43.000 test azkar baino gehiago iritsi direla esan du Sanchezek
Busturialdean goraka jarraitzen dute positiboek; Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 150 positibo daude.
Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eguerdian egindako agerraldian esan du atzo jaso zituztela Osasun Ministerioak bidalitako test azkarrak; 43.000 test azkar baino gehiago iritsi dira. Laster erabiltzen hasiko direla gaineratu du adituen gomendioei jarraituta. Horrekin lotuta Lehen Mailako Arretaren eremuan test gehiago egingo dituztela azpimarratu du.
Orain arte, guztira, 22.637 proba egin dituzte. Atzo 738 egin zituzten; horietatik %71k negatibo eman zuten.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 8.810 pertsonak eman dute positibo, eta horietatik 1.756 ospitaletan daude. Hildakoak, berriz, 548 pertsona dira.
Beste egun batez, errekuperatutako eta alta emandako pertsonen kopuruak gora egin duela aipatu du Sanchezek. Atzo, 124 lagunek jaso zuten alta, hortaz, guztira, 3.568 dira osatu eta alta emanda daudenak.
Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 150 positibo daude Busturialdean: Bermeon 73, Gernika-Lumon 40, Mundakan 12, Busturian 7, Elantxoben 4, Arratzun eta Ibarrangelun, Morgan eta Kortezubin bina eta Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Muxikan, Foruan eta Sukarrietan bana.
Sanchezek gaur jakinarazi duenez, ez dakite zehatz zein testuingurutan gertatzen ari diren kutsatze berriak. Modu horretan, segurtasun neurriak hartzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei.
Aste Santuan osasun bulegoak irekita egongo direla nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Langileei buruzko datuak ere eman ditu: koronabirusarekin lotuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.498 langilek hartu dute baja. Osasun langileei dagokienez, test positiboen %14,5 dira haiei dagozkienak. Horiek berriro lanean hasteko protokoloak jarraitzen ari direla nabarmendu du.
Sanchezek Lehen Mailako Arretako profesionalen lana goraipatu gura izan du beste behin ere: “horien lana ezinbestekoa da bai gaixotasuna geldiarazteko orduan, baita kalitatzeko osasun arreta bermatzerakoan ere”.