"Lehentasunek beste hurrenkera bat dute"
Alarma egoerak denboraldi bete-betean harrapatu du mendi eskiatzaile mendexarra. Egoera zaila bada ere, aurrera begira baikor dago; herritarrei aktibo egoteko gomendatzen die.
Koronabirusak bazter guztiak aztoratu ditu. Gainontzeko arloetan modura, gaitzak eragina eduki du kirolean ere. Kirolariei ere bete-betean eragin diete koronabirusa ez hedatzeko hartutako prebentzio neurriek, eta etxean dihardute entrenatzen halabeharrez. Gaitzak goi mailako kirolean eragindako egoerari buruz mintzatu da Hitza Nahia Quincoces Altuna (Mendexa, 1983) mendi eskiatzaileagaz.
Denboraldiaren zer zatian harrapatu zaitu koronabirusaren kontuak?
Denboraldi bete-betean harrapatu nau. Nire helburu nagusiak ziren txapelketak oraintxe jokatu behar nituen. Munduko Kopako azken jardunaldia eta Europako Txapelketa jokatu behar genituen, esaterako, apirileko lehen astean. Era berean, sasoi honetan Grand Courseko lasterketekin hastekoak ginen.
Zein txapelketa geratu dira bertan behera egunotan?
Besteak beste, Pierra Menta eta Tour du Rutor bertan behera geratu dira. Aste Santu amaieran Amamelloko lasterketa ere bageneukan, baina egoera ikusita, hori ere ez da jokatuko. Entrenamendu asko eginda eta lan gogorrena eginda nengoen denboraldiko txapelketa garrantzitsuenei begira, baina, orain, entrenamenduak goitik behera birplanteatu behar izan ditut.
Elur faltan, gainera, ezingo dira txapelketak atzeratu.
Bertan behera geratu dira lasterketa guztiak, eta datorren denboraldira arte amaitutzat eman behar izan dut aurtengoa; nahi baino askoz arinago. Nire kasuan, goi mailako kirolaria izan arren, lanbidez suhiltzailea naiz. Eta, momentu honetan, hain justu, suhiltzaileok ahalik eta osasuntsuen lanean jarraitu behar dugu etorri ahal denerako. Errendimendu handiko kirola alde batera utzi beharra eduki dut alde horretatik ere.
Denboraldia amaituta, orain, zer?
Aurtengo nire asmoa, berez, mendi eski denboraldia amaitu ostean Aizkorri-Zegama lasterketa egin arte entrenatzen jarraitzea zen eta gero atsedenaldia hartzea. Orain, berriz, geldialdi hau gutxi gorabeherako atsedenaldia hartzeko baliatu dut. Hori bai, sasoi puntua mantendu egin behar da, eta kirola egiten nabil osasuntsu mantentzeko, eta ahal bada, nire kirol errendimendua gehiegi ez jaisteko.
Konfinamendua dela eta, ohiko lekuetatik kanpo entrenatzea tokatzen zaizu egunotan. Zelan moldatzen ari zara?
Etxean bizikletan ibiltzeko lagatako hala-holako arrabola bat nuen, baina Jaurlaritzako goi errendimenduko kirolarien zerrendan nagoenez, Mendexako Udalari eskaera egiteko aukera eduki dut. Eskaera onartu didate, eta bizikleta estatiko bat utzi didate herriko gimnasioa itxita dagoen bitartean. Mendexako Udalaren laguntza horri esker, etxe barruan entrenatzeko beste aukera bat dut.
Eta bizikletagaz gain, zer beste kirol egiten duzu etxean?
Hain modan ipini diren indar ariketak ere egiten ditut. TRX deritzon ariketak egiten ditut, eta horrez gain, lagun batek sarean eskaintzen dituen entrenamendu saioak ere egiten ditut.
Itxialdirako kirol material gehiago lortu behar izan duzu?
Min hartuta egon nintzeneko materiala nuen etxean. Pisu batzuk, TRX eta beste hainbat gauza; eta, orain, ariketa horiek egiteko ohitura atzera hartu behar izan dut. Horiez gain, core eta malgutasun ariketak ere egiten ari naiz. Egun batzuetan, gainera, yoga sarean saioak egiteko aukera ere eduki dut.
