oraindik ez da berandu Gernikako ospitalea egokitzeko eta ohez hornitzeko, “eta Jaurlaritzako agintariek Busturialdeko zein Lea Artibaiko biztanleekiko errespetu handiagoa erakusteko ordua delakoan gaude; hain zuzen ere, beren ospitaleetatik urrunen daudenganako errespetua”.
Bizi den egoeraren aurrean, bi eskualdeotako herritarrak zaintzeko eskaria egin du plataformak.”Langile batzuk, bai Lehen Mailako Arretako zerbitzuetakoak, bai ospitalekoak, Galdakaoko Ospitalera lekualdatu behar izan dituzte, laguntza indartzeko. Gure ospitaleak oheak izan balitu, posible zatekeen paziente larriak artatzea, Galdakaoko Ospitaleko zerbitzua kolapsatu beharrean”. Orain, gainera, Covid-19rako test positiboa duten pazienteak isolatzeko beharra ikusi du Osasun sailak, kutsatzeak saihesteko. Horretarako, hotelak, aterpetxeak eta abar prestatuko omen dituzte, eta paziente horiek Sukarrietako udalekuetara bideratuko dituztelaren susmoa agertu du plataformak “osasun zentro batean artatu beharrean”.
Gernika-Lumoko ospitalea Urduliz edo Eibarko ospitaleen parera kontuan hartzeko ere exijitu dute. “Urdulizko Ospitalea 2004. urtean sortu zen, Gernikakoaren proiektu berean, eta gaur egun 128 ohe ditu, 9 ebakuntza-gela, suspertze-unitatea, zenbait espezialitate, barne-medikuntza eta baita onkologia ere. Eibarko Ospitalearen proiektua askoz beranduago garatu zuten. 2018an inauguratu zuten eta dagoeneko 60 ohe ditu, eta 8 espezialitateren zerbitzua eskaintzen du: barne-medikuntza, errehabilitazioa eta ortopantomografia barne”, gogorarazi du plataformak.