Euskal Herria Baterak Aberri Eguna balkoietan ospatzera deitu du
12:30ean jarri dute ordua. Lehenengo, minutu bateko isilunea gordeko da hildakoen omenez, eta, gero, 'Txoria txori' abesteko deia egin dute.
Datorren domekan, apirilaren 12an, izango da Aberri Eguna. Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek, Euskal Herria Batera izena hartuta, Aberri Eguna Euskal Herria osoan eta elkarrekin ospatzeko deia egin dute. Ekimen honen nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat zabaldu dute.
Maialen Arzallusek dio garai berezian iritsiko dela aurten Aberri Eguna, etxean egon beharko delako. Hala ere, aukera bat zabaltzen duela gaineratu du, «euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera ospatzeko». Dolua adieraziko dutela eta zaintzan ari direnei esker ona emateko ere baliatuko dutela diote: «Horiei guztiei herri modura besarkada kolektibo bat emateko eguna izango da».
www.aberrieguna2020.eus webgunea prest daukate, eta elkartasun mezuz osatutako mosaiko erraldoia egiteko asmoa agertu dute, datorren domekan sare sozialetan zabalduko dutena; «historiarako ikur bat». Aipatu mosaikoa osatu aldera argazkiak bidaltzea eskatzen dute, batetik. Bigarrenik, Aberri Egunean bertan, etxeko leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzea eskatzen dute. Azken aldian hil direnak gogoratzeko xingola beltza erabili daitekeela azaldu dute (webgunean aurki daitezke ereduak).
12.30ean jarri dute leiho edo balkoietara ateratzeko ordua. Lehenengo, hildakoen omenez minutu bateko isilunea egitea eskatu dute. Ondoren, Txoria txori abestia kantatzeko deia zabaldu dute. Irratiei kantu jori jartzeko deia ere egin diete.
Gainera, bideoan parte hartzeko gonbidapena egin die gura duten eragile guztiei. Horrez gain, adierazpen bat lantzen ari direla iiragarri dute, norbanakoen atxikimenduak jasotzeko.