"Printzipioz Tourrak helburu garrantzitsuena izaten jarraitzen du"
Helburu finkorik barik entrenamenduak planifikatzea ez dela erraza dio Pello Bilbaok. Egutegia errekuperatzen ez bada, kalte nahikoa sortuko direla pentsatzen du txirrindulari gernikarrak.
Denboraldia etenda, zelan ari zara entrenatzen?
Prestatzaileagaz moldaketa garrantzitsuak egin behar izan ditugu. Ez dakigu zehatz mehatz hurrengo helburua non egongo den. Helburu finkorik barik entrenamenduak planifikatzea ez da erreza. Dena etxe barruan egin beharra daukagu, errepidera irtetetzeko aukerarik ez daukagulako. Asko moldatu behar izan ditugu lanak. Paris-Nizatik etorri eta gero, lehen astea lasai hartu genuen, kontutan edukita hurrengo helburuak urrun egongo direla seguraski. Eta ez zeukan zentzu askorik Paris-Nizako erritmoa eusten saiatzeak. Orain, apurka-apurka modu progresibo batean berriro gorputzari gero eta karga gehiago sartzen noa.
Paris-Nizan zeundela etorri zen hau dena. Nola bizi zenuten?
Uste dut lasterketako momentuetan oso profesionalak izan ginela talde osoa. Konpromiso askogaz korritu genuen, antolakuntzek merezi duten errespetu horregaz. Gure aldetik onena eman genuen. Lasterketara joateko erabakia hartu, eta bertan %100ean lehiatzen egon ginen. Lasterketa amaitzen zen momentuan hasten zen koronabirusaren gaia: ze ondorio izango zituen, etxera bueltatzeko arazoak edukiko ote genituen… Denok geunden arduratuta. Alde horretatik egoera nahiko arraroa izan zen; lasterketan zentratuta egoteko ez zen girorik aproposena. Edozelan ere esan behar da lasterketa on bat egiten egon ginela.
Bahrain zure taldeak amaitu aurretik uztea erabaki zuen.
Pena da azken bi etapak ezin izan genituelako lehiatu; guretzat aproposenak ziren, eta txirrindulariok gogoa geneukan lehiatzen jarraitzeko. Baina goitik aukeratu zuten onena etxera bueltatzea zela, eta erabaki horri kasu egin genion. Eskertzekoa da taldeak txirrindulariongan eta bere beharginengan pentsatzea eta ez bakarrik emaitzetan. Erabaki zuzena hartu zuten eta bi egun lehenago etxera bueltatu ginen.
COVID-19agatik neurri berezirik hartu zenuten bertan?
Taldean protokolo batzuk eduki genituen higiene aldetik, arrisku guztiak murrizteko. Antolatzaileek ere neurriak hartu zituzten; txirrindularion eta ikusleen artean distantzia bat markatu zen egoera guztietan. Publikoa normalean baino urrunago egon zen eta ez zegoen aukerarik argazkiak atera eta sinadurak egiteko.
Bestalde, kirol arloari soilik begiratuta, ondo aritu zinen.
Lasterketako sentsazioez esan dezaket denboraldiko momenturik onenean utzi behar izan nuela lasterketa. Progresioa nabaritun nuen; Valentzian sentsazio onak, Andaluzian hobeto, garaipenetik gertu, eta Pariz-Nizan, maila garrantzitsuko lasterketa batean hor aurrean sentitzen nintzen. Pena pixka bat eman zidan momentu horretan denboraldia utzi behar izateak. Baina, ikusita gauzak bide honetik joan zirela, morala altu neukan.
Probak kolokan daude. Zelan ikusten duzue denboraldia?
Gaitza da egoera aurreikustea. Baina, segurtasuna bermatu ahal den bitartean, lasterketak irtengo dira. Seguraski beranduago, denboraldi bukaeran sartuko dira nahiko kontzentratuta. Baina seguraski lasterketa gehienak salbatzeko aukera egongo da.
Apirilean etxean zeneukan hitzordua: Itzulia. Eta ondoren lasterketa handiak, bata bestearen atzetik. Denen ahotan dabil noiz eta nola egingo diren.
Bai, ez dakigu zer erabakiko duten. Giroa urrian sartzeko aukera aztertzen ari zirela da entzun dugun azken gauza. Denok jakin nahi ditugun gauzak dira, apur bat antolatzen hasteko eta planak egiteko. Baina, momentuz ez daukagu horretarako aukerarik. Guk gure beharra egin ahal izatea da gura duguna. Orain ezin bada egin, eta beranduago egin ahal bada, beranduago egingo dugu. Antolatzaileekin konpromiso bat dugu, eta txirrindularitza eusteko parte guztiak gara garrantzitsuak: antolatzaileak, guztiari oihartzuna ematen dioten komunikabideak, taldeak, txirrindulariak… Denok hartu beharko genuke konpromisoa. Modu seguruan eta herrialde konkretuek baimenak ematen dituztenean halako ekitaldi handiak antolatzeko, denok egon beharko dugu prest horiek berreskuratzeko, galerak ahalik eta txikienak izateko.
Tourra “ateak itxita” egitea ere aitatu da. Ze iritzi duzue ?
Taldearen postura da segurtasuna bermatzen den momentuan, ez dagoela arazorik edozein lasterketa egiteko. Nire ikuspuntua da azken aukera izango zela ez egitea, eta ez egitea baino hobeto izango litzatekeela ikuslerik barik egitea. Telebistatik ikusteko aukera beti egongo da. Tourrari handitasun hori ematen diona da bide bazterretara hurbiltzen den jendea, eta ikuslerik barik nahiz eta berdina ez izan, lasterketa salbatzeko modu bat izango litzateke, eta seguraski ziklismoaren onerako.
Koronabirusa agertu aurretik zeintzuk ziren denboraldi honetarako zenituen helburuak?
Helburu garrantzitsuenak denboraldi hasieran Paris Niza eta Euskal Herriko Itzulia ziren, eta Tourra denboraldiko helburu garrantzitsuena eta azkena Espainiako Itzulia. Hori zen nire plangintza eta orain ez dakigu zelan moldatuko garen. Printzipioz Tourrak helburu nagusi izaten jarraitzen du, eta itxura batean egingo da. Helburuetan niretzat ez da hainbeste aldaketarik. Itzulia galdu dut, aldi batez lasterketa barik eta etxean entrenatzen ari gara eta horrek ere faktura pasatzen du. Errepidera irten barik hilabete bat egotea izango da gaitzena errekuperatzeko.
Parte psikologikoak kirolean pisu handia dauka. Konfinamendu honetarako aholkurik jaso duzue taldean?
Taldean ez daukagu psikologorik, baina prestatzaileari brometan beti esaten diot soldata bikoitza jaso beharko lukeela prestatzaile eta psikologo lanagatik. Prestatzaile batek arlo psikologikoa oso kontutan eduki behar du. Entrenamendua ez da motorra edo gaitasun kontua bakarrik, motibazio kontua ere bada. Motibazio hori bizirik mantentzeko helburuak ondo planteatu behar dira eta helburu horietara zelan heldu. Ziklista konbentzituta egon behar da egiten duen lana baliokoa dela eta gogoa beti mantendu behar da. Egunero egiten diren lanetan sufritu behar da logikoki, baina neurri batean. Sufrimendu hori nahiko dosifikatuta egon behar da; ez du balio astebete zoro baten moduan topera entrenatzea eta gero burua erretzea. Dena erregulatzeko ziklismoa oso ondo ezagutu behar da. Osagai psikologikoa kontutan hartzen duten prestatzaileak normalean konpletoagak izango dira edota hobeto bideratu ahalko dute euren kirolaria. Nik zortea daukat; urte askotako harremana daukat prestatzaileagaz. Konfiantza osoa daukat harengan eta oso ondo ezagutzen nau.
Orokorrean, kirolari eta kirol taldeentzat zelako eraginak ditu egoera honek?
Gizarteko beste sektore gehienetan modura, kalte asko eduki ditugu. Gurea ez da beharrezko lan moduan hartu, logikoa den moduan. Herrialdearen ekonomiari begira, kirolarion kasuan kalterik ez diogu inori egiten, eta ekonomiari ekarpena egin bai. Baloratu beharko litzateke gure lana hainbeste mugatze hori neurri handia izan den edo ez. Kalte nahiko sortuko ditu, batez ere, egutegia ez bada errekuperatzen. Momentuz, gauzak normaltasunera bueltatzen badira pare bat hiletan, Tourra eta Vuelta España normal egin ahalko dira eta Italiako Giroa denboraldi bukaeran sartuko litzateke. Baina, lasterketa garrantzitsuenak egiten ez badira, hortxe etorriko dira zailtasunak. Agian, ekonomikoki talde askok babesa galdu ahal dute datorren urtera begira, eta lasterketen antolatzaileek euren probak dudan edukiko dituzte aurtengo galerengatik. Eta horrek falta badira, txirrindulariok atzetik joango gara. Interesgarriena izango litzateke ahalik eta proba gehien mantendu ahal izatea, Nahiz eta denboraldi bukaeran sartu beharra eduki, orduan errekuperatzea lehiaketa egunak.
Talde batzuk desagertzeko arriskuan utzi litzake?
Aurtengo denboraldiari begira ez, baina aurten pasatzen denaren arabera, datorren urteko patrozinatzaileak lotuta dauzkaten taldeek zailtasun gehiago eduki dituzte, halako egoera batean babes berri bat topatzeko. Gure kasuan, epe luzerako proiektu bat da eta aurtongoak, teorian, ez luke eragin behar datorren urtera begira. Talde askok hartu dituzte neurriak, eta beste langile batzuk izan dituzten moduan, soldata murrizketak izango ditugu hilabete hauetan.
Eta dena “albo batera utzita” zelan dago Pello?
Ezin da jakin momentu honetan zelan nagoen, ez daukat nogaz neurtu eta lasterketarik ere ez ikustekeko non nagoen ezta errepidean test bat egiteko aukerarik ere ez. Orduan, gaitza da jakitea ze egoeratan nagoen. Baina, nire ideiak argi eta garbi daude, eta buruan helburuak oso markatuta. Lanerako motibaziorik ez zait falta. Forma ahalik eta gutxien galtzeko pentsamendu horregaz nago, errepidera bueltatu ahal garen momentuan %100 emateko eta erritmo lehiakor bategaz arin jartzeko.
Eta herritar modura, zelan ikusten duzu egungo egoera?
Ikusi egin behar da halako egoera batean konfinamendua hain muturrera eroateak, benetan baloratu beharko da lagungarria izan den edo agian, jende askori mesede baino kalte gehiago egin ote dion. Baloratu beharko da jakiteko etorkizunean zelan erantzun halako egoera batean. Seguraski jende asko etxean ere ez da egongo egoerarik onenean, eta horrek suposatu ahal dituen arazo psikologikoak, hemendik, egoera honetatik irtetzen garenean seguraski kalte asko eragingo ditu ere bai. Ez dakit askatasun murrizketa ez ote den izan apur bat gehiegizkoa. Edozelan ere lehen aldia da halako zerbait bizi dugula, eta orduan, ez da erreza neurri egokiak hartzea eta zehatz jakitea zer den funtzionatuko duena. Behintzat ikusten badugu hemendik aurrera kasuak bajatzen doazela, eta egoera hoberantz doala, pentsatu ahal izango dugu guzti honek merezi izan duela.