Kirola egiteko osasun baldintza egokiak bermatuz gero, ekainaren 28an hasiko dute TKE Liga
Lehen jardunaldia jokatu aurretik, gutxienez bi asteko epea eduki beharko dute klubek euren ohiko antolamendua berreskuratzeko. Beraz, beti ere hori bermatu ondoren hasiko lukete denboraldia.
19 jardunaldiko egutegia prestatu dute 2020ko denboraldirako. CaixaBank VIII. Banderaren lehiagaz hasiko dute TKE liga ekainaren 28an; lekua, baina, oraindik zehaztu gabe daukate.
Esan dutenez, beti ere, kirol jarduera eta lehiaketak egiteko osasun baldintzak bermatuta egon beharko dira denboraldia hasteko: “Gutxienez bi asteko epea izango dute klubek euren ohiko antolamendua berreskuratzeko txapelketako lehen jardunaldia jokatu aurretik. Bi aste horiek bermatu ezin badira, lehiaketen hasierak egutegian zehaztutako hurrengo asteburura egingo du jauzi”. Gainera, adostu dute denboraldia beste asteburu batez luzatu ahal izango dutela (irailaren 25era eta 26ra arte), lehiaketei balioa emateko ezarritako gutxienekora iristeko beharrezkoa bada.
Eusko Label Ligako 12 klubetako ordezkariek eta Zuzendaritza Batzordeko kideek zapatu goizean egin zuten ACTko bazkideen urteko bigarren biltzarra, modu telematikoan.
Erabaki dutenez, egindako lehiaketari balioa emateko, Eusko Label Ligako 12 jardunaldi puntuagarri (+2 playoff) jokatu beharko dituzte arraun taldeek eta 8 jardunaldi puntuagarri (+2 playoff) Euskotren Ligakoek.
Jakitera eman dutenez, klubak hamabostero batuko dira, osasun krisi eta larrialdi egoeraren eboluzioa jarraitzeko eta horren arabera lanean jarraitzeko.
Uda, bogan. Beste urte batez, hiru hilabeteko bidaia proposatu du Traineruen Kluben Elkarteak. Lehen jardunaldiaren ostean, Eusko Label Liga eta Euskotren Ligako karabanek Riazorgo Hondartza bisitatuko dute. Cidade da Coruña IV. banderaren jardunaldi bikoitza uztailaren 4an eta 5ean jokatuko da.
Lehiaketa Gipuzkoako eta Bizkaiko uretara iritsiko da uztailaren 11n eta 12an Donostiarra Kaiarriba Bandera eta Zierbenan Petronor Bandera jokoan jartzen direnean. Uztailaren 18an, berriz, udako egutegiko banderarik klasikoenetako baten txanda izango da, Getxoko Estropaden XLII. Ikurriña – J.A. Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia. Biharamunean Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako txapeldun izan zen taldearen etxera iritsiko da txapelketa Orioko XXX. Estropadekin. Uztailaren 25ean Bilboko XI. Bandera eta 26an Lekeitioko El Correo Ikurriña XXXV lehiatuko dira hilabete honi amaiera emateko.
Espainiako Traineru Txapelketa dela eta asteburu bateko geldialdiaren ondoren, abuztuaren 8an eta 9an itzuliko dira bi lehiaketak Hondarribiko XXXIII. Bandera eta XXXVI. Ondarroako Banderarekin. Abuztuaren 15ean eta 16an XLIII. Zarauzko estropadak lehiatuko dira; Euskotren Liga bertan amaituko dute.
Santurtziko XLI Ikurriña jokatuko dute hilaren 23an eta Sestaoko Udalaren XIX. bandera 24ean. Eta Galizian agurtuko dute abuztua, Concello de Ares XIII. Bandeirarekin eta Concello de Boiroko XXX. banderarekin.
Jarraian, Kontxako Bandera iraileko lehen bi asteburuetan jokatu ondoren, Eusko Label Liga eszenatokira itzuliko da udako traineru denboraldiari amaiera emateko. Bermeo Hiriko XXXVIII. Banderak eta El Corte Ingles XLVI banderak itxiko dute denboraldia irailaren 19an eta 20an.