Aurreko asteko joera aldatuz, ZIUetako egoera egonkortu dela eta ospitalizazioen kopuruak behera egin duela esan dute
Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 128 positibo daude Busturialdean: Bermeon 64, Gernika-Lumon 34, Mundakan 10, Busturian 6, Elantxoben 4, Arratzun eta Ibarrangelun bina eta Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan bana.
Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek COVID19aren datuen berri emateko eguneroko prentsaurrekoan azpimarratu duenez, ikuspuntu epidemiologikotik, “egonkortze egoera” batean gaude. Aurreko asteko joera aldatuz, ZIUetako egoera “egonkortu” dela eta ospitalizazioen “kopuruak behera” egin duela esan du. Eta beste egun batez, handitu egin da alta jaso eta osatu diren pertsonen kopurua. Atzo, 257 pertsonek jaso zuten ospitaleko alta. Gaurdaino, 2.809 pertsona dira alta jasotakoak edota errekuperatuta daudenak.
Gogora ekarri du kutsatuen kopurua hazi egin dela, baina proben kopuruak ere nabarmen gora egin duen heinean. Atzo proba gehien egindako eguna izan zela zehaztu du, 1.576 burutu zituzten. “Guztira, 19.627 proba egin dira”. Azpimarratu du atzo egindakoen %32ak eman zuela positibo. “Dudarik gabe, hildakoen kopuru altuak jarraitzen du izaten mundu mailako pandemia honen alderdirik ilunena”.
Sanchezek kontu handiz jardun eta erne jarraitzeko garaia dela gogora ekarri du.
DATU EGUNERATUAK:
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 7.827 pertsonak eman dute positibo, eta horietatik 1.841 daude ospitaleetan ingresatuta. Hildakoak, berriz, 444 euskal herritar dira.
Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 128 positibo daude Busturialdean: Bermeon 64, Gernika-Lumon 34, Mundakan 10, Busturian 6, Elantxoben 4, Arratzun eta Ibarrangelun bina eta Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Kortezubin , Morgan eta Sukarrietan bana.
Ikuspegi “positiboa”. Iñigo Urkullu Lehendakaria Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Babes Zibileko Planeko aholku batzordeagaz batu da gaur, eta, “zuhurtzia osoz eta faktore objektiboetan oinarrituta“, agerian utzi du Bizkai, Araba eta Gipuzkoa lehen aldiz aurkitzen direla ikuspegi positiboari eusteko aukera ematen duten datuekin: “Euskadi lehen aldiz aurkitzen da ikuspegi positiboari eusteko aukera ematen duten datuekin. Nolanahi ere, ez dugu guardia jaisten”.
Hala ere, lehendakariak kezka-gune nagusietako bi azpimarratu ditu: Osakidetzako langileak eta adinekoen egoitzei arreta eta jarraipena. Kolektibo horiek babesteari begira, jarduera-ildo nagusiak aipatu ditu.
Lehendakariak, gainera, erakundeen arteko lankidetza eta foru-aldundien eta udalen ekarpena balion jarri ditu. “Elkarlana da gure indargune nagusietako bat. Norabide berean egin dezagun arraun. Hori egiteak indar eta abiadura handiagoa ematen digu krisi hau gainditzeko ibilbidean”, adierazi du.