Osasun krisiagatik 10.974 langabe gehiago egon dira martxoan
Azken hilean sektore guztietan egin du gora langabeziak, baina batez ere ostalaritzan, janarien eta edarien banaketan eta merkatari txikietan.
Gaur goizean azaldu dutenez, Covid-19 pandemiaren eraginak agerian dira, lehenengoz, EAEko lan merkatuan.
Borja Belandia Lanbideko zuzendariak azaldu duenez, langabezia datuen barruen ez dira sartzen aldi baterako erregulazioan daudenak, langile horiek teknikoki ez daudelako langabezian. Atzora arte, 140.000 pertsonei kontratua aldi baterako eteteko eskaerak jaso zituen Lanbidek. Horiei Lanbiden erregistratutako langabezia zerrendan izena eman duten 10.974 horiek gehitu behar zaizkie. Hala, martxoaren amaieran 128.213 langabe zeuden Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
Belandiaren arabera, azken hilean sektore guztietan egin du gora langabeziak, baina batez ere ostalaritzan, janarien eta edarien banaketan, eta merkatari txikietan. Jarduera bakar batean handitu da enplegua, zaharren egoitzetan eta antzekoetan; horietako askotan kanpoko langileak kontratatu behar izan dituzte gaixotu direnak edo berrogeialdian jarri direnak estaltzeko.
Langabeziak gora egin du hiru luraldeetan: 5.793 gehiago Bizkaian, 3.072 gehiago Gipuzkoan eta 2.109 gehiago Araban. Generoei erreparatuz, krisiaren eragina gizonen artean da nabariagoa (% 11,85), emakumeen artean baino (% 7,43).
Gaur goizean esan dutenez egungo krisiaren eragina martxoaren 12an hasi zen nabaritzen. Ordura arte, joera positiboa zen: “Egoera hau gertatu izan ez balitz, 2.000 langabe gutxiagorekin amaituko genukeen hilabetea”.