"Egoera larrian dauden herritarrak politika ekonomikoen erdigunean ipini behar dira"
Osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarriko du, eta koronabirusak gizartean izango duen eragina aztertzen ari da Jon Bernat Zubiri EHUko irakaslea, beste aditu batzuekin elkarlanean
Egun batetik bestera, nano-birus bat dogma liberal ez-interbentzionistarekin amaitzeko gai izan dela dio Jon Bernat Zubirik (Bilbo, 1982). Ekonomian doktorea, Bermeon bizi da gaur egun. Esku-hartze publikoa eta erregulazioaren beharra aipatu ditu krisialditik ateratzeko.
Gizartearengan osasun inpaktua handia izango da, baita ekonomikoa ere. Urtea amaierarako Barne Produktu Gordinaren %10 galdu daitekeela diozu. Zer suposatuko luke horrek?
Jaurlaritzak dio Barne Produktu Gordinaren (BPG) beherakada %4 izango dela; BBVAren arabera, %8 ere izan daiteke. Edozelan ere, itxialdi epearen araberakoa izango da. Euskal Herrian 200.000 langileri eragin diete ERTEek (Enplegurako Erregulazio Espedienteak), eta Espainiak kaleratzeak bidegabeak direla esan arren, 10.000 langile inguru lanik gabe utzi dituzte. Euskal Herrian ia 15.000 langabe gehiago erregistratu dira jada. Beraz, milioi bat soldatapeko langileen artean, 40.000 langabe gehiago zenbatu daitezke urte amaieran.
Beraz, ERTEak formula egokia dira?
Enpresak laguntzera bideratuta daude, baina lanpostuak bermatzeko asmoz. Ikusi beharko da enpresa bakoitza zein egoeratan ateratzen den larrialdi egoera honetatik. Nik uste dut Espainiaren asmoa zilegia dela, langileak babestea eta ahalik eta enpresa gutxien ixtea.
Azkenenan produkzioa gelditu da, birusaren eragina geldiarazteko. Langileen osasuna arriskuan jartzeak ere ez lioke eragin ekonomiko negatiboak ekarriko industriari?
Bai. Nire ustez, Jaurlaritzak kalkulua egin zuen aurreikusita adinez gazte diren langileentzat arriskua baxua izan zitekeela. Lanean jarraitzea eta eragin ekonomikoa gutxitzea zen asmoa, berme eta protokoloak ezin aplikatuta ere. Ekonomia eta osasunaren arteko talka dago hor, eta, kasu honetan, Jaurlaritzak ekonomia eta enplegua lehenesten du, osasunaren gainetik. Suposatzen da kutsatu diren 3 pertsonatik bat lanean kutsatu dela. Baina Osakidetzak gainezka egiten ez duen bitartean, posible ikusi dute ondorioei aurre egitea.
Espainiak aipatu du krisiari aurre egiteko gobernuak ekonomian esku-hartze handiagoa izan dezakeela etorkizunean. Alemania ere zenbait enpresa nazionalitzatzea ari da aztertzen. Hori izan daiteke bidea?
Estatuak beti esku-hartzen du ekonomian. Kontua da zein modutan egiten duen. Badirudi larrialdi egoera honek eragin duela azken hamarkadetan eman den interbentzio ereduaren suntsiketa. Euskal Herrian, erakundeek ez dute hain erraz erregulazio sakonak egitea, eskuduntzak murritzak direlako. Posible litzateke Jaurlaritzak politika berriak egitea bere eskuduntza murritza erabiliz. Dena den, Espainiak hori dioenean, estatuaren erregulazio eta interbentzio maila bat planteatzen du. Guri ere eragingo liguke energia, telekomunikazioak edota zenbait industrian esku hartuko balute.
Badirudi larrialdi egoera honek eragin duela azken hamarkadetan eman den interbentzio ereduaren suntsiketa”
Enpresak eta jarduera ekonomikoa bakarrik ez, egoera zaurgarrienetan dauden familiak ere lagundu behar dira. Zergatik da garrantzitsua familien ongizate ekonomikoa bermatzea krisiari aurre egiteko?
Familia denak ez dira berdinak. Soldatapeko langileen errenta asko %70 izatera pasatuko dira, eta neurri zehatzak behar dira erregulazio espedienteen menpe dauden langileak babesteko, langabezian ez geratzeko. Beste familia batzuk enpresari txikiak dira, eta horiek laguntzeko politikak dituzte. Dena den, egoera larrian dauden herritar eta familiak neurri politikoen erdigunean ipini behar dira. Krisiak kaltetu egingo ditu egoera ekonomiko ona izan duten langile eta enpresari txiki asko, bai. Baina dagoeneko egoera sozial larrian, bazterketa arriskuan dauden biztanle eta familiak izango dira arazo handienak izango dituztenak. Sektore ahulak babestea oso garrantzitsua da, eta kasu horretan, Jaurlaritza eta aldundiak diru sarrerak bermatzeko errenta eta beste laguntza sozialak indartu beharko lituzkete, bestelako programa eta zerbitzu sozialen koordinazioa eginez. Politika zehatzak behar dira hurrengo asteetan.
Aurreko krisi eta gatazkek klaseen polarizazioa ekarri dute hemen, eta Europan. Horren arriskua al dago orain, klase ertaina desagertzearena?
Klase ertaina gaur egun mito bat da. Langile gehienen etxeak hipotekatuta daude, eta enpresari txiki-ertain askoren ekoizpen baliabideak ere zorpetuta daude. Beraz, honen ostean gerta daitekeena da bankuen esku geratzea etxe eta negozio asko. Edozelan ere, gizartean klaseen polarizazioa gero eta nabariagoa da; baina dekadentzia orokor baten baitan ari da gertatzen. Gizartearen heren bat egoera latzean bizi izan da beti; beste heren bat bizimodua ateratzen du, baina gero eta ezegonkorragoa den enpresa sare batean; eta hirugarren herena aberatsen sektorean dago, baina zorrekin gainezka. Gizarte ereduak okerrera egin du denentzat.
Jaurlaritza eta aldundiak diru sarrerak bermatzeko errenta eta beste laguntza sozialak indartu beharko lituzkete. Politika zehatzak behar dira hurrengo asteetan”
Busturialdean eta Lea-Artibain industria sarearen dekadentzia nabaria izan da azken hamarkadetan. Zelako inpaktua aurreikusten duzu?
Egoera ezberdina da bietan. Cicautxok edo Burdinolak nazioartean duten inpaktua ez dute Gernika inguruko industriek. Busturialdean beherakada nabarmena izan da azken urteetan. Maier da dagoen enpresa handi bakarra. Kostako herrietan, kontserba enpresetan beherakada eman da, eta jardueren dibertsifikazioa ez da bideratu. Horren ondorio izan da, adibidez, Busturialdeko biztanleen %70 kanpoan lan egiten duela. Lea-Artibaiko enpresen kasuan, nazioarteko eskariak etetzeak enplegu eta errenta galerak ekar ditzake.
Kooperatiba enpresa eredu desberdina da, baina horiek ere produkzioa deslokalizatu dute. Nola aurreikusiten duzu horien egoera?
Kooperatiben nazioartekotzeari buruz, Angel Erraztik dio euskal enpresen bilakaera bera hartu dutela 2008ko krisiari aurre egiteko; hau da, Arantza Tapiak hainbeste aipatzen duen internazionalizazioaren bidea. Kooperatiben kasuan, baina, desberdina da. Funtzio soziala ere betetzen dute eragileak lagunduz, eta eskualdean enplegua sortuz. Hala ere, Maierren arazoa izan daiteke, adibidez, autogintzarako plastikozko piezak egiten dituela, eta produkzioa horretara bideratuta duela ia %100. Lehen dibertsifikatuagoa zen bere produkzioa. Agian hori izan daiteke bidea automozioaren merkatuaren ezegonkortasunari aurre egiteko. Bestalde, koooperatiba direnentzat, enpresaren jabegoa langileen esku egoteak lagungarri izan daiteke.
Bukatu beharra dago enpresa kapitalista erraldoiak jaun eta jabe izateko joera horrekin. Sektore pribatua denen onurarako izan behar da”
Badira irabazten aterako diren sektore eta enpresak ere. Horiek ez lukete erantzukizun fiskalik izan beharko?
Orain langileak eta lana bermatzeko erabakia hartzen duten enpresak lagundu beharra dago. Gero gerokoak. Baina bai. ‘Berreraikitze’ hori gauzatzeko ezinbestekoa izango da baliabide berriak eskuratzea. Dagoeneko zerga berriak aurreikusten ditu Espainiak; besteak beste, transakzio finantziarioei edota Amazon eta Google bezalako teknologia enpresa handiei sozietate zerga handitzea, adibidez. Euskal erakunde publikoek ere horrelako aldaketa fiskalak egiteko beharra dute, baliabide berriak eskuratzeko. Eredu politiko berriak behar dira, baina baita ekonomiaren esku-hartzearen joera berri bat. Sektore publiko berria behar dugu, ondo kudeatuta, eta ekonomian parte hartzeko gaitasun handiagoarekin. Halaber, bukatu beharra dago enpresa kapitalista erraldoiak jaun eta jabe izateko joera horrekin. Sektore pribatua denen onurarako izan behar da.