Ikastolen Elkarteak jakinarazi du Ibilaldia, Herri Hurrats eta Arana Euskaraz ez dituztela udaberrian egingo
Beste data batzuetara atzeratzea aztertuko dutela esan dute.
Ikastolen Elkarteak Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz udaberrian ez egitea erabaki du, eta data berriak aztertzen ari direla jakitera eman dute elkartearen arduradunek: “Baina ez dira bertan behera geratuko. Guretzako jai hauek oso garrantzitsuak dira. Ikastolen Elkartea, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileekin batera, aztertzen ari gara Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak beste data batzuetara eramatea. Konplikatua da, udazkena bitartera baikoaz, eta orduan ere beste bi jai baitauzkagu ikastolok. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu”.
Saminez hartu dute erabakia, baina euren esatenetan, ez zuten beste irtenbiderik: “Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea”.
Uneotan beste lehentasun handi batzuk dituztela diote, gizateria eta gizarte mailakoak, eta gogoratu dute larrialdi egoera global hau amaitu bitartean, ezingo dela ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik.
Guztiei eskerrak eman dizkiete, eta adierazi dute guztiak aintzat hartuko dituztela udaberriko jai hauek beste data batzuetara, eta, agian, beste formatu batzuetara eramango dituztela zehaztu dute: “Ezin ditugu ahaztu, hiru jai hauek udaberrian ospatu zitezen lanean buru belarri aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesleak… Esperantza dugu gozatzerik izango ez dugun udaberri honen amaieran arnasa hartu eta berriro ere kaleez, plazez, mendiez, basoez, hondartzez, itsasoaz gozatzeko aukera izango dugula libertate osoan. Gure kasuan, desiratzen gaude, askatasun berri horretan gure poza zuekin partekatzeko, gure jaiak zuei eskaintzeko, elkar ikusi eta besarkatzeko”.