Egin eta eman, denak ondo babesteko
Osasun arloko profesionalentzat zein herritarrentzat babesteko materialak egiten ari dira norbanakoak, Lanbide Heziketako zentroak eta zenbait enpresa.
Koronabirusaren tsunamiagaz batera, elkartasun uholdea ere heldu da. Norbanako, talde zein enpresa asko musutruk euren ekarpena egiten ari dira Euskal Herriko txoko askotan, eta Busturialdeko herrietan ere hainbat adibide daude.
Esaterako, Barrutialdeko Lanbide Heziketako irakasleak babes pantailetarako diademak ekoizten ari dira 3D inprimagailuekin. Gernika-Lumoko Udalaren bitartez, Busturialdeko osasun zentroetara, udaletxeetako garbiketa langileentzat eta oro har, beharrizana duten lekuetara bideratuko dituzte. “Udalak kudeatuko ditu; jaso eta banatuk. Hemen ere behar dituzte; pila bat falta zaizkie eta gure ekoizpena Busturialdeko beharraren arabera banatuko dute”, azaldu du Jon Apeztegia Barrutialdeko irakasleak.
Martxoaren 23an hasi eta aurreko barikura arte, baina, zuzenean Osakidetzara bideratu zuten materiala. Hain zuzen ere, Tknikaren (Ikerketa Zentroa Euskadiko Lanbide Heziketan) ekimenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LHko zentroak koordinatuta aritu ziren lanean aurreko astean: “Barikuan Tknikatik email bat heldu zitzaigun esanez enpresa handiak astelehenetik aurrera maskara pila bat inprimitzen hasiko direla, eta beraz, gureak inguruko egoitza eta osasun zentroetara bideratzeko. Enpresa horietan ekoiztutakoa Osakidetzara bideratuko dute zuzenean, eta Osakidetzak erabakiko du nola banatu”.
Lurralde bakoitzak erreferentziazko zentro bat edauka, eta Bizkaian Bilboko Emilio Campuzano Lanbide Heziketako zentroa da. “Diseinua eginda bidali ziguten zentroetara eta guk inprimaketa lana egin dugu. Orain ere gauza bera egiten jarraitzen dugu. Kudeaketa edo koordinazioa da aldatu dena”.
Zentro bakoitzak arduradun bat dauka, eta Apeztegia da Barrutialdekoa. Telegramen taldeak osatu dute zeregin berean ari direnen artean. Talde bat kudeaketarako dute eta beste talde bat arazo teknikoentzat: “Hezkuntzan erabiltzen diren inprimagailuak dira eta arazoak ematen dituztenean, eta etxean gaudenez, arazoei aurre egitea konplikatuagoa da”. Telegrameko taldean makina hauetan adituak daudenez, edozer gauza edo arazo edukiz gero, euren laguntza daukate.
Azaldu duenez, makina hauek ez dira %100 zehatzak: “Gertatu ahal da bisera bat ondo inprimatzea eta hurrengoa txarto ateratzea. Hasieran arazo tenikoak eman dituzte, baina suposatzen dugu orain erritmoa hartuta gehiago inprimatu ahalko ditugula. Ordu t’erdi bat behar da bat inprimatzeko. Jendea ari da apurka-apurka parametroak aldatzen eta abiadura ematen; probak egiten eta denbora murrizten. Batek komentatu zigun 40-50 minututan ateratzea lortu zuela”. Ahalik eta denbora gutxienean egitea lortzea dute helburu, ekoizpena handiagoa izateko, baina, beti ere, produktua ondo ateratzea da helburu nagusia.
Paperezko zein kotoizko maskarak
Maskarak musutruk egiten ari direnak ere asko dira, bakarka zein familia edo lagun taldeetan. Horietako bat da Busturian bizi den Eli Iturraspe bermeotarra. Busturiko elkarlaguntza sareko boluntarioa da, eta eskulanak egiten trebea da. 88 eta 84 urte dauzkate haren gurasoek. Okinak baserriz baserri banatzen du Busturian ogia, eta orduan baserritik atera behar dute ogia hartzeko. Bere gurasoentzako maskarak egitea pentsatu zuen, etxean orduan zeukan materialagaz. Eskulanak egiten dituenez, ahozapi gogorrak eta politak zeuzkan etxean, eta horiekin egiten hasi zen maskarak.
Bere gurasoei egin ostean, ingurukoentzako maskarak egiten hasi zen, batez ere, adinekoentzako “eurak dituztelako arriskurik handiena”. Hala ere, boluntarioentzako ere egin ditu. Mozorro baterako erabilitako maskara bat ardatz hartuta egin ditu paperezko maskarak. Materiala amaitu arte jarraituko du lanean. Amaitzeko du, hala ere, hari elastikoa, baina amaitzerakoan gomak erabiliko dituela dio. “Ez dira profesionalak izango baina babesteko balio dute”.
Sare sozialetan bere lana erakutsi ostean, Bermeon neskatila den lagun baten deia jaso zuen: “Portuan lan egiteko maskararik ez daukatela esan zidan, eta ez dituzte aurkitzen, agortuta baitaude”. Horientzako, hala ere, oihalezkoak egin ditu, mahonezko zapiak erabili ditu horiek egiteko, modu horretan, garbitu eta berriro erabiltzeko aukera daukate.
Idoia Gabantxo diseinatzaile bermeotarra ere kotoizko maskarak egiten ibili da. Bermeoko Eroskira joan zen bera eta gurasoentzako erosketak egiten, eta neska batek esan zion soinean zeraman maskara erosi gura ziola. Harrituta dio: “Nirea eta erabilita dagoen maskara erosi gura zuen”. Egunero lanean ari diren langileak babes barik lanean zeudela konturatu zen: «Jendeak, gainera, ez du ezer errespetatzen. Joan nintzen egunean gainezka zegoen supermerkatua». Argi dauka bere maskarak ez direla homolagatuak: “Ez dira profesionalek eduki beharko lituzketen maskarak, baina babeserako ondo datoz. Erabili ondoren 60 gradu baino gehiagora garbitu behar dira”.
Hortaz, egoera ikusita lanean hasi zen, eta Eroskiko langileek badauzkate maskarak bermeotarraren lanari esker. Beasaingo zaharren egoitzatik ere eskatu dizkiote eta hara ere bidali ditu: “Ez dago maskararik, eta eguneroko lana egiteko beharrezkoak dituzte”.
Maskarak egiteko patroia Internetetik hartu zuen, ondo geratzen ez ziela eta, moldatu egin zuen patroia eta tailerrean zeukan materialetara moldatu beharra eduki zuen. Leku publikoetarako maskarak kolore neutroak dituzten ohialak erabilita egin dituela dio, hala ere, berak erabiltzen duen maskara koloreetako oihalagaz egindakoa da.