Erakunde publikoen laguntzak gogoratu dizkie Eako Udalak herritarrei
Besteak beste, larrialdi egoerak irauen bitartean, udal tabernei errentarik ez kobratzea erabaki du Eako Udalak.
Alarma egoerak eragindako arazo edo kalte ekonomikoak direla-eta hainbat neurri hartu dituzte instituzio publikoek eta egoera egunez egun aldatzen bada ere, orain arte zabaldutako laguntza lerro nagusienak gogoratu dizkiete herritarrei Eako udal arduradunek.
Udalari dagokionez, larrialdi egoerak irauen bitartean, udal tabernei errentarik ez kobratzea erabaki du. Bestalde, udal langileak arreta eta garbiketa eta desinfekzio lanak bezalako ezinbesteko jarduera edota egoeretan ari dira lanean eta horiek birmoldatu egin dituzte egoeraren beharrizanei erantzuteko. Gainontzeko lan guztiak distantziara egitea ahalbideratu dute.
Udal ikastaroei dagokionez ere hainbat neurri hartu dituzte. Ikastaroak ematen dituzten irakasleei klaseak ordainduko dizkiete. Eurekin adostu dituzte klaseak online eman edota beste data batzuetara atzeratzea. Ikastaroak ematen dituztenei ERTErik egitekotan, udalak langileak soldataren %100 kobratzen duela ziurtatuko du (SEPEtik %70a kobratuko dute seguraski, eta udalak gainontzeko %30 osatuko du). Halaber, herritarrei ikastaro presentzialak bakarrik kobratuko dizkiete. Hau da, martxoan, hilabete erdia ordainduko dute.
Mankomunitatearen laguntzak. Bestalde, familien laguntzetara eta gizarte larrialdietarako laguntzetara bideratutako diru partidak igo dituztela jakinarazi du udalak, eta ondorioz, jasotzaileen profila ere zabaldu dutela. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen ditu laguntza horiek (94-625 51 22)
Bonu sozialak. Espainiako Gobernuak bonu Sozial Elektrikoaren estaldura Covid-19ko langabetuetara zabaldu du ( hemen informazioa )
Informazio gehiago jasotzeko kontratatuta dituzte enpresekin harremanetan jarri daitezkeela gogora ekarri diete herritarrei.
Autonomo eta enpresa txikiak. Autonomoei zuzendatuko diru laguntzen inguruko zalantzak argitzeko Espainiako gizarte segurantzaren webgunea kontsultatu dezaketela diote udal arduradunek ( hemen informazioa ).
Lanbide Ekimena eta Bizkaidenak autonomo edo enpresa txikientzako aholkularitza zerbitzua daukatela ere gogora ekarri dute. (Lanbide Ekimenak posta elektonikoak: enpresa@lanbide-ekimenak.eus edo akortazar@lanbide-ekimenak.eus eta Bizkaidendak: 94-405 00 19 – 688 76 77 58 edo e-posta: bizkaidendak.covid19@gmail.com)
Finantziaziorako bitartekoei dagokienez, Elkargira jo dezaketela esan diete
( hemen informazioa).
Zergak. Bizkaiko Foru Aldundiak zergen arloko neurri bereziak ezarri ditu COVID-19 birusak Lurraldeko ekonomian edukiko duen eraginari aurre egiteko ( hemen informazioa )
Etxebide. Babes ofizialeko etxebizitzen alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak ere onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Etxebideren webgunean dago informazioa.