Egunero zenbat ordu entrenatzen dituzu?
Egunero bi edo hiru ordu egiten saiatzen naiz. Egun batzuetan gehiago ere egiten dut, eta beste batzuetan gutxiago; beti ere, gogoaren arabera.
Zure kontura ala entrenatzaile bategaz ari zara entrenatzen?
Entrenatzaileagaz berba egin nuen, eta jarraibide batzuk eman dizkit. Hori bai, lehenengo entrenamenduaren aldean, bolumena askoz ere txikiagoa da. Niri, esaterako, kosta egiten zait denbora luzez bizikleta estatikoaren gainean egotea. Ordubetetik gora astuna egiten zait. Ondo etortzen zaidana da kirol ariketa motak aldatzen joatea.
Egunotan, zer ari zaizu egiten gaitzena?
Natura botatzen dut faltan; horixe da niretzako gogorrena. Oso gustuko dut basoan edo mendian elurtzan galdu, eta natura bete-betean sentitzea. Eta konfinamendu honek urrundu egin gaitu naturatik. Kirolari dagokionez, ez lehengo beste, baina etxean ere ahal dira egin hainbat gauza.
Itxialdia ez dakigu ziur noiz amaituko den. Amaitzen denean, zer sasoitan egongo zarela uste duzu?
Ez dut uste nire sasoi punturik onenean egongo naizenik; kilo batzuk hartuta, behintzat, bai. Konfinamendu egoera aprobetxatuta, denbora gehiago eskatzen duten platerak prestatzen ari naiz, eta horregaz ere asko gozatzen ari naiz. Orain, egia esan, lehentasunek beste hurrenkera bat dute. Osasun aldetik ondo gaude, eta familiako denak eta nire hurbilekoenak ere ondo daude, eta hori da garrantzitsuena. Lagun baten ama, esaterako, ospitaleratuta dago, eta horrek asko kezkatzen nau. Lagun hori ere berrogeialdian dago, eta horrelako gauzak dira orain nire lehentasuna.
Lehiara noiz bueltatu ez jakiteak zuri zer edo zelan eragiten dizu?
Egoera datorren modura onartu egin behar izan dut. Kirola zaletasuna da niretzat, eta ahal dudan hobetoen egiten saiatzen naiz, baina zaletasun bat besterik ez da. Beste arazo batzuk daudela ikusten duzunean, bigarren maila batean geratzen da goi mailako kirola. Sekulako ilusioa neukan aurtengo denboraldi amaierara begira; askori esan nienez, aurten, beharbada, Munduko Kopan parte hartu ahalko nuen azken urtea izango zen, baina, orain, ez noa erabakitzera datorren urtean zer egingo dudan. Honek egunok ahalik eta hobetoen igaro, eta bestelako gauza txikiekin gozatzea erabaki dut; presarik gabe.
Pertsona oso positiboa zara. Alderdi onik ere aurkituko zenion egoera honi.
Gauza txikiak baloratzen eta gauzak patxadaz egiten ikasteko balioko digula uste dut honek guztiak. Lehen garrantzi handia ematen genion gauzek zelako garrantzi gutxi duten konturatuko gara orain. Txarretik onena ateratzeko prozesu horretan, osasun krisi honetatik ere gauza positibo asko irtengo direla uste dut. Batez ere, gizarte moduan zenbat gauza hobetu daitezkeen ikusiko da, eta ikusiko da ezinezkoak ziruditen egoerak ere, orain posible direla. Beste alde batetik, orain ikusiko dira egin diren beste akats askoren ondorioak ere.
Zer gomendio emango zenioke jendeari?
Ahal den neurrian, ahalik eta aktiboen egoten ahalegintzeko gomendatuko nion; arinago edo beranduago amaituko da egoera hau. Batzuek, beharbada, euren lanbidea izango dute kolokan, eta horiei guztiei animo pila bat bidali nahi nizkieke aurrera egiteko. Animo asko bidali nahi dizkiet baita ere gaixorik daudenei, osasun arloan lanean ari direnei, eta, zelan ez, egunotan etxe guztietan irten gabe asko sufritzen ari diren umeei.