Busturialdean 114 positibo baieztatu dituzte orain arte
Orain arte 18.220 proba egin dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Atzo 1.399 egin ziren eta 10etik 3k bakarrik eman zuten positibo.
Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek COVID19aren bilakaeraren berri eman du gaur ere. Busturialdean 114 positibo baieztatu dituzte orain arte: 59 (+3) Bermeon, 29 (+1) Gernika-Lumon, 7 Mundakan (+4), 6 Busturian, 4 (+2) Elantxoben, bina Arratzun eta Ibarrangelun eta bana Ereñon, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan. Errigoiti ere kasu bategaz gehitu da Busturialdeko zerrendera.
Sanchezek esan duenez, orain arte 18.220 proba egin dituzte, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Atzo 1.399 egin ziren eta 10etik 3k bakarrik eman zuten positibo. “Aurreko asteetan positiboen ehunekoak askoz altuagoak ziren eta esan behar da gaur, beste egun batez, positiboek behera egiten jarraitzen dutela”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 479 kasu berri zenbatu dituzte azken orduotan; denetara, 7.317 pertsonak eman dute positibo, eta horietatik, 1.906 daude ospitaleetan. Gaixotasuna gainditutako herritarren kopurua ere goraka doa, 2.490 dira, eta orain arte 412 pertsona hil dira gaixotasunaren ondorioz.