Biotz Sakratuko egoiliarren senideek salatu dute nagusiak baimen barik mugitu dituztela
Busturiko Arrotegi egoitzara mugitu dituzte, eta Mundakara bueltatuko diren ziurtasunik ez dutela esan dute familiakoek
Mundakako Biotz Sakratua nagusien egoitzako familia talde batek salatu du hango egoiliarrak baimenik barik mugitu dituztela Busturra. Arrotegi egoitzara lekualdatu dituzte Mundakako Biotz Sakratuan zeuden 23 pertsonak, eta egun batetik bestera hartutako erabakia izan dela kritikatu dute. Izena eman nahi ez duen senide batek azaldu du salaketa familia talde batek egin duela, eta kezka agertu dutela beraien senideekin zer gertatuko den ez dakitelako. “Inork ez digu azalpenik eman. Ez dakigu zergatik lekualdatu dituzte eta, ez dakigu ezta ere Mundakara bueltatzeko aukerarik izango duten”, esan dute.
23 dira Biotz Sakratutik Arrotegira eraman dituzten nagusiak. Hasiera batean zabaldu zuten Mundakako egoitza hori COVID-19 birusarekin kutsatutako nagusiak hartzeko egokitu behar zuela Bizkaiko Foru Aldundiak, baina familiek salatu dute ez dela horrela izan: “Txurdinagako Biginetxe asistentzia-zentruko pazienteak mugitu dituzte Mundakara, menpekotasuna duten pertsonak, alegia”. Kontzertatua, baina pribatua da Mundakako Biotz Sakratua, eta berau kudeatzen duen enpresak (GSR taldea) ere ez die ezer ziurra esan familiei. “Ez dakite koronabirusaren mehatxua igaro ostean gure nagusiak Mundakara bueltatu ahalko diren”, kritikatu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere ipini dira harremanetan, salaketa egiteko. “Kontzertatua izan arren, zentroa pribatua da, eta gure nagusiak ez daude aldundiaren menpe. Hala ere, guri inork ez digu baimenik eskatu gure senideak lekuz aldatzeko”, kexu dira.
Gune bakar batean. Busturiko Arrotegi egoitzan dituzten baldintzak ere kezka sortu du familia talde horretan. “Arrotegin birusarekin kutsatu direnen kasuak eman dira, eta han zeuden nagusiak isolatuta daude, euren logeletan. Gure senidentzako gune bat egokitu dute, apartekoa, baina den-dena leku bakareran egin behar dute”. Hala, beraien osasunagatik ere arduratuta daudela adierazi dute. Gainera, gela partekatu behar dutela esan dute, eta arropak kutxatan dituztela, armairuetan lekurik ez dutelako. “Mundakan bakoitzak bere logela zuen, eta jatekoa ere sukaldariek egiten zituzten. Orain catering enpresa batek eramaten du jatekoa, eta gure nagusi batzuk jan ere ez dute egiten”.
Lekuz aldatzea, eta dena bapatean egin izana, nagusiengan eragina izan duela azpimarratu dute. Esan dutenez, Arrotegiko zaintzaileekin hitz egiteko aukera izan dute, eta beraien nagusiak “triste” daudela jakinarazi diete